Beste erailketa matxista baten berri eman dute Euskal Herrian. Basaurin (Bizkaia), 44 urteko emakume bat aurkitu zuten hilik joan den asteazkenean, etxebizitza batean. Hainbat komunikabideren arabera, andreak "ustezko ondoez" bat jasan zuelakoan artatu zuten lehenengo larrialdi-zerbitzuek, baina ezin izan zuten salbatu. Ondorengo azterketa forentsean ondorioztatu zuten posible zela emakumea norbaitek hil izana, eta horren ostean atxilotu dute biktimaren bikotekidea, 45 urteko gizonezko bat.
Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez hiru erailketa matxista atera dira argitara jada. Otsailean, emakume bat hil zuen bere bikotekideak Sarrigurenen (Iruñerria, Nafarroa), 34 sastakada sartuta. Martxoan, Zaragozan erail zuen beste emakume bat bere bikotekide ohiak, eta gerora jakinarazi zuten Irungoa (Gipuzkoa) zela biktima.