Eskuin muturrak zabaldu nahi izan dituen mezu arrazistei aurre eginez, arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako aldarriak ozen entzun dira gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ceutako egoerari lotuta, ultraeskuinak etorkinen "inbasioa" salatzeko mobilizazioak antolatu zituen gaur arratsalderako, 20:00etarako hain zuzen ere. Ordu bererako, kontramobilizazio antiarrazista batzuk zeuden deituta, Ez nahastu etsaiz lelopean: deitzaileei, ordea, aurrez debekatu zieten udaletxe-plazetara gerturatzea.
Vox, PP, UPN eta "Herriaren Mugimendu Zibikoa" (MCP) ikus zitezkeen gaurko mobilizazio arrazisten antolatzaileen artean, eta Bilbon, Iruñean, Donostian, Gasteizen, Getxon zein Tuteran elkarretaratu dira. Faxistek Espainiako Estatu osoan egin zuten irailaren 2an udaletxe-plazetan biltzeko deia, eta Hego Euskal Herriko kontzentrazio gehienak ere bertan izan dira, Gasteizen izan ezik (Andre Mari Zuriaren Plazan egin dute protesta PPkoek).
Etorkinen aurkako ehizari eta mezu arrazistei aurre
Eskuin muturraren gorroto-mezuei kontra egiteko, jende ugari bertaratu da 20:00etarako udaletxe-plazen ingurura (udaletxe-plazara bertara, Gasteizko kasuan): Areatzara Bilbon, San Frantzisko Plazara Iruñean, eta udaletxearen ondora Donostian (Getxon ere udaletxearen aurrean elkarretaratu dira antifaxistak, Faxismoari eta arrazakeriari arnasik ez! aldarritzat hartuta). Manifestariek salatu dutenez, "Ceutako egoera tamalgarria baliatuz", ultraeskuinak "arrazakeria eta etorkinen aurkako ehiza zabaldu" nahi ditu, baina horri aurre egitera deitu dute gaurkoan antifaxistek: "Ezin ditugu normalizatu ez faxismoa ez arrazakeria. Ez bata ez bestea ez dira ezeren aterabideak. Ceutako egoera ez da konponduko eskuin muturreko alderdiak agintera iritsiz gero, ezta etorkinen aurkako ehiza burutuz gero ere".
Protesten amaieran, manifestariek gogorarazi dute "tragedia humanitario" bat dela Ceutan jazotzen ari dena: "Ehundik gora pertsona hil ziren uztailaren amaierako gertakarietan, eta milaka pertsonek, horietako asko adingabeak, babes gabe jarraitzen dute". Uste dute "aterabide" bat ezinbestekoa dela hirian, eta onartezina dela "milaka pertsona kalean botata egotea, espektatibarik gabe eta erabateko ziurgabetasunean".
Ceutako egoeraren atzean dagoena
Arrazakeriaren aurkako mobilizazioetan nabarmendu dute gutxienez bi arrazoi daudela Ceutan gertatzen ari denaren atzean: batetik, "milioika pertsona migratzera bultzatzen dituen miseria-egoera", eta, bestetik, "gerra hibrido delakoa".
Migrazioa eragiten duen miseria-egoerari dagokionez, manifestariek ohartarazi dute "gosea, gerra eta miseria" dakartzala inperialismoak, eta "migratzaileen aurkako politika kriminalak" gehitzen zaizkiola horri. "Etorkinak eskubiderik gabeko subjektuak dira eta Mendebaldeak ez du ardurarik hartzen hegoalde global guztian sortu duen pobreziaren inguruan", seinalatu dute: "Gobernua eta oposizioa, biak, errudunak dira neurri berdinean".
Bestalde, "gerra hibridoari" buruz, argitu dute "Marokok eta bere aliatu diren Israelek eta AEBek presioa egin nahi dutela beraien nagusitasuna handitzeko", eta horrekin lotura duela Ceutan gertatutakoak. "Iruzurti hutsak dira Vox eta PP. Izan ere, bai Maroko, bai AEBak eta bai Israel beraien aliatuak dira. Beraiek agintean baleude, ez lukete ezer ere egingo hiru estatu kolonizatzaile horien aurka".
Aterabide baten beharra
Gaurko mobilizazio antifaxistetan defendatu dute "faxismoa eta arrazakeria borrokatzeko unea" dela. Eta gaineratu dute: "Ceutan botata dauden milaka etorkinentzako aterabide justu bat bilatzeko momentua da. Ez gara etsaiz nahastu behar: etsaiak etorkinen aurkako politika kriminalak sustatzen eta babesten dituzten horiek dira, etxebizitza merkantzia bihurtzen dutenak, langileria beraien bizilekutik botatzen dutenak, Poliziaren bitartez erreprimitzen gaituztenak, interes ekonomikoak direla-eta gerrak pizten dituztenak. Kapitalismoa borrokatu behar dugu, hori baita halako egoeren atzean dagoen sistema bidegabea". Hain justu, norabide horretan mobilizatu dira gaur, fokua etorkinen gain ipini nahi duten gorroto-mezuei kontra eginez.
Poliziaren identifikazioak protesta antifaxisten aurretik
Mobilizazioak hasi baino dezente lehenago, polizia-indarrek hartu dituzte tokian tokiko udaletxeetako inguruak. Ertzaintzak, esaterako, sekulako dispositibo polizialak ezarri ditu Donostian, Bilbon nahiz Gasteizen. Bilbon, protesta antifaxista hasi aurretik, 20 bat lagun identifikatu dituzte ertzainek, haietako hainbati miaketak eginez; eta Iruñean, Espainiako Poliziak jende ugari identifikatu du Alde Zaharrean barrena, mobilizazioaren aurretik kasu horretan ere.