ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/14 13:01

Iruñerriko (Nafarroa) Txantrea auzoan manifestazio bat izan zen larunbat arratsaldean, faxismoaren eta joera erreakzionarioen gorakadaren aurka antolatzera dei eginez. Txantreako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatu zuen mobilizazioa, Faxismoaren aurrean gazte langileok lehen lerrora! lelopean.

GKSren esanetan, "kapitalismoaren aurpegirik gordinena bizitzen" ari gara azken urteotan: enpresari handien irabaziek gora egiten dute, eta langileen orotariko baldintzek, aldiz, "okerrera egiten dute modu bizkorrean". "Proletarizazio-prozesu horri", gaineratu zutenez, "joera erreakzionarioen gorakada gehitu" zaio, eta krisi garaian "biolentziak forma bortitzagoa hartzen du langile-klaseko subjektibitate zaurgarrienen kontra, baina baita langile-mugimenduaren kontra ere".

Arrazakeria, matxismoa, pobreen kriminalizazioa, kontrol soziala eta abar luze bat dira horren adibide, GKSren esanetan, eta uste du joera horiek "burgesiaren eta langile-klasearen goi-estratuek beren pribilegioak arriskuan ikusten" dituztelako ari direla gailentzen. Testuinguru horretan, "faxismoa eta eskuin muturra dira indarra hartzen ari direnak, eta gero eta gehiago normalizatzen ari da haien presentzia", GKSko kideen hitzetan.

Zentzu horretan, azken hilabeteetan ikusi dira horren hainbat erakusle, Iruñerrian bertan zenbait kasutan: "propaganda faxista, Lo que no te cuentan de Pamplona talde erreakzionarioaren zabalpena, kontzentrazio faxista bat udaletxe aurrean", edo baita "masa-komunikabideetan eta sare sozialetan diskurtso erreakzionarioek duten oihartzuna handitu izana" ere.

Faxistei aurre egiteko deia

Egoera horretan, "ezkerreko alderdiek egoerari aterabidea emateko duten borondate falta eta ezintasuna" agerian daudela nabarmendu zuen GKSk. Baina, kontrara, "sektore kolpatuenen kontrako jarrerak hedatzen ari direla ikusi eta beste alde batera begiratzeko bezain odolgalduak" ez direla aldarrikatu zuten gazte-antolakundeko kideek: "Nork egingo die aurre gure kaleak hartzen ari diren faxistei, langileok ez bagara?".

Larunbateko mobilizazioa, borrokaren abiapuntu bat

"Zabaltzen ari diren joera faxista, matxista, arrazista eta abarrei aurre egiteko, gaur hemen mobilizatzen egotea ez da nahikoa", ohartarazi zuten larunbatean. Faxismoari biderik ez uzteko, beharrezkotzat jo zuten langileriak "antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea" eta "iraultza sozialistaren aldeko apustu argia egitea". GKSko kideek esan zuten "gorakada erreakzionarioaren aurkako borroka, mundu-ikuskera komunistaren aldekoa bezala, lehentasunezkoa" dela, eta auzoko mobilizazioa "aurrerapauso txiki bat" zela bide luze horretan. Gerraren eta faxismoaren aurrean, urtarrilaren 25ean mobilizatzeko deia ere egin zuten Txantreako kideek.

NO HAY COMENTARIOS