Ir al contenido
ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda

Hego Euskal Herrian gutxienez 150.000 etxebizitza daude jabe handien esku, erabilera turistikora bideratuta edo hutsik

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitzaren erabilera espekulatibo eta ez-sozialari buruzko datuak bildu ditu, jabe handien eskuetan, erabilera turistikoetara bideratuta eta hutsik dauden etxeen kalkulutik abiatuta. Antolakundeak salatu du etxebizitza-politika instituzionalek espekulazioari eta errentismoari eusten dietela, eta espekulatzaileen espropiazioa zein etxebizitzak behar sozialen arabera antolatzeko beharra aldarrikatu ditu.
2026eko azaroaren 6 - 10:56
Hego Euskal Herrian gutxienez 150.000 etxebizitza daude jabe handien esku, erabilera turistikora bideratuta edo hutsik
Etxebizitza-sindikatuen mobilizazioa Bilbon, urriaren hasieran.

ACTUALIDAD

Etxejabe handien jabetzei dagokienez, EAEko Etxebizitza Departamentuak legebiltzarkide batzuen eskaeraren ondorioz 2023an emandako datuen arabera, bost etxebizitza edo gehiago dituzten 1.765 etxejabe pribatu zeuden orduan erkidegoan, guztira 22.325 etxebizitza dituztenak. Horietatik 1.413 etxejabek bost eta bederatzi etxebizitza artean dituzte, eta beste 352 etxejabek hamar etxebizitza edo gehiago. Batez besteko 12,65 etxebizitza lituzke etxejabe handi horietako bakoitzak. Lurraldekako banaketari dagokionez, 920 etxejabe handi Bizkaian daude, 498 Gipuzkoan, 265 Araban eta 82 EAEtik kanpokoak dira. Etxejabe horien nortasunari buruzko datu publikorik ez du eskaintzen, ordea, Eusko Jaurlaritzak.

Nafarroan, Etxebizitza Departamentuak 2026ko otsailean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egindako informazio eskaera publiko bati emandako erantzunaren arabera, Etxejabe Handien Erregistroan 255 etxejabe pribatu ageri dira, 6.270 etxe inguru dituztenak: batez bestean, 24,6 etxebizitza jabe bakoitzeko. Horien artean, 135 partikularrak lirateke eta 122 enpresak, eta Adania (970 etxe jabetzan), Blackstone (507), Proginsa (360), Errotabidea (340) eta Catella (326) nabarmentzen dira. Hala ere, Nafarroako Gobernuak berak emandako datuetan aitortzen du erregistroa osatu gabe dagoela: erakundearen arabera, katastroko datuak kontuan hartuz pertsona juridikoen artean inskribatu zitezkeenen %51,1 soilik ageri dira erregistroan, eta pertsona fisikoen artean %13,6. Hurrenez hurren, 233 enpresa eta 1.035 partikular egon beharko lirateke erregistroan, Nafarroako Gobernuaren zenbatespenaren arabera.

Nafarroako datu osatugabeetatik abiatuta etxebizitza-sindikatuak egindako "estimazio zuhur" baten arabera, 20.000 etxebizitzatik gertu leudeke etxejabe handien kontrolpean Nafarroa Garaian. Erregistroan falta diren etxejabeak guztira 1.011 lirateke, eta izena emanda daudenek dituzten etxeen batez bestekoa 24,59koa da. Bata bider bestea eginez, aise gaindituko lirateke 20.000 etxebizitzak. Zenbatespena egiteko beste modu bat hamar etxe baino gehiago eta bost-bederatzi etxe bitartean dituztenen arteko bereizketa egitea da, EAEn datu horiek eskura daudenez gero horiek estrapolatu daitezkeelako. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, erregistroan egon beharko liratekeen 1.268 etxejabeetatik 308k hamar etxe baino gehiago ditu jabetzan, eta 960k bost-bederatzi etxe bitartean. EAEn, hamar etxebizitza baino gehiago dituztenen batez bestekoa 36,4 etxekoa da, eta bost-bederatzi etxe dituztenena 6,7. Kalkulu hori eginez, 17.642 etxe egongo lirateke etxejabe handi pribatuen esku Nafarroan. EAEkoak batuz, 40.000 etxe Hego Euskal Herrian.

40.000 etxebizitzen estimazioa, beraz, "zuhurra" dela nabarmendu du sindikatuak. "Izan ere, ez dakigu EAEko datuak osatuak diren, behin baino gehiagotan errepikatu baitute ez dagoela etxejabe handien benetako erregistrorik, eta beraz horietako batzuk identifikatu gabe egongo baitira". Bestalde, higiezin-jabetzen kontzentraziorako joeran jarri du arreta, urtez urte etxejabe handien eskuetan pilatzen diren etxeak haziz baitoaz: "Espainiako Estatuan, 2008tik 2025era etxebizitza baten jabe diren pertsonak %22 gutxitu dira, bi-bost etxebizitzaren jabe direnak %22 areagotu dira, sei-hamar etxebizitzaren jabe direnak %52 areagotu dira, eta hamar etxe baino gehiago jabetzan dituztenak %354 areagotu dira".

Alokairu-kontratuen erregistroak

Alokairu-merkatuan ofizialki erregistratutako etxebizitzei dagokienez, EAEko zein Nafarroako gobernuek eskainitako datu publikoek alokairuan bost etxe edo gehiago dituzten jabeak zenbat izan daitezkeen ezagutzeko aukera ematen dute. EAEko Alokairu Kontratuen Erregistroan 6.602 etxebizitza ageri dira etxejabe handi pribatuen esku. Erregistroan dauden 150.898 kontratuak kontuan hartuta, etxejabe handien kontratuek %4,38ko ehunekoa osatzen dute. Enpresen artean, Adania da alokairuko etxebizitza gehien dituen etxejabea, 484 etxebizitzarekin; ondoren Blackstone (182), Inmobiliaria Vascongada (172), CaixaBank (171) eta Azora (157) daude.

Nafarroan, bertako Alokairu Kontratuen Erregistroko datuen arabera, 300 bat etxejabe handi pribatuk 3.283 etxebizitza dituzte alokairuan erregistratuta. Erregistroko 20.113 kontratuak aintzat hartuta, etxejabe handien kontratuek %16,32 osatzen dute. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, errentatzaile nagusiak Adania (154 etxebizitza alokairuan), CaixaBank (174), Blackstone (141) eta Global Pantelaria (118) dira.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, ordea, datu horiek tentuz hartzeko beharra azpimarratu du, "agerikoa baita datu horiek zeharo osatugabeak direla". Adibidetzat jarri dituzte Blackstone eta Adaniaren kasuak. Blackstonek Donostiako Bentaberrin soilik 500 etxe baino gehiago zituen alokairuan datuak eskuratu ziren unean, eta Iruñerrian 450 baino gehiago. Hala ere, EAEko eta Nafarroako erregistro ofizialetan 182 eta 141 etxe ageri dira alokatuta, hurrenez hurren: "Nola azal daiteke alde hori?". Adaniari erreparatuta, soilik Nafarroan ia 1.000 etxe ditu jabetzan enpresa bere filialak ere kontuan hartuta, eta 154 ageri dira kontratuen erregistroan. "Argi dago askoz etxe gehiago dituela Adaniak alokairuan, eta bestela, azaldu beharko dute zertara bideratzen dituzten beste 800 etxe horiek", diote sindikatutik.

Bestalde, seinalatu dute erregistro ofizialek ez dutela "alokairu-merkatuaren ikuspegi osatua eskaintzen". Nafarroan, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, alokairuan bizi diren etxebizitzen kopurua 33.000 eta 45.000 artean zenbatesten da, eta erregistro ofizialean 20.000 kontratu inguru soilik ageri ziren datuak eskuratu ziren unean. EAEko datuei dagokienez ere, etxejabe handien esku dauden etxebizitzen eta alokairuan erregistratutakoen arteko aldea nabarmena da. "Etxejabe handi horiek alokairuan dituzten etxeetako asko ez dituzte ofizialki deklaratzen, edo etxe asko eta asko ez dira alokairura bideratzen, beste erabilera espekulatibo batzuetara edo hutsik mantentzera baizik", azaldu du sindikatuak.

102.648 etxebizitza hutsik eta 7.000 etxebizitza turistiko

Etxebizitza hutsen kopuruari dagokionez, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuko datuak hartu ditu erreferentzia gisa. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, Hego Euskal Herrian 102.648 etxebizitza huts daude: 69.692 EAEn eta 32.856 Nafarroan. EAEko etxebizitza-parkearen %6,48 dira, eta Nafarroakoaren %9,92. Sindikatuak azpimarratu du datu horiek etxebizitzen kontsumo elektrikoa neurtzen dutela, eta etxebizitza hutsen kopurua kalkulatzeko iturri fidagarrienetakoak direla. Bestalde, Denis Itxasok berriki emandako datuen arabera, EAEn 25.000 etxebizitza huts inguru eskari altuko eremuetan leudeke, eta 11.000-12.000 artean hiru hiriburuetan.

Etxebizitza turistikoen inguruan, INEren 2026ko maiatzeko estatistika esperimentalak Hego Euskal Herrian 6.629 etxebizitza turistiko zenbatzen ditu: 5.072 EAEn eta 1.557 Nafarroan. Kolektiboak ohartarazi du, ordea, maiatzeko datuek ez dutela "udako denboraldian egoten diren etxe turistikoen bolumena islatzen", eta 2024an eman zirela azkenekoz abuztuari zegozkion datuak, Hego Euskal Herrian 7.611 etxebizitza turistiko zeudelarik. "Eskaintza aldakorra da, beraz, eta urtean zehar ohiko alokairura bideratutako etxe asko erabilera turistikora bideratzen dira udan". Horiez gain, hotelak, aterpetxeak eta pentsioak kontuan hartuz gero, gutxienez beste 1.500 eraikin eta bizitoki-baliabide erabilera turistikoetara bideratuta daude, EAE eta Nafarroako datu irekien atariek adierazten dutenez.

"Etxejabe handien esku dauden etxeak, hutsik daudenak eta erabilera turistikora bideratzen direnak batzen baditugu, 150.000 etxe baino gehiago ateratzen zaizkigu; Hego Euskal Herriko etxebizitza parkearen %10 baino gehiago", ondorioztatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Instituzio publikoen rola eta espropiazioa

Antolakundeak salatu duenez, etxebizitza parkearen zati handi bat erabilera espekulatiboetara bideratuta dagoen bitartean, alderdi politiko instituzionalek "ogi-apurrak" besterik ez dituzte iragartzen, "beti errentismoa eta espekulazioa finantzatzearen bidez eskaintzen direnak, gainera". Horren adibide gisa, sindikatuak aipatu du Denis Itxasok EAEn 70.000 etxebizitza huts dauden testuinguruan 7.500 lokal komertzial etxebizitza bihur daitezen egindako proposamena.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Blackstoneri Bentaberriko etxeengatik 100 milioi euro ordaintzearen inguruan, eta Nafarroako Gobernuak CaixaBanki 2 milioi eurorengatik 27 etxe erosi izanari buruz, sindikatuak salatu du hori "espekulatzaileei berriz ere diru publikoa oparitzea" dela. Horren ordez, "espekulatzaileei ordainik gabe espropiatu" behar zaiela aldarrikatu du.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez, etxebizitzaren arazoaren konponbidea ezin da egon espekulazioaren eta errentismoaren interesak bermatzearen menpe, eta gaineratu duenez, "150.000 etxe baino gehiago etxejabe handien negoziora edo funtzio ez-sozial zein espekulatiboetara bideratuta daude Hego Euskal Herrian". Horren aurrean, etxebizitza eskubide bermatua izateko egiturazko eraldaketak defendatu ditu: "Espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitzak behar sozialen arabera planifikatzea".