Ir al contenido
ACTUALIDAD / Sindicalismo

Greban jarraitzen dute Asteasuko Siemens Gamesako langileek

Adegiren egoitza nagusiaren aurrean protesta egin dute aste honetan, 40 autok osatutako karabana batean mugituz. Enpresako zuzendaritzak Espainiako Estatuko hitzarmen-esparru orokor bat aplikatu nahi du 2027ko urtarriletik aurrera, eta urriaz geroztik, greba mugagabean ari dira Asteasuko langileak.
2026eko azaroaren 7 - 08:03
Greban jarraitzen dute Asteasuko Siemens Gamesako langileek
— ARGAZKIA Tolosaldeko Ataria

ACTUALIDAD

Joan den asteazkenean, Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesako beharginek protesta egin zuten Adegi Gipuzkoako enpresarien elkargoaren egoitza nagusiaren aurrean, Donostian. Hara, 40 autok osatutako karabana eginez mugitu ziren, eta langileek Adegiri eskatu zioten Siemens Gamesako zuzendaritzari adierazi diezaiola bere jarrera aldatu behar duela.

Joan den urriaren 19an ekin zioten greba mugagabeari langileek. Izan ere, enpresako zuzendaritzak Espainiako Estatu osoan hitzarmen-esparru orokor bat aplikatu nahi du 2027ko urtarriletik aurrera. Hala, aldaketa horrek lan-baldintzak nabarmen okerragotuko lituzkeela salatu dute grebalariek, eta muzin egingo liekeela hitzarmen propio bat izateko sektorean eta lurraldean "historikoki bizitako borroka" guztiei. 180 langile dira Asteasun, eta uneotan aldi baterako enplegu-erregulazio (ABEE) egoeran daude.

Hainbatetan izan da albiste enpresa hori: hala nola, kaleratze masibo bat iragarri zuen orain bi urte. Bestela ere, zenbait egoitza ditu Siemens Gamesak Euskal Herrian barrena, eta azken urteotan borrokaldiak piztu dituzte Agoizko eta Sarrigurengo (Nafarroa) lantokietako beharginek, Asteasukoenaz gain.