ACTUALIDAD / Fascismo

Sarah Knafo faxistaren presentzia gaitzetsi dute Miarritzen

Atzo, 'Reconquête' alderdi faxistako lehendakariordeak eta eurodiputatuak haren liburu berria aurkeztu zuen Julio Verne hotelean, baina dozenaka lagunek adierazi zioten ez zela ongi etorria, "faxistak eta arrazistak Biarritzetik at" garrasipean.
2026eko urriaren 29 - 13:10
Sarah Knafo faxistaren presentzia gaitzetsi dute Miarritzen

ACTUALIDAD

Atzo, asteazkena, Sarah Knafo Reconquête (Birkonkista) eskuin muturreko alderdiko lehendakariordea eta eurodiputatua Miarritzen (Lapurdi) izan zen, berriki argitaratu duen Le casse du siècle (Mendeko eskandalua) liburua aurkezten. Hori dela eta, dozenaka lagun Julio Verne hotelaren aurrean elkarretaratu ziren, diputatu faxista ongi etorria ez zela adierazteko.

Liburuan, Knafok Frantziako Estatuko fiskalitatearen inguruko ideia konspirazionista batzuk azaltzen ditu, ostera bere alderdiko programa ekonomikoa justifikatzeko. Eskuin muturreko alderdiko beste hainbat ordezkari bertaratu ziren liburuaren aurkezpenera, hala nola Valérie Taieb eta Pascal Lessellier. Bertrand Testard-Laberdoulive ere bertan izan zen, UDR Errepublikarako Eskubidearen Batasuneko ordezkaria. Antolatzaileen arabera, ehunka lagun hurbildu ziren Knaforen ekimenera.

Knaforen aurkako deialdian zehar, presentzia poliziala handia izan zen, eta hoteleko sarbide nagusia blokeatu zuten, hainbat auto eta furgoneta bertan ezarrita. Era berean, militarrak ere bertaratu ziren, eta antifaxisten aurrean jarri. Hala, elkarretaratzeak iraun artean "Faxistak kanpora", "Faxistak eta arrazistak Biarritzetik at" edo "Zemmour, Knafo, pétainiste et collabo" ("Zemmour, Knafo, petainistak eta kolaborazionistak") oihuak izan ziren nagusi.

Reconquête alderdi politikoa 2021ean aurkeztu zuen Eric Zemmour kazetari eta polemistak. Orduz geroztik, Islamaren aurkako gorrotoa zabaldu dute eta etorkinak krisi ekonomikoaren erantzuletzat jo dituzte maiz alderdi faxistatik, baita horientzat deportazioak galdegin ere. Horrez gain, industria militarrean inbetsioak handitzeko eskakizuna egin du Reconquêtek sarritan, NATOtik irtetearen aldeko mezuak noiz edo noiz zabaldu arren.