ACTUALIDAD
Bost egun geratzen dira etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorrerako, eta auzoz auzo nahiz hezigunez hezigune greba antolatzen eta astintze-lanetan ibili ostean, azaroaren 11n ikastetxeak eta lantegiak hustu eta kaleak hartzeko unea dela aldarrikatu dute Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS). Etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak hainbat manifestazio orokor egingo dituzte eguerdian, Hego Euskal Herriko hiriburuetan batik bat, eta horietara batzeko zenbait zutabe antolatu dituzte GKSk eta IASk, "greba-eguna eta mobilizazioak indartzeko asmoz".
Goizean izango dira gazte eta ikasle langileen zutabeak, Bilbon, Gasteizen eta Donostian: Emantzipatzeko eskubidea bermatzeko, sozialismoaren alde borrokara batu! hartu dute lelotzat. 10:30ean abiatuko da Gasteizko zutabea Arabako Diputaziotik; 10:45ean Bilbokoa, Plaza Eliptikotik; eta 11:00etan Donostiakoa, Ibaetako campusetik.
"Etxebizitzaren negozioaren eta gazteon emantzipazio ezintasunaren aurrean arduradunak seinalatu, neurriak exijitu eta borrokara batzeko unea da; espekulatzaileen aurka, alderdi politiko konplizeen aurka eta etxebizitza eskubide bermatuaren alde", seinalatu dute bi antolakundeek.
