ACTUALIDAD
Agerraldi bat egin dute gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hainbat antolakunde politikok, Iruñeko campusean gertatutako azken eraso faxistak salatzeko eta propaganda faxistaren presentzia gaitzesteko. "Unibertsitatean bi hilabete eskas daramatzagun honetan, propaganda erreakzionarioak eta eraso faxistek presentzia nabaria hartu dute, eta talde faxistak unibertsitatean antolatzeko egiten ari diren saiakerak ikusten ari gara".
Berriki gertatutako eraso baten berri eman dute prentsaurrekoan, hain zuzen ere: "Antolakunde faxistekin harremana duen ikasle batek irakasle bati eraso egin dio fisikoki". Aurreko astean, campusean elkarretaratze bat egin zuen Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), beste eraso bat salatzeko: duela gutxi, langile bati eraso dio faxista batek.
Horrekin batera, gaurko agerraldian batu diren kolektiboek ohartarazi dute "propaganda arrazista eta espainolista" ikusten ari direla unibertsitatean; eta gainera, "unibertsitatean antolatzen garen ikasleak eta gure taldeen lan politikoa etengabe dela erasotua". Adibidez, "Euskara Taldekoek oihu euskarafoboak eta propaganda kentzeko mehatxuak" jasan dituzte, eta propaganda kendu diete horren ondoren.
Faxismoaren gorakada eta NUPen erantzukizuna
"Faxismoa eta ideia zein jarrera erreakzionarioak gizarte mailan hedatzen eta normalizatzen ari dira", prentsaurrekoan seinalatu dutenez, eta nabarmendu dute "unibertsitatea ez dagoela joera sozial horretatik salbu". Horrekin batera, NUPen erantzukizunari eman diote azpimarra: "Gertakarien larritasuna ikusita, ezin da onartu unibertsitateak, beste behin ere, beste alde batera begiratzea erabaki izana, faxistei unibertsitatean inpunitate osoz ibiltzen utziz. Ezinbestekoa dugu daukan ardura mahaigaineratzea eta erakutsi duen arduragabekeria salatzea".
Eta zehaztu dute: "Unibertsitateak ezikusiarena egin du irakasle baten aurkako eraso faxista bat izan edo propaganda erreakzionarioa agertu denean. Unibertsitateak ez dauka gaitasunik joera sozial errekazionario horiei buelta emateko, baina kasu honetan ez du borondaterik ere izan gertakari horiek salatu eta horien aurrean neurriak hartzeko. Beste alde batera begiratuz, konplize bihurtu eta jarrera horiek normalizatzea da lortzen ari dena".
Faxismoari aurre egiteko deia
Horren kontra, ikasleek esan dute ez diotela "faxismoari biderik utziko"; eta "faxismoaren zabalpenaren eta NUPen arduragabekeriaren aurrean", beharrezkotzat jo dute "faxismoaren adierazpen orori irmoki erantzungo dion ikasle-mugimendu antifaxista indartsu eta zabala egituratzea". "NUPeko ikasle, irakasle, talde eta norbanako orok ezinbestekoa dugu faxismoaren aurka agertu eta antolatzea eta, aurrerantzean, eraso orori irmoki erantzuna ematea", gaineratu dute.