Ir al contenido
ACTUALIDAD / Azaroak 11: greba orokorra

70 mobilizazio baino gehiago izango dira Euskal Herrian azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde

Sei manifestazio nagusi antolatu dituzte eguerdirako hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran. Arratsaldean, berriz, 70 herritan baino gehiagotan izango dira mobilizazioak, eta espekulazioaren eta errentismoaren aurkako greba-egunarekin bat egitera deitu dute etxebizitza-sindikatuek, gehiengo sindikalak eta herri-mugimenduko hamaika kolektibok.
2026eko azaroaren 6 - 07:37
70 mobilizazio baino gehiago izango dira Euskal Herrian azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde

ACTUALIDAD

Euskal Herriko etxebizitza-sindikatuek, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek) eta herri-mugimenduko hainbat taldek 70 mobilizazio baino gehiago deitu dituzte Euskal Herri osoan, azaroaren 11ko greba-egunerako. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan baino gehiagotan izango dira manifestazioak arratsaldean, eta atzo horiek aurkezteko agerraldiak egin zituzten deitzaileek Bilbon eta Iruñean. Eguerdian, berriz, sei mobilizazio nagusi izango dira hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran, lehenago aurreratu zuten modura.

Etxebizitza-krisiak okerrera egiten jarraitzen du Euskal Herrian, atzoko prentsaurrekoetan azaldu zutenez: prezioen etengabeko igoera, bizitoki modura erabiltzen ez diren etxebizitzen areagotzea, etxegabetzeen gorakada eta etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideen murrizketa aipatu zituzten adibide modura. "Bien bitartean, espekulatzaileek eta errentatzaileek inoizko etekin handienak pilatzen dituzte oinarrizko behar baten kontura. Errealitate horrek desberdintasun sozialak areagotzen ditu, pobrezia, ziurgabetasuna eta eskubideen galera hedatuz", seinalatu zuten.

Horiek horrela, espekulatzaileak, errentatzaileak eta etxebizitza negozio bihurtu duten bestelako eragileak jo zituzten egoeraren erantzule nagusitzat. Hala ere, espekulazioa ahalbidetzen eta sustatzen duten baldintza legal eta ekonomikoak sortzen dituztenen erantzukizun politikoa ere salatu zuten; eta eskuineko alderdien politikak ez ezik, errentismoari eusten dioten eta jabeen zein espekulatzaileen etekinak babesten dituzten gobernuen politikak gaitzetsi zituzten.

Tokiko gobernuen erantzukizuna

"Euskal Herrian, konplizitate instituzional hori Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta foru-aldundien etxebizitza-politiketan islatzen da", kritikatu zuten: "Erakunde horiek etxejabeentzako abalak eta onura fiskalak sustatzen dituzte; alokairurako laguntzak konponbidetzat aurkezten dituzte, azkenean errentisten poltsikoetara iristen diren arren; eta, batez ere, eraikuntza-enpresen eta higiezinen sektoreko enpresen etekinak handitzeko balio duten eraikuntza-ziklo berriak bultzatzen dituzte". Era berean, udalek etxegabetzeak baimentzen edo gauzatzen jarraitzen dutela ere salatu zuten, kaltetutako pertsonei bizitzeko alternatibarik bermatu gabe.

Hiru aldarrikapen nagusiak

Egoera horren aurrean, "neurri partzialak eta promesa instituzionalak" ez direla nahikoa deritzote. Osasuna edo hezkuntza bezala, etxebizitza "eskubide unibertsal gisa bermatu" behar dela aldarrikatzen dute, eta horretarako ezinbestekoa dela espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzea. Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorraren erdigunean hiru aldarrikapen nagusi kokatu dituzte: espekulatzaileen esku pilatutako etxebizitzak desjabetzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea eta etxebizitza zein haren baliabideak gizartearen beharren arabera antolatzea, merkatuaren logikaren ordez.

Deitzaileen esanetan, arazoaren egiturazko dimentsioa agerian uzteko, egoera horretatik etekina ateratzen dutenak seinalatzeko eta benetako eraldaketak lortzeko balio behar du greba orokorrak. Beraz, Euskal Herriko langile guztiak deitu dituzte grebarekin bat egin, lantokiak hustu eta goizeko zein arratsaldeko mobilizazioetan parte har dezaten.