ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/05 10:14

Maiatzaren 16an, teorian, estatu sionistarantz doazen itsasontziek Espainiako Estatuko portuetan atrakatzea debekatu zuen gobernuak. Sionistentzako material militarrez betetako AEBetako hainbat itsasontzi Algecirasko portutik pasatu dira, halere. Eta ez dira gutxi izan, Progressive International eta Palestinian Youth Movement antolakundeen arabera, maiatza eta iraila artean bakarrik, armak zituzten 25 itsasontzi igaro baitira Cadizetik, Israelgo Estatura iritsi baino lehen.

Osotara, hornidura militarreko 1.185 bidalketa identifikatu dituzte ikertzaileek; 13.000 tona, alegia. Genozidioa hornitzeko material andana igaro da, hortaz, Algecirastik: plaka blindatuak (203), ibilgailu blindatuak (57), motorrak, ibilgailu eta aireontzien piezak, hegazkinen pneumatikoak, jaurtigailuak eta bestelakoak bidali dizkiete handik sionistei.

Ikertzaileen esanetan, Espainiako Gobernuak arma-blokeo bat jarri zion ustez Israelgo Estatuari, baina ez du inola ere bete. Are gehiago, ia astero porturatu dira Espainiako Estatuan AEBek armaz betetako ontziak, estatu sionistara bidean eskala egiteko.

Maiatzean bertan eskatu zuen Human Rights Watch erakundeak itsasontzi horietako bat, behintzat, iker zezatela, kargamentu militarra zeraman edo ez ikusteko. Antza denez, estatu sionistarentzako armak garraiatu zituen Maerskl azpiegitura-enpresaren itsasontzi horrek.

Bidalketa guztiak Israelgo Estatuaren Defentsa Ministerioak erregistratu zituen

Maiatza eta iraila artean Algecirasko portutik igaro ziren bidalketa guztiek zuten lotura sionistekin, Israelgo Estatuko Defentsa Ministerioak erregistratu baitzituen mugimenduak, elDiario.es egunkariaren arabera. AEBetako Interglobal Forwarding Services (IFS) enpresaren merkataritza-helbidea zeramaten bidalketek, eta Jerseyko konpainiak sionistentzat egiten du lan besteak beste, G&B Packing Company garraio-enpresarekin batera.

IFS enpresa, gainera, espezializatuta dago "atzerriko salmenta militarrean eta defentsa kontratuetan", bai eta armen inportazio zein esportazioetan ere. 2014an sionistek Gazako Zerrendan egindako ofentsiban ere, antzeko funtzioa bete zuen enpresak. Izan ere, AEBetatik Israelgo Estatura egindako bidalketen informazioa estali zuen, armagintza- eta garraio-enpresak babesteko asmoz. Bidalketen dokumentazioa, kargen fakturazioa eta bestelako informazioa biltzen zuten agiriek ez zuten jatorrizko enpresen izenik islatzen, IFS baizik.

Azaroaren 9an eta 15ean, beste bi itsasontzi 

Algecirasko portutik Maersk Denver itsasontzia igaroko da azaroaren 9an, eta Maersk Seletar ontziak azaroaren 15ean egingo du eskala bertan, itxuraz. Itsasontziek armak garraiatuko dituzten edo ez aurkitzeko datuak ditu portuak, aipatutako ikertzaileek salatu dutenez: "Bi itsasontziek Israelgo Defentsa Ministerioaren izenean IFSren karga ote duten determinatu dezakete".

NO HAY COMENTARIOS