ACTUALIDAD / Palestina

Fiskaltzak Sidenorren aurkako auzia artxibatzea eskatu du

Eskakizuna egiteko, Manuela Fernandez fiskalak esan du urte osoan zehar "ezin izan dela" erakutsi Sidenorrek Israelera egindako mugimenduek indarrean dagoen estatuen defentsarako materiala esportatzeko legedia urratu duenik. Apirilean, mediku palestinar baten adierazpenak baliogabetu zituzten.
2026eko irailaren 21 - 22:02
Fiskaltzak Sidenorren aurkako auzia artxibatzea eskatu du
Sidenorreko zuzendari Jose Antonio Jainaga, ezkerrean, Espainiako Garraio ministro Oscar Puenterekin. — ARGAZKIA Sidenor

Fiskaltzak Sidenor enpresako hiru zuzendarien aurkako auzia artxibatzea eskatu du. 2025eko uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Arabako metalgintza-sektoreko enpresaren inguruko auzi bat ireki zuen, artean Israel Military Industries (IMSI) konpainiari milaka tona altzairu saltzeagatik, armak ekoizteko zela jakinda. Denbora honetan guztian zehar, ikerketapean egon da Jose Antonio Jainaga konpainiako presidentea.

Orain, urte luze beranduago, Manuela Fernandez fiskalak zera alegatu du: urte osoan zehar "ezin izan dela" erakutsi ea Sidenorrek Israelera egindako mugimenduek indarrean dagoen estatuen defentsarako materiala esportatzeko legedia urratu ote zuten, eta, beraz, ea kontrabando-deliturik egin den ala ez. Arrazoiketa berdina izan da "erabilera-balio bikoitzeko" materialaren salerosketak arautzen dituen legediari dagokionez; alegia, aplikazio "zibilak" nahiz "militarrak" (armen ekoizpena, batik bat) izan ditzaketen altzairuzko materialei dagokienez. Horretarako, txosten bat aurkeztu du Fernandezek. Izan ere, bertan adierazten denaren arabera, Sidenorrek esportatutako milaka tona altzairu horiek ez dira ageri defentsarako materiala edo erabilera-balio bikoitzeko materiala erregistratzen duten ezein txostenetan. Are, aipatu txostenak xedatzen du "ezin dela frogatu" material horrek zein aplikazio izan dituen behin herrialdetik irten denean. Biak ala biak xedapen harrigarriak dira, Francisco de Jorge epaileak adierazi eran, enpresaburuek derrigorrez baitzekiten eroslea nor zen eta zein den haren jarduna; bai eta, Palestinako genozidioa larriagotuta, Gazako edo beste edonongo palestinarren aurka erabil zitekeela altzairu hori.

Dena dela, aipaturikoak ez dira auzi honetan polemika piztu duten mugimendu bakarrak, tamalez. Hain zuzen, hautsak harrotu zituen Sidenor kontrabando-delituagatik bakarrik epaituko zutela argitara ateratzeak. Izan ere, hori da apiriletik Sidenorri behin-behinean egozten zaion delitu bakarra; fiskal horrek lortu baitzuen Refaat Alathamna mediku palestinarraren adierazpenak baliogabetzea eta hasierako "genozidioagatiko" eta "gizateriaren aurkako delituengatiko" akusazioak baztertzea. Era horretan, akusazio partikularra erretiratzea lortu zuten. Hori gutxi ez, eta otsailean Basauriko (Bizkaia) bulegoetan egindako miaketak ere baliogabetu zituzten aldi berean.