Atzo arratsaldean, ostegunez, dozenaka lagun elkartu ziren Baionako (Lapurdi) Herriko Etxearen aurrean, Herriko Kontseiluaren bilkura egin zuten bitartean. Hain zuzen, Sionismoaren Normalizazioari EZ! Palestinaren aldeko borroken kriminalizazioari EZ! lelopean, elkarretaratzeko deia zabaldu zuen Iparraldea Palestinarekin sareak.
Protestan zehar egindako adierazpenetan, sareko kideek uztailaren 23ko udal-kontseiluan Palestinaren aldeko kolektiboek eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) jasandako kriminalizazioa salatu zuten. Izan ere, hiriko bestetatik, Baionako Herriko Kontseiluan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek bat egin dute Palestinaren aldeko borroka kriminalizatzearekin, "antisionismoa" "antisemitismoarekin" parekatuz, eta horrelako mezuak "elkarbizitzaren aurkako gorroto-mezuak" direla adieraziz.
Hori ez zen izan Palestinaren aldeko kolektiboek herriko bestetan zehar udal-kontseiluarengandik jaso zuten eraso bakarra. Izan ere, agintaritzek udal-zerbitzuei zera agindu zieten, jaien hasieran: palestinarren erresistentziaren aldeko, inperialismoaren eta sionismoaren kontrako, baita faxismoaren nahiz sexismoaren aurkako banderolak kentzea. Hori gutxi ez, eta beste hainbat errepresio kasuz aritu ziren atzoko mobilizazioan: "Ostiralean, Polizia Poternara agertu zen, bertan iraganen baitzen Palestinaren aldeko sostengu argazki bat. Poliziak hainbat argazki hartu zituen, parte-hartzaileei presio eginez eta haiek izuaraziz". Horrez gain, Patxondo peñak elkartasun osoz palestinar kufijak saltzea erabaki zuenean, Max Brisson Les Républicains alderdiko senatariak egindako adierazpenak salatu zituzten. Izan ere, Brissonek "palestinismoa" estigmatizatu eta bestetan zapiak saltzea seinalatu zuen eskuin muturreko ildoko CNEWS katean.
Haatik, erabaki horiek hainbat albo-kalte dituztela azpimarratu zuten. Batetik, horrelako borrokak despolitizatzen eta desitxuratzen dituztela, borrokek jarraipena izatea oztopatuz. Bestetik, palestinarren askatasunerako aukera bakarra ezkutatzen dutela ere adierazi zuten; Israelgo Estatu zapaltzailearen desegitea, alegia. Are, "ortzimuga hori kriminalizatuz, hautetsiak palestinarren zapalkuntzaren konplize egiten dira", nabarmendu zuten.
Hori dela eta, Baiona Palestinarekin kolektiboaren udako adierazpenok ekarri zituzten gogora: "Estatu genozida desegin behar da, garbiketa etnikoan, genozidioan, espantsionismoan, eta apartheidean oinarritutako estatua ez delako onargarria. Israel Destroy erratea, Palestinako lurretan eta ingurukoetan bizi diren herritarren arteko bizikidetzaren alde egitea da. Horretarako, ordea, Israelgo estatu-aparatuak eta sionismoa desegin behar dira". Uztaileko komunikatu berean, gainera, Israelen krimenak juduei leporatzea "akats larritzat" jo zuen taldeak, baita erakunde sionistaren gizatasun falta nabarmendu ere, azken bi urteotako jardun militarra oroitarazita.
Arestian aipaturikoagatik, beraz, borrokarako deia luzatu zuten: "Segi dezagun sionismo genozidarekiko konplizitate oro salatzen, datozen tokitik datozela. Segi dezagun Palestinari buruz mintzatzen, eta palestinarrekin elkartasunez ekiten, haiei hitza ematen, eta haien erresistentzia sostengatzen. Ibaitik itsasora, Palestina libre!".