ACTUALIDAD / Defensa de la tierra

"220 orri baino gehiagoko ikerketa, kontrolak, matrikulak, janzkera eta abar; eromena izan da"

AHTaren aurkako borrokak 33 urte daramatza. Euskal Y-an lanen erdia egina dela kalkulatzen da, Nafarroako zatian aldiz, %90 falta da. Duela gutxi pintaketa bat egiteagatik epaiketa izan zuten bi kidek eta berriro ere margoketa bera egin zuten prentsaren aurrean AHTaren aurkako ekintzaileek. Nafarroa Gelditu!-ko kideak dira Enea eta Julio, eta AHTaren proiektua eta horren aurkako borroka zertan den azaldu digute.
2026eko urriaren 21 - 05:00
"220 orri baino gehiagoko ikerketa, kontrolak, matrikulak, janzkera eta abar; eromena izan da"
Julio eta Enea.

Lehenik eta behin, azal zeniezagukete zein fasetan dauden gaur egun AHTaren lanak Nafarroan?

Enea: 2011n hasi ziren eraikitzen eta badira tarte batzuk oinarrizko plataforma amaitua dutenak, adibidez, Castejonetik Tafallaraino, eta beste batzuk eraikitzen ari direnak, adibidez, Castejonetik ebro gaineko zubi bidera edo Tafalla-Campanaseko tartea. Uda honetan esleitu dute Campanas eta Iruñea arteko eraikuntza idazteko proiektua, eta proiektu informatiboa atera zuten Iruñerria-Altsasu tarterako. Abuztu amaieran esan dute amaitu dituztela Euskal Y-arekin lotura nondik egingo duten erabakitzeko zundaketak omen zirenak; hiru bakarrik egin dituzte. Bestalde, AHTaren geltokiaren eraikuntzako proiektua banatu egin dute AHTaren eraikuntzatik, ikusten zutelako atzeratzen ari zela. Geltokiaren inguruko eraikuntza-proiektu espekulatibo hori gobernuaren onarpenaren zain dago.

Julio: Nik azpimarratuko nuke 2008ko krisialdiak jotako proiektua dela hau. Hori dela eta, eraikuntza-proiektua askoz mantsoago joan izan da, eta urte batzuetan erabat geldirik egon da. Gaur egun bizirik badago, Covid osteko Next Generation funtsei esker da; 300 milioi euro jaso zuten. Azken urteetan, abiada hartu dute lanek horri esker, baina bestela, nahiko krisian zegoen proiektua.

Horrekin kezkatuta zeuden enpresariak eta horregatik sortu dute AHTaren aldeko plataforma. 2010etik gaur egunera arte, oso abiada motelean doaz lanak. Nafarroako korridorea egiteko %90 inguru faltako da. Inposatu nahi digute jada egina dagoelako ideia, ez duela atzerabueltarik, baina hori gezurra da. Euskal Y-an %50 egitea falta da oraindik. Nahiz eta azpiegitura oso aurreratua izan, oraindik gainegitura falta da, geltokiak falta dira, eta lur azpitik egin behar dutenez, sekulako dirutza izango da. Bergarako lotunea ere falta da; konplexutasun handiko lanak dira, Udalaitz mendiaren barru-barrutik egiten ari direlako.

"Inposatu nahi digute jada egina dagoelako ideia, ez duela atzerabueltarik, baina hori gezurra da"

Azkenaldian AHTaren aurkako desobedientzia eta salaketa ekintzak izan dira, eta errepresioa ere jasan duzue. Nola dago AHTren aurkako mugimendua?

J: Joan den ikasturtean kanpaina bat egin genuen AHTaren aldeko plataforma osatzen duten enpresak seinalatuz eta salatuz. AHTren aurkako desobedientzia aldarrikatzen duen Mugitu mugimenduak pintaketa batzuk egin zituen, eta horren harira epaiketa bat izan genuen irailean; delitu arina da, ez da kalterik ere. Baina azpimarragarria da nolako ikerketa abiatu duten: 220 orri baino gehiagoko ikerketa, kontrolak, matrikulak, janzkera eta abar; eromena izan da.

Gure ustez horren oinarrian badago kriminalizazio-kanpaina bat. Zeren hori guztia ez baita normala horrelako margoketa bategatik. Beraz, posible da hemendik aurrera izan litezkeen auzi errepresiboak agian handiagoak izatea. Epaiketaren egunean berriz egin zen ekintza bera, oraingo honetan, egun argiz eta prentsa aurrean zegoela. Horrekin adierazi nahi genuen salaketa-ekintza bat dela, guztiz publikoa, ez dugula beldurrik, eta desobedientziarako deia egiten dugula.

E: Ohikoa da AHTaren aurkako borroka kriminalizatzen saiatzea. Nahiko blindatuta duten proiektu bat da, eta haien jokatzeko modua da orokorrean. Baina AHTa, bereziki, bai ala bai aurrera eraman nahi duten proiektu bat da. Beraien logika da adostasun erabatekoarekin egiten ari diren proiektu bat dela, eta guk auzitan jartzen dugu hori.


Esan dugu 30 urte baino gehiago dauzkan borroka bat dela AHTaren aurkakoa. Urte hauetako guztietako borroka-prozesuaren zein balorazio egiten duzue?

E: Nik uste dut positiboa dela: proiektu honek dauzkan kontraesanak azpimarratu dira hasieratik, informazioa atera, esaten zituzten gezurrak agerian utzi... Kostata egiten zaio aurre horrelako babes instituzionala, propaganda eta desgastea eragiten dituen proiektu bati, baina hainbeste urtez aurkakotasuna antolatzen egon izana oso garrantzitsua da. Eta azaleratzea proiektu horrek lurra suntsitzen duten beste proiektu batzuekin daukan lotura, eta nola sustatzen dituen beste borrokak ere. Urte batzuetan indartsuago eta beste batzuetan ahulago egon da borroka, baina balantzea positiboa da.

"Kostata egiten zaio aurre horrelako babes instituzionala, propaganda eta desgastea eragiten dituen proiektu bati, baina hainbeste urtez aurkakotasuna antolatzen egon izana oso garrantzitsua da"

J: 33 urte daramatzagu. Agian, lurraren alde egindako borrokarik luzeena izango da historikoki, eta badugu kemenik aurrera segitzeko. Noski, ezin dugu ezkutatu etsipena eragitea lortu dutela, gehienbat Euskal Y-an azpiegitura-lanak nahiko aurreratuta daudelako, baina ordaindik Nafarroan itxaropenerako tartea handia da. Gaur egun bizi dugun krisi ekosozial gordin honetan, gure mezua guztiz funtsezkoa da: lurrik gabe ez dago etorkizunik. Lurra ez badugu defendatzen, akabo. Akabo klase-borroka, akabo dena. Guk azpimarratu nahi dugu, hain zuzen ere, bi mezu horiek elkarri lotuta daudela: lurraren aldeko borroka batetik, eta bestetik, langilegoaren bizi-baldintzen aldekoa.

Gero eta prekarizazio handiagoa eta gero eta bizi-baldintza okerragoak dauzkagu. Orain adibidez ikusten ari gara etxebizitzaren auziarekin, baina ez da etxebizitza bakarrik. Halako eraikuntza handietan xahutzen den dirua ez da inbertitzen herri langilearen eskubideak indartzen eta bizi-baldintzak hobetzen. AHTa kapitalismoaren ikur distiratsu bat da: "Zenbat eta gehiago ekoiztu, zenbat eta azkarrago, orduan eta loriatsuagoak proiektua eta etorkizuna". Bere garaian proiektu hau aukeratu genuen, baina milaka daude zoritxarrez. Beti ikusi izan dugu AHTak islatzen duela kapitalismo basati honen izaera gordina. Bide horretatik, uste dugu lurraren defentsa eta gizarte justuago baten aldeko mezua indartzen segitu behar dugula.

"Beti ikusi izan dugu AHTak islatzen duela kapitalismo basati honen izaera gordina. Bide horretatik, uste dugu lurraren defentsa eta gizarte justuago baten aldeko mezua indartzen segitu behar dugula"

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa seinalatu izan duzue. Zein izaten ari da enpresen rola? Eta alderdiena? Zein dira seinalatu beharreko erantzuleak?

J: Badakigu neoliberalismoan zer garrantzia duten enpresek, eta are gehiago gaur egun mundu mailan dauden enpresa internazionalek, inbertsio-funtsek, eta abar. Azkenean, klase politikoa txotxongilo bat da euren esku. Ez da ahaztu behar Espainiako Estatuan dagoen eraikuntza-enpresa lobbya dela munduko handienetako bat. Denok ezagutzen ditugu Ferrovial edo Entrecanales. Enpresa horiek punta-puntakoak dira mundu mailan eta horiek dira nolabait estatu mailan AHTa sustatu dutenak. Jada 60.000 milioi euro xahutu dituzte Espainiako Estatuan; Euskal Y-an jada 9.000 milioi euro, eta Nafarroan beste 600.000. Enpresari horiek dira AHTaren mafia, beren txotxongiloak mugitzen dituztenak.

Azken urte hauetan Nafarroako enpresariak nahiko urduri daude haiek nahi baino askoz motelago doalako proiektua, eta horregatik sortu zuten AHTaren aldeko plataforma. Plataforma horretan daude Nafarroako Enpresarien Konfederazioa, Merkataritza Ganbara, eta badute Institución Futuro think tank-a ere. Hor biltzen dira buru argitsuenak, proiektu neoliberala Nafarroan sustatzeko: eta badira Ingeniarien Elkargoa eta erakunde zibilak ere, jendartearen aurrean proiektua legitimatzen dutenak. Hor dago aibidez UGT sindikatua, Osasuna futbol-kluba, Kontsumitzaileen Elkargoa edo Iratxe, izen handikoa Nafarroan. Nahiko aztoratuta daude, eta horregatik kanpaina egiten ari dira, politikariak xaxatzen.

"Nafarroako enpresariak nahiko urduri daude haiek nahi baino askoz motelago doalako proiektua, eta horregatik sortu zuten AHTaren aldeko plataforma"

Gure ustez oso garrantzitsua da hori guztia salatzea. Zeren ustelkeria kasuetan beti agertzen baitira politikari horiek. Denok ezagutzen ditugu Santos Cerdan, Koldo... Politiko ustelak dira, bai, baina zein dira usteltzaileak? Enpresariak dira. Hamaika ustelkeria afera daude, eta benetan ikusten dira politikarien eta enpresarien arteko lotura horiek.

E: Eta hori beste hainbat obra publikotan erreproduzitzen den eredua da, ohiko egiteko modu bat dena. Beren aldeko argudioetako bat da lana sortuko dutela, baina enpresa multinazional handien baturak sortzen dituzte, haiek azpikontratatzen dituzte, eta beste azpikontrata horiek azpikontratzen dituzte langileak. Horregatik, horren gaineko kontrol administratiboa hutsaren hurrengoa da. Normalean hor lan egiten duten langileak beste leku batzuetatik ekarritakoak dira, agian, beste leku batzuetako lan-baldintzetan aritzera behartuak. Lanordu oso zapaltzaileetan. Haiek badakite dinamika hori egon badagoela, baina babestu egiten dute haien elkarlan politiko-enpresarialaren barruan.

"Beren aldeko argudioetako bat da lana sortuko dutela, baina enpresa multinazional handien baturak sortzen dituzte, haiek azpikontratatzen dituzte, eta beste azpikontrata horiek azpikontratzen dituzte langileak"

Goazen berriro gogoraraztera auziaren mamia, behin eta berriz salatzen duzuena: hau da, zein ondorio dauzka AHTak?

E: Askotan aipatzen da ingurumen aldetik zer dakarren proiektuak, duen lur-okupazioagatik bakarrik. Eta gaur egun lurrari dagokionez dagoen arazoarekin gainera, hau da, lurraren artifizializazioarekin. Horrek urarengan duen eragina ere hartu behar da kontuan, hezeguneak, akuiferoak eta abar; baita biodibertsitatean duen eragina ere, ekosistemen lekua kentzen baitu. Horrez gain, hor daude hesi-efektuak ere; jada badauzkagu hainbat. 

Bestalde, aipatzekoa da horrek sustatzen duen eredua, izan ere, oso lotuta dago AHTa nekazalgintza eta abeltzaintza eredu intentsiboarekin. Horri ondorio ekonomiko eta sozialak gehitu behar zaizkio, esan bezala, aurrekontu itzela behar baita. Eta ez da bakarrik aurrekontuetatik dirutza hartzen dela: horrek dakar ez inbertitzea bestelako garraio publikoetan edo hurbileko konexioa ahalbidetzen, eta ez da inbertitzen bestelako behar sozialetan. Arrakala soziala areagotzen ari da, beste hainbat arlotan murrizketak daude, baina AHTarentzako jarraitzen du diruak egoten.

 Hiriguneen lehentasuna sustatzen du proiektuak, azkenean, geltokiak hiriburutik hiriburura baitira. Eta orduan, are gehiago alboratzen ditu landa-eremuko herriak, herrietako bizitza eta bizi-eredua. Euskal kulturarekiko ere bai, azkenean, herrien bizimodua alboratzean, bizimodu homogenizatzaileagoa eta nagusien kultura sustatzen baitira. Hau da, menpekotasuna.

"Arrakala soziala areagotzen ari da, beste hainbat arlotan murrizketak daude, baina AHTarentzako jarraitzen du diruak egoten"

J: Nik azpimarratuko nuke hau ez dela borroka ekologista bat, ez dela lau txoriren defentsa: hau klase-kontu bat da, aberaskumeek sortutako proiektu bat da euren eraikuntza-enpresen mesederako, eta bakarrik beraiek erabiliko dute. Nork behar du Madrilera edo Hanburgora joatea? Goi-mailako exekutiboak eta politikariak joaten dira. Eta nork ordaintzen du? Herri xeheak, herri langileak. Guk ordaintzen dugu, gure zergen bidez ordaintzen ditugu euren bidaiak; ordaintzen dugu makroproiektu horren mantenua ere.

Bidaiak ez dira erositako txartelen bidez ordainduko, errentagarria izateko, kalkulatzen baita 9 milioi pertsonak ibili beharko lukeela urtean, eta gaur egun errentagarritasun minimora iristen dena Madril-Bartzelona tarteko ibilbidea bakarrik da. Gainerako guztiak ordainduz joaten gara. Eta nork egiten ditu lan horiek? Guztiz prekarizatutako eta esklabizatutako langile-klaseak.

Duela bi urteko kanpainan azpimarratzen genuen hori guztia. Pertsona arrazializatu batzuekin hitz egitea lortu genuen eta kontatu ziguten zer nolako esplotazioa zegoen AHTaren eraikuntzan. Hamahiru langilek bizia galdu dute Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuan ez dago jakiterik zenbat diren hildakoak. Batzuek esaten dute 60tik goiti direla, baina pentsa daiteke askoz gehiago izango direla. Orduan, hau klase-kontu bat da, eta hori salatu behar da.

"Pertsona arrazializatu batzuekin hitz egitea lortu genuen eta kontatu ziguten zer nolako esplotazioa zegoen AHTaren eraikuntzan. Hamahiru langilek bizia galdu dute Euskal Herrian"

E: Deigarria da nola urte hauetan guztietan argudioak aldatzen joan diren. Hasieran zen: "Ahal dugulako, hemen dena posible delako, daukagun aberastasun guztiarekin nahi duguna egin dezakegulako". Gero, krisi-testuinguru hau sortu ahala, aldatzen joan dira argudioak: orain, beharrezkoa omen da berotegi-efektuko gasak murrizteko. Eta argudio guztiekin gezurretan ari dira. 

J: Azpimarratu behar da, bestalde, hasiera-hasieratik guztiz mitifikatutako proiektu bat izan dela honakoa: aurrerapena ekarriko digula eta etorkizuna dela esan ziguten. Eta gaur egun, jada, inork ez du sinesten horretan, gero eta ezkortasun gehiago baitago jendartean; gazte jendeak ez du ezer sinesten, ez baitago ezer sinesterik. Ematen zuten beste argudio bat zen "10.000 kamioi aterako dituztela errepideetatik AHTari esker", baina bai zera. Demostratua dago ezetz. Gaur egun, jada ez da politikari bakar bat ere ausartzen esatera ea noiz bukatuko duten obra. Honen aurrean, lurraren aldeko mezuak eta gure akabera dakartzaten kapitalismo eta desarrollismoaren aurkako mezuak zabaldu behar dira, kontu bereko bi hankak baitira.

"Hasiera-hasieratik guztiz mitifikatutako proiektu bat izan dela honakoa: aurrerapena ekarriko digula eta etorkizuna dela esan ziguten. Eta gaur egun, jada, inork ez du sinesten horretan"

Aurrera begira zein da zuen ikuspegia? Zein eginbehar ikusten dituzue? Eta zer egitasmo dituzue esku artean?

J: Uda honetan gure errekak lehorrak ikusi ditugu, basoak erretzen, inoizko tenperatutarik handienak, ez dagoela etorkizunik. Eta azpimarratu nahi dugu AHTak krisi ekosozialaren areagotzea dakarrela. Horretan zentratuko dugu kanpaina, eta kanpainaren bukaeran beti egiten dugu "elefante txuriaren" manifestaldia. Elefante txuria mundu mailan makroproiektu suntsitzaile, zentzugabe eta garestien aurkako nazioarteko ikurra da.

Bestalde, urte nahiko bitxia datorkigu, azaroaren 29an hauteskundeak izango baitira, eta gero, hauteskunde autonomikoak eta udaletakoak. Urte elektoralista, beraz. Bertan, AHTarekiko bere planteamendua agertuko du bakoitzak, eta gu erne egongo gara. Hori ere salatuko dugu. Horrez gain, joan den urtean AHTaren aurkako beste talde batzuekin agerraldi bat egin genuen, mota guztietako taldeekin: sindikatuak, politikoak, kulturalak, kirol mundukoak... Aurten koxka bat gora egin nahi dugu, beste inplikazio bat eskatuz eragile horiei guztiei, eta horretan ari gara beste hainbat talderekin batera.