ACTUALIDAD / Palestina

Hapoel eta Maccabi talde israeldarrak Gasteizera etorriko direla salatu du berriz Palestinarekin Elkartasunak

Azaroan eta abenduan jokatuko dute Baskoniaren aurka, baina partidak bertan behera gera daitezela eskatuz, boikotera deitu du Palestinaren aldeko plataformak.
2026eko urriaren 21 - 06:24
Hapoel eta Maccabi talde israeldarrak Gasteizera etorriko direla salatu du berriz Palestinarekin Elkartasunak

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta beste hainbat kolektibok agerraldi bat egin zuten atzo Gasteizen, Baskoniaren dendaren parean, salatzeko denboraldi honetan ere hirira bertaratuko direla Hapoel Tel Aviv eta Maccabi Tel Aviv saskibaloi-talde israeldarrak. Hain justu, azaroaren 17an eta abenduaren 4an jokatuko dute Baskoniaren aurka. Horiek horrela, beste urte batez, partida horiek bertan behera geldi daitezela exijitu du Palestinarekin Elkartasunak.


"Israelek historikoki erabili ditu kirol-ekitaldi horiek bere irudia garbitzeko eta bere krimenak normalizatzeko", salatu zuten atzo plataformatik: "Israelek nazioartean legitimatzeko eta bere proiektu genozida garatzen jarraitzea ahalbidetzen duten era guztietako harremanak eratzeko erabiltzen du kirola". Hapoelek eta Maccabik, hala, "erakunde sionistaren kirol-enbaxadore" gisa jarduten dutela ohartarazi zuten, eta harremana dutela armada israeldarrarekin. Horiek horrela, ezinbestekotzat jo zuten "berriro argi uztea ez dugula Israelekin inolako konplizitaterik onartuko". "Ezin ditugu bereizita ulertu partida horiek jokatzearen aurkako borroka eta Israelekin harreman oro eteteko borroka", gaineratu zuten.


Euroliga, Baskonia, Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala, konplize


Atzoko agerraldian, urtez urte talde israeldarrak Gasteizera normaltasun osoz etortzearen erantzuleak seinalatu zituzten: "Euroliga, parte hartzen uzteagatik. Saskibaloi-txapelketa pribatua da, eta bere bazkideek nork jokatu eta nork ez erabakitzeko ahalmena dute. Israelek Europako txapelketa batean salbuespenez parte hartzea erabaki argia da estatu sionistarekiko babesa eta konplizitatea emateko. Baskoniako taldearen zuzendaritza, jokatzeari uko egin diezaiokeelako. [...] Ez dute inolako neurririk hartu partida horiek gelditzeko. Areago, iaz erabaki zuten ateak itxita jokatzea [...]. Eusko Jaurlaritza, kirol-ekimenak bertan behera uzteko eskumena duelako. Arabako Foru Aldundia, pabiloiaren jabea. Gasteizko Udalak hiriko azpiegiturak kudeatzen ditu, ezinbestekoak horrelako partidak egiteko".


"Ezinbestekoa da antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea. Ezin dugu onartu Israel normalizatuko duen ekimenik", nabarmendu zuen atzo plataformak. "Palestinar herriarekiko elkartasunak bere erresistentzia eta Israelekin mota guztietako harremanak hausteko borroka babestea eskatzen" duela gogoraraziz, aurreratu zuen lan egingo duela Hapoelen eta Maccabiren partidak bertan behera geldi daitezen eta enbaxadore sionisten aurkako aldarriak ozen entzun daitezen.