Sébastien Lecornu lehen ministroak eta Laurent Nuñez Barne ministroak polizia-dispositibo "masiboa" iragarri dute Asanblea Nazionalean, urriaren 24rako deituta dagoen protesta-egunerako. Sentinelle operazioko militarrak hedatzea da neurri nagusia. 2015ean sortutako "terrorismoaren aurkako" misio iraunkorra da Sentinelle, eta zainketa estatikoko lanak egingo omen dituzte poliziei eta jendarmeei lan hori kentzeko eta "ordena mantentzeko". Nuñezen esanetan, doktrina berrikusi egingo da "erreaktibotasuna eta mugikortasuna" irabazteko, "azkar mugitzen diren talde sakabanatuei" aurre egiteko asmoz, Barne Ministerioarentzat benetako buruhaustea izan baitira antza. Gainera, eskatu gabeko manifestazioak debekatzea aztertzen ari da gobernua, baita eskatutako batzuk ere, "segurtasuna bermatzen ez dela" irizten baitu.
Urriaren 17ko mobilizazio-egunaren ondoren etorri da erabakia. Gobernuak emandako datuen arabera, 550.000 manifestari izan ziren egun horretan, baina 800.000 zenbatu zituzten sindikatuek. Mobilizazioen ondorengo istiluetan 2.000 atxiloketa baino gehiago izan ziren, Barne Ministerioaren balantzeak dioenez, nahiz behin-behineko zifrak soilik aipatu zituen. Parisen 855 atxiloketa egin zituzten, errekor bat, eta fiskaltzak ikerketa abiatu zuen manifestari baten "heriotzagatik". Gobernuak inteligentzia-akatsak eta hedapen "estatikoegia" aitortu zituen, eta hainbat hiritan etxeratze-aginduak ezarriz erantzun du.
Urriaren 24rako dispositiboak, militarrez gain, eliteko unitateak izango ditu, hala nola BRI, GIGN eta RAID unitateak, helikopteroak, Centaure ibilgailu blindatuak eta ur-kanoiak. Erreserbista boluntarioek eta poliziagai ikasleek laguntzea ere aurreikusten da, aurreko larunbatean izandako 60.000 agenteen kopurua gainditzeko. Ezkerreko oposizioak, La France Insoumise barne, zalantzan jarri du armadaren erabilera ordena publikoko misioetarako, baina gobernuak militarizazioa justifikatu du "urriaren 17koa bezalako kaosa ez errepikatzeko beharra" azpimarratuz.
Jaka Horien mugimenduak, sindikatuek eta ikasle-mugimenduak urriaren 24rako deialdiari eusten diote, eta beste hitzordu bat prestatzen ari dira azaroaren 5erako. Bitartean, baina, Macronen gobernua arma gehiagorekin eta eskubide gutxiagorekin erantzuten ari da.