ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The Objective
2023/01/23 09:39

Ezustekorik ez Mendebaldeko estatuen aldetik Ukrainako gerrari dagokionez. Tankeen bidalketa posiblearen polemikak hautsak harrotu dituen unean, orain arteko arma bidalketarik handiena egingo dute Ukrainara. Zehazki, Ukrainari 4.725 milioi dolarreko balioa duten laguntza militarrak ematea onartu berri dute NATO osatzen duten kide ugarik, hainbat astetan asmo horiek aditzera eman eta gero. Artilleriako piezak, ibilgailu blindatuak nahiz sistema antiaereoak helaraziko dizkiete Ukrainari.

Danimarkak, Txekiar Errepublikak, Estoniak, Letoniak, Lituaniak, Poloniak, Eslovakiak, Erresuma Batuak, Herbereek, Amerikako Estatu Batuek, Finlandiak, Kanadak zein Suediak onartu dute berriki Ukrainari laguntza militarra ematea; aurreneko bederatziek adierazpen bateratu baten bidez eman dute horren berri. AEBena izango da ekarpenik handiena, 2.500 milioi dolar gastatuko baititu Ukrainari emateko armetan. Sistema antiaereoak, munizioa, 59 Bradley infanteriako ibilgailu, 90 Stryker ibilgailu blindatu edota morteroak erosiko dituzte AEBek.

Tankeen bidalketa, zalantzan

Oraingoz, ordea, AEBek ez dute Abrams tankerik bidaliko Ukrainara. Tankeen bidalketak tirabiren iturri izaten jarraitzen du Ukrainaren eta Mendebaldeko estatuen artean. Alemaniak oraindik ez du baieztatu Leopard 2 tankeen bidalketa onartuko duenik, Ukrainak nahiz NATO osatzen duten beste estatu batzuek horretarako presioa egin arren.

Joan den ostiralean bildu zen Alemanian Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldea, baina ez zuten tankeen bidalketarik adostu. Hala ere, Ukrainari laguntza militarra ematen jarraitzea erabaki zuten, nagusiki, sistema antiaereoak erosita. Descifrando La Guerra atariaren arabera, esaterako, 1.000 milioi euroko laguntza emango dio Ukrainari Alemaniak berak, Leopard 2 tankeak ez helarazi arren.

Errusiaren erantzuna

Bitartean, armak eta zehazki tankeak eskatzen jarraitzen dute Ukrainako autoritateek. Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen armatze asmoak "probokaziotzat" jo ditu Errusiak, eta horrek guztiak gatazkaren larriagotze "arriskutsu" bat ekar dezakeela esan du. NATOk Ukrainara arma gehiago bidaltzeak "hondamendi global" bat eragingo duela adierazi du Errusiak, aurretik ere ohartarazi baitzuen Mendebaldeko estatuen asmoek "kualitatiboki" areagotu zezaketela gatazka.

Ahultasunen korrelazioa

Gerran zuzenean zein zeharka parte hartzen dutenek ustekabe ugari jasan dituzte azken hilabeteetan. Europar Batasunak (EB), esaterako, 10.300 zigor-ekintza gauzatu ditu dagoeneko Errusiaren aurka, baina ez du hango ekonomia hondoratzea lortu; alderantziz, Moskuk %28 handitu du bere energia-esportazioa. Bitartean, energiaren prezioa neurririk gabe igo da EBn, Europako mendebaldeko ekonomiak mehatxatuz.

Moskuren aldean gauzak ez doaz askoz hobeto. Errusiak Operazio Berezia deiturikoan espero zuen gerra bizkor hura ez da gauzatu, eta badirudi epe luzeko gerra gogor batean sartu dela, ez aurrera ez atzera. Gainera, Mendebaldeko herrialdeekin eraiki nahi zuen integrazio ekonomikorako bidea zapuztu diote AEBek. Hori gutxi balitz, NATOk beste 1.200 kilometrotan inguratuko du Errusia, Finlandiak eta Suediak Aliantza Atlantikoan sartzea ebatzi ostean. Azkenik, Errusiak bere inguruko zenbait herrialderekin sinatuta duen Segurtasun Kolektiboko Tratatua ahul agertu da, Bielorrusiak baino ez baitio babesa eman.

AEBek Ukrainako gerrarekin kide europarrak ekonomikoki zein politikoki kate motzean lotu dituen arren, ez dirudi Errusian erregimen aldaketarik inposatzeko gai denik. Orain arte bidali duten ekipamendu militarrarekin ukrainarrek ez dute kontraeraso handirik jotzea lortu, eta, beraz, Moskuk ez du gehiegi atzera egin.

Maniobra arriskutsuak

Aipatu testuinguruan datoz arma astunak bidaltzeko erabakiak. Mendebaldeko potentziek apustua igo dute impasse militarretik irteteko asmoz, baina apustu orok bere arriskua dakar. Duela hilabete batzuk marra gorria zirudiena gainditu zuten jada, Ukrainako Armadak erasorako hornidura militar handiagoa eta hobea izango baitu orain. Horren erabilera eraginkorrerako doktrina militarra zein entrenamendua ondo prestatzen badituzte eta hornikuntza bera denboran zehar luzatzen bada, Errusiak galera onargaitzak jasateko aukerak handituko dira, arma nuklear taktikoena bezalako eszenatoki beldurgarriagoei bide emanez.

Dena den, arma berrien erabilerak bere zailtasunak dakartza Ukrainako Armadarentzat ere. Eskala handiko prestakuntzak lau eta sei hilabete artean iraun dezake; edo gehiago, materiala herrialde desberdinetakoa dela-eta bakoitzak bere trebakuntza-programa duela jakinda. Tarte horretan Errusia operazio arrakastatsuak egiten hasten bada, posible da ukrainarrek are premia larriagoa izatea Mendebaldeko ekipamendu militarrez hornitutako unitateak sakabanatuta eta une desberdinetan frontera bidaltzeko, material aurreratuaren eraginkortasuna murriztuz.

Bestalde, jasotzear den material kopuruaren esangura ez datza Errusiako Armadarekiko, NATOko kideek orain arte bidalitakoarekiko baizik. Hau da, arma kopuru hori bere horretan ez da Errusia kolpetik garaitzeko nahikoa. Kualitatiboki, Moskuren materiala baino hobea izan daiteke zenbait aspektutan, baina ez da suntsiezina.

NO HAY COMENTARIOS