ACTUALIDAD
Herenegun, larunbatean, 7.500 pertsona baino gehiago elkartu ziren Baionan (Lapurdi) Euskal Konfederazioak antolaturiko manifestazio jendetsuan, Euskararen garaia da. Euskara, gure hautua lelopean. Bi eskakizun nagusi egin zizkioten Frantziako Estatuko Gobernuari: euskara koofiziala bilakatu dezatela, eta Ipar Euskal Herria euskalduntzeko plan integral bat osa dezatela. Hala, akordio politikoa lantzeko egin die dei Sebastien Castet Euskal Konfederazioko koordinatzaileak Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalei.
Manifestazioko lehen lerroan zenbait ordezkari instituzional abiatu baziren ere (Alain Iriart, Jean Rene Etxegarai, Peio Dufau, Colette Capdeville, etab.), ikasleek haien blokea osatu zuten, Baxoa euskaraz zioen pankartaren pean. Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere manifestazioan hartu zuen parte. Amaierako ekitaldian, euskal kulturgintzako zenbait kidek hartu zuten parte, hala nola Amets Arzallus bertsolariak eta Pantxoa eta Peio abeslariek. Ostera, Ihintz Olidenek eta Castetek berak hartu zuten hitza Euskararen Konfederazioaren izenean. Haien hitz-hartzean, "euskararekiko jarrera proaktiboaren" eta "hizkuntza eskubide bermatuen" aldeko mezuak igorri zituzten, eta "mehatxu eta intimidazio saiakeren" aurrean, ez kikiltzeko esan zieten herritarrei. Horrez gain, mezu hau bidali ziEten Euskararen Erakunde Publikoari (EPP) eta berau osatzen duten erakundeei: "Hizkuntza politikarako bide orri argia finkatu behar duzue". Era berean, "euskarari buruz inolako axolarik ez duten" horiek guztiak aipatu zituzten: "Tokiko hautetsiak, epaitegietako prokuradore eta epaileak, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak, prefeta eta suprefeta".
Orain zenbait aste euskaraz egite hutsagatik eta euskaraz ikasteko eskubidea galdegiteagatik atxiki zuten Etxepare lizeoko (Baiona) ikaslea ekarri zuen gogora Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, eta debekuen zerrenda luzea dela nabarmendu zuen: "Ezin azterketak euskaraz egin, ezin herritar gisako arreta euskaraz jaso, ezin euskaraz lan egin […]. Euskaraz bizitzeko eta, beraz, euskara bizi dadin, baldintzak behar ditugu: baldintza errealak; lege baldintzak, baldintza politikoak".
Bigarren mailako hizkuntza
"Kasu onenetan, euskara itzulpen hizkuntza izatera kondenatua da", deitoratu zuen Euskal Konfederazioak, eta "Frantziako Estatuak euskara bigarren mailako hizkuntza izatera" mugatu nahi duela. Are, uste du, bide horretan, "pixkanaka desagertzera kondenatuko" duela. Horregatik, euskarari trabak jartzea "diskriminatzailetzat" jo zuen.
Haatik, koofizialtasuna galdeginda ere, gaurko baldintzei erreparatuta epe luzerako erronka dela nabarmendu zuten larunbatean, baita "lege berdinketak dena konponduko" ez duela azpimarratu ere: "Ez du euskara desagertzeko arriskutik aterako, eta ez ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak [bere horretan] bermatuko". Hori dela eta, euskalduntzerako politika ausartagoak galdegin zituen konfederazioak: "Euskalduntze plan masibo bat behar dugu".
Frantziako Estatuko instituzioetatik haragoko mobilizazioaren beharra
Arestian aipaturikoarekin bat eginda, larunbateko mobilizaziora atxikitu zen Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, eta azaldutako aldarriak testuinguratzeko oharra plazaratu zuen larunbatean bertan. Agiri horretan, euskal hiztunen oinarrizko hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direla azpimarratzeaz gain, euskararen bizirautea norabidetzeko zenbait ekarpen egin nahi izan zituen antolakundeak.
1990eko eta 2000ko hamarkadetan Frantziako Estatuan XX. mende osoan zehar bizitako ordezkapen linguistikoa moteldu zela oroitarazi zuen Kontseilu Sozialistak, eta egoera berri hori bi aldagaik baldintzatu zutela: "Euskalgintza sozial eta politizatua, eta oro har, euskara bere egiten zuen mugimendu politiko borrokalari baten existentzia alde batetik; eta Frantziako Estatu osoan 80ko hamarkadatik goiti elkarte egituren errekonozimendu eta finantzaketa nabarmen handitzearen baitan euskalgintzak lortu zituen kontzesioak. Bi baldintza horien gainean osatu zen hiztun komunitate berritua".
Alabaina, gaur-gaurkoz bi baldintza horiek desagertu direla seinalatu zuen, eta ondorioz elkarte sare baten inguruan bizirauten duela euskarak gaur egun: "Euskal hiztun komunitate aktiboaren militantziaren eta Estatuaren finantzaketa urriaren bidez erreproduzitzen da gaur egun, euskarak bertan atzemanez partzialki funtzio formalak eta informalak betetzeko aukera". Gauzak horrela, geroz eta joera autoritarioagoak dituela Frantziako Estatuak nabarmendu zuen, eta horrek ondorio argiak dituela euskararen auzian, besteak beste, "zerbitzu publikoen eta elkarte egituren finantzaketa murrizten ari" delako. Gainera, egoera hori izanik, euskara helburu elektoraletarako baliatzeko arriskua erreala dela ohartarazi zuen, eta politikari profesionalek ez dutela gobernuarekin konfrontazio bat irekitzeko asmorik.
Hori guztia dela eta, euskararen aldeko borrokak "paradigma berri bat" behar duela aldarrikatu zuen Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak; hain zuzen, militantzian, kaleko mobilizazioan eta klase batasunean oinarrituriko bat: "Mobilizazio eredua ezin da Frantziako Estatuko egituretan presioa egitera mugatu, borroka kulturalerako, euskal hiztun eta euskaltzaleak sortzeko eta botere propioa sortzeko tresna izan behar da". Hori horrela, euskarari lehentasuna ematen jarraituko duela adierazi zuen, baita instituzioetatik kanpoko borroketan eta zirkuitu kulturaletan euskara hauspotzen jarraituko duela ere.
Honela dio agiri horren amaierak: "Euskara bere eginen duen indar politiko iraultzailea osatzeko lanean jarraituko dugu, instituzio burgesei lotua izanen ez den normalizazio eredu baten baldintza baita. Langile batasunaren bidean, diglosia borrokatzea eta kontzientzia linguistikoa klase kontzientziarekin lotzea ezinbestekoa dira. Horretarako, Euskal Estatu Sozialista helburu estrategiko beharrezkoa da, euskal langileriaren askapen erreala eta euskarak funtzio sozial guztiak trabarik gabe betetzea ahalbidetu ditzakeen heinean".