Ir al contenido
ACTUALIDAD / Educación

Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, indar militarrei gorazarre egiteko "eskatu" du Hezkuntza Ministerioak

1918ko Armistizioa "ospatzeko" jai-eguna da azaroaren 11 Frantziako Estatuan. Hala, egun horretan "Frantziaren alde" eroritakoak omentzeko eta indar militarrak goratzeko omenaldiak antola ditzatela "aholkatu" dute ikastegietako zuzendaritzek. Baionako herriko ekitaldi instituzionaletan hamahiru ikastetxetako ordezkariak egon dira, umeak barne, eta Baionako IASk gaitzespen-oharra argitaratu du.
2026eko azaroaren 16 - 12:49
Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, indar militarrei gorazarre egiteko "eskatu" du Hezkuntza Ministerioak
— ARGAZKIA Baionako Herriko Etxea

ACTUALIDAD

Duela bi aste inguru, Frantziako Estatuko Hezkuntza Ministerioak lehen hezkuntzako eta hezkuntza ertaineko ikastetxeei "gomendio" bat luzatu zien: azaroaren 11ri begira, "Frantziaren alde" eroritakoak omentzeko ekitaldiak antola zitzatela ikastegietako zuzendaritzek, indar militarrak goratzeko omenaldiak alegia. Egun hori jai-eguna da Frantzian, hain zuzen, 1918ko azaroaren 11n sinatu baitzuten armistizioa aliatuek Alemaniarekin, Mendebaldeko Frontean behin-betiko su-etena akordatzeko.

Aholkuarekin batera, omenaldiak antolatzeko gida bat luzatu zien gobernuak ikastetxeei, eta bertan jasotzen da, besteak beste, ikastetxeetako omenaldi horietara militarrak gonbidatzeko aukera. Gainera, ikasle adingabeei omenaldi horietan parte hartzea agintzeko aukera ematen du gidak bigarren hezkuntzako ikastegietan. Hori gutxi ez, eta, aurrerantzean, urteroko ekitaldi bihurtu nahi du gobernuak gorazarre militarista. Baina, dena dela, hauteskunde presidentzialistak hilabete gutxi barru egingo dituzte Frantziako Estatuan, eta ikusteke dago ea asmo hori betetzeko babes politiko nahikoa izango ote duten.

Euskal Herrian ere hainbat omenaldi egin zituzten joan den ostegunean, hilaren 11n bertan, beste hainbat lurraldetan bezala. Aipatutako "gomendioagatik", ikastetxeetako ordezkari eta ikasleek horietan hartu zuten parte; eta, Baionan (Lapurdi), gutxienez hamahiru ikastetxetako langile eta ikasleak herriko omenaldi instituzionalean parte hartu zuten. Zabaldutako irudien arabera, agintari politiko eta militarrekin batera ikusi daitezke ume eta gazteak, Marseillesa abesten. Bestela ere, omenaldi ugari egin dituzte Ipar Euskal Herriko hainbat eta hainbat ikastetxetan, eta musika ikasgaiko orduetan ereserki nazionala abestu dute haur, ume eta gazteek.

Baionako IASren gaitzespena

Baionako Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) berehala gaitzetsi du neurri berria: "Pasa den azaroaren 11 ez da egun arrunta izan Frantziako Estatuan, ezta Ipar Euskal Herrian ere". Frantziar nazionalismoa sustatzeko eta "milaka eta milaka langile erail zituen gerla" omentzeko ekitaldiak izan direla salatu du antolakundeak, eta "Mendebaldeko estatuek haien posizio inperialista mantentzeko geroz eta gehiago gerlara jo behar" dutela seinalatu.

Hori horrela, "burgesiaren interesak defendatzeko asmoz", gazte eta ikasleen agendan gerraren presentzia are eta nabarmenagoa izan daitekeela aurreikusi du, eta beste hainbat berrikuntza testuinguru horrekin lotu: esaterako, 18 eta 19 urteko gazteentzako soldaduska "boluntarioa" berrezartzea, Armadaren eta ikastetxeen arteko kolaborazioak sustatzea, eta gerra legitimatzeko eta zuritzeko omenaldiak egitea. Testuinguru horren aurka, ondorioz, mobilizatzeko eta borrokarako deia luzatu IASk: "Orain arte erakutsi bezala, burgesiaren interesen kontra borrokatzen segitu behar dugu, gure interesetara izango den hezkuntza sistema sozialista eraikitzeko bidean, dei egiten diogu ikasle orori borrokara batzera. Ez baikira haien gerletan hilko".