ACTUALIDAD
Euskal langileriak sozialismoa eta autodeterminazioa lelopean, Durangon (Bizkaia) mobilizatuko da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) abenduaren 5ean. Izan ere, bertan egindako agerraldian adierazi du ukatua izaten jarraitzen duela euskal langileriaren borondate nazionalak: "Frantziak, Espainiak eta egitura kapitalistek estatu propio bat eraikitzeko eta hainbat adierazpen nazionaletarako aukerak erreprimitzen dituzte, eta euskara bigarren mailako hizkuntza da lurralde osoan. Horren guztiaren aurrean, sozialismoaren eta autodeterminazioaren aldeko aldarria egin nahi dugu". Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Landako gunetik, eta, aurretik, gaur egungo testuingurua nola ulertzen duen azaltzeko hitzaldia egingo du antolakundeak San Antonio ikastetxean, 11:00etan.
Agerraldian nabarmendu du Euskal Herrian hamarkadetan zehar egin dela autodeterminazioaren aldarrikapena, eta salatu du konpondu gabeko arazo izaten jarraitzen duela: "Estatu kapitalistek ez daukate asmorik oinarrizko eskubide demokratiko hau baimentzeko. Bitartean, Euskal Herriko alderdi nazionalista nagusiek, EAJk eta EH Bilduk, uko egin diote autodeterminazioari, eta estatu-egituretara azpiratutako estatus nazional bat aldarrikatzen dute". Eta kritika osatu dute seinalatuz alderdi horien borondate independentista inoiz baino txikiagoa dela.
Euskara, kinka larrian
Nazio ukapenaren barruan kokatu dute euskararen egoera, eta kezkatuta egin dute hitz EHKSko kideek: "Larria da euskararen egoera. Ez du aitortza ofizialik Euskal Herriko hainbat eremutan, eta praktikan bigarren mailako hizkuntza da".
Horren adibidetzat jo dute, hain zuzen ere, kaleko erabilera beherantz joatea, eta euskararen kontrako erasoaldia ere salatu dute: "Euskara erasoaldi instituzional, mediatiko eta judiziala pairatzen ari da. Horren aurrean, euskararen eskubideak defendatu behar ditugu. Gure alea jartzen ari gara horretan, eta hala segitu behar dugu, euskara sozialismoaren eramaile izan dadin, eta haren erabilera espazio guztietara zabal dadin".
Formula zaharren agortzea
EHKSren iritziz "eskutik emanda" joan behar dute autodeterminazioak eta jendarte aske baten eraikuntzak. Azaldu du Espainiari zein Frantziari lotuta daudela Euskal Herrian burgesia zein erdi-mailako klaseko alderdiak, eta internazionalismoaren beharra azpimarratu du: "Potentzia inperialistek agintzen duten testuinguru honetan, nazioartean bestelako indar-harreman bat egituratu behar dugu autodeterminazioa posible izan dadin. Ikuspegi internazionalista txertatu behar diogu autodeterminazioaren aldeko borrokari, ezinbestean".
"Euskal Herrian langileriaren askapen-prozesua bikoitza da, bata ezin da bestea gabe ulertu: langileriaren proiektu politikoa estatu sozialistaren eraikuntza da"; horrela biribildu du adierazpena EHKSk, eta premiazkotzat jo du autodeterminazioaren aldarrikapena erdigunean jartzea eta euskararen defentsan lan egitea. Hori guztia defendatzeko egin du dei abenduaren 5ean Durangon mobilizatzeko: "Autodeterminazioaren alde, sozialismoaren alde eta euskararen defentsan mobilizatzeko deia egiten dugu".