ACTUALIDAD
11 urtez buru-belarri aritu eta 8 milioi otordu banatu ostean, bere jarduna bertan behera utzi beharko du Gipuzkoako Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE). Karatepeko (Lesbos, Grezia) errefuxiatu-kanpalekuan egon da martxan ekimen solidarioa hamarkada batez baino gehiagoz, baina Greziako Gobernuak gero eta oztopo legal gehiago ipintzen dizkiola salatu du: Europako migrazio-politiken gogortzeaz, errefuxiatuen kanpalekuetara sartzeko zailtasun gero eta handiagoez, boluntarioen kriminalizazioaz eta errelebo faltaz ere ohartarazi dute. Erakundeko kideek negar-malko artean prestatu eta banatu zituzten azken otorduak joan den astean, eta errefuxiatuen egoera gaitzetsi zuten.
"Denbora da animalien modura tratatzen dituztela", salatu zuen boluntario batek EITBko lan-taldearen aurrean, Lesbosko errefuxiatuen inguruan hitz egitean. Gaur egun, hainbat herrialdetatik migratu behar izan duten 2.000 errefuxiatu baino gehiago daude oraindik kanpalekuan, eta nazioarteko gobernuen arduragabekeriaz ohartarazi zuen Zaporeakeko beste kide batek, instituzioek beste alde batera begiratzen dutela eta ez dutela ardura euren gain hartzen seinalatuz.
Zaporeak elkarteak 2016an ekin zion lan solidarioari Quiosko irlan, eta ordutik, 2.000 boluntario inguruk parte hartu dute bertan. Euskal Herritik bideratutako milioi bat kilo elikagai prestatu eta eman dituzte azken 11 urteetan, eta Grezian eskuratutako beste 2 milioi elikagai fresko banatu dituzte. Gobernuz Kanpoko Erakundeak azaldu duenez, aurrerantzean batik bat Greziako Gobernuak bermatutako elikadura baino ez dute izango Lesbosko errefuxiatuek; Demokrazia Berria alderdi eskuindarra dago gobernuan gaur egun.