ACTUALIDAD
Asteazken honetan izango da Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta, urte honetan, Euskal Herriko bost hiriburutan eta 21 herritan antolatu ditu mobilizazioak Itaiak. Hiriburuetako deialdiei eman die azpimarra: Baionan, 19:00etarako jarri du hitzordua Jacques Portes Plazan; Bilbon, 18:30ean hasiko da manifestazioa Plaza Eliptikotik; Donostian, 18:00etan ekingo diote mobilizazioari Bulebarretik; Gasteizen, 18:30ean abiatuko dira manifestariak Andre Mari Zuriaren Plazatik; eta Iruñean, berriz, 18:30ean da hitzordua, Udalexe Plazan.
Azaroaren 25aren atarian, agerraldi bat egin dute Itaiako kideek Bilbon, eta ezinbestekotzat jo dute indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea; bai matxismoaren kontrako jarrerak kalean indar handiagoa har dezan, bai biolentzia hori bukatzeko antolakuntza politikoa zabal dadin. Beste urte batzuetan egin bezala, antolakunde sozialistak azaldu du "zapalkuntzan eta esplotazioan oinarritutako gizarte-eredua gainditu" behar dela indarkeria matxista amaitzeko, eta borroka horren "norabide sozialista" aldarrikatu du hala.
Horrekin batera, kaleko mobilizazioa bultzatzeko hautu irmo bat eginez, hiru eginkizun nabarmendu ditu: "erasoei eta erasotzaileei irmotasunez erantzutea", "indarkeria matxistaren aurkako jarrera jendartean errotu" dadin; "erasoa jasan duten emakumeen babesa bermatzea", "lehen unetik eta inolako baldintzarik gabe kalitatezko etxebizitza-babesguneak eskainiz" besteak beste; eta "matxismoari eta faxismoari aurre egitea", "emakume langileen aurkako diskurtso eta neurrien normalizazioari aurre egiteko kontzientziazio-lana eta borroka egiteko zeregina berretsiz".
Instituzioen mugak eta alderdi politikoen erabilera alderdikoia
Bestalde, Itaiak prentsaurrekoan adierazi du "emakumeen aurkako indarkeria areagotzen ari den arren, instituzio kapitalisten baitan ez dagoela matxismoa desagerrarazteko bide-orri posiblerik". Izan ere, gogorarazi du "instituzioetatik indarkeria matxista kasuak kudeatzera mugatzen" direla, "gero eta baliabide gutxiagoekin" eta emakumeen babesa bermatu gabe. Horren zenbait adibide konkretuz ohartarazi du, esaterako, erasotzaileek urruntze-aginduak egunero urratzea; emakumeak "birbiktimizatzen dituzten prozedura burokratikoak" nagusitzea; "indarkeria jasan duten emakumeei kalitatezko etxebizitza-alternatibarik ez eskaintzea", eta abar.

Bestetik, "emakumeen aldeko borrokaren instituzionalizazioak kaleak hustea eta desmobilizazioa" ekarri dituela salatu du antolakundeak. Uste du ideia matxistak hazi direla horren ondorioz, eta "eskuinaren eta ultraeskuinaren neurri atzerakoiak" gogor kritikatu ditu; tartean, "indarkeria matxista deuseztatzeko eta abortua ukatzeko erakutsitako asmoa". Neurri horiek "emakumeen eskubideetan atzerapausoak" eragingo lituzketela jakinarazi du Itaiak, hain zuzen.
Hauteskunde-testuinguru bete-betean egonda, alderdi politikoek emakumeen auzia "interes alderdikoien arabera erabiltzea" ere kritikatu du Itaiak. "Ezker instituzionalak emakumeen defentsa bere egin du eta
faxismoaren aurkako alternatiba gisa aurkeztu du bere burua, baina azken urteetako legealdietan
emakume langileen bizi-baldintzak okertu dituzte enpresarien eta oligarken mesederako, eta langile-klasearen aurkako neurri autoritarioak hartu dituzte", gaineratu du. Horren guztiaren aurka, berriz hartuko ditu kaleak Azaroaren 25 honetan, indarkeria matxistaren kontra antolatzeko deia hedatuz.