AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2022/07/05 13:22
Bete dira aurreikuspenak: Aliantza Atlantikoaren parte izango dira Suedia eta Finlandia, antza. Badirudi Turkiak, behintzat, bertan behera utziko duela haien aurkako betoa, "terrorismoaren aurkako borrokan" haiek hainbat konpromiso hartzea lortu ostean. Besteak beste, milizia kurduei babesa kentzea eta Kurdistango hainbat iheslari politiko Turkiara estraditatzen hastea —nagusiki YPGko kideak eta PKK-ko gerrillari komunistak— onartu dute herrialde eskandinaviarrek. Turkiak dagoeneko prest ditu "terroristatzat" jotzen dituen 33 lagun Suediatik eta Finlandiatik estraditatzeko eskaerak, eta baldintza horiekin onartu du bi herrialdeak NATOn sartzea.

Gaur sinatuko dute integrazio horren protokoloa Ipar Atlantikoko Kontseiluan; alegia, NATO osatzen duten 29 estatuak Bruselan biltzen dituen organoan. Aldi berean, integrazioari lotutako baldintza zehatzak negoziatuko dituzte, baina aurreikuspenen arabera, hainbat ordu baino ez dute iraungo elkarrizketa horiek, eta aurki itxiko dute prozedura osoa.

NATOk atzo baieztatu zuen adostasun batera heldu zirela Suedia eta Finlandia ere kide izan daitezen, eta berretsita geratu dela bi estatuek badituztela "konpromisoa eta gaitasuna" NATOren parte izateak dakartzan "betebeharrei eta konpromiso politiko, legal eta militarrei" heltzeko.

Mugimendu berri horrekin, eta Aliantza Atlantikoaren kidegoa handituta, iparraldera hedatzea lortu du NATOk. Itsaso Baltikoaren "estaldura ia osoa" lortu du, Errusia inguratzen jarraitzeko.
EZ DAGO IRUZKINIK