ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/15 17:12

Gazte Koordinadora Sozialistak hiru astez mobilizatzera dei egin zuen urtarrila amaieran, "osasun-hondamendia eta askatasunen ezabapenak" salatzeko. Aurreko asteburuan izan dira mobilizazio ziklo berriko azkeneko elkarretaratzeak, hain zuzen, Azpeitian (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia) eta Lizarran (Nafarroa). Jende ugari batu da protestetara oraingoan ere, eta "burgesiaren ofentsiba gelditzeko" aldarrikatu dute.

"Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" COVID-19aren pandemia "kontrolpean edukitzeko" gaitasunik ez dutela salatu eta, gainera, bankariek eta enpresaburuek "negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela" seinalatu dute berriz GKSko kideek.


Bestalde, "osasun-larrialdiari burgesiak aterabide poliziala eman" diola kritikatu dute: "Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetatik babestu nahi dutela". Ohartarazi dute, beste behin, politikari profesionalek "askatasun zibil eta politikoak ezabatzeak" "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" ezar ditzakeela.

"Antolakuntza komunista" galdegin eta "langileriaren kontrolpeko estatu sozialista" aldarrikatu dute "osasuna lehentasun bezala ezarri eta oinarrizko eskubide zein askatasunak bermatuko dituen agertoki posible bakar" gisa.


KALERA HAMASEI HERRITAN


Urtarrilaren 30ean ekin zion mobilizazio ziklo berriari GKSk eta, guztira, hamasei herritan irten dira kalera, Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu lema hartuta. Hain zuzen, iragan asteburuko mobilizazioez gain, ondoko puntuetan izan dira elkarretaratzeak aurreko asteetan: Bergaran (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa), Durangon (Bizkaia) eta Hernanin (Gipuzkoa).