AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/26 09:15

Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizaziora jotzeko hautua egin du berriz, azken asteetan azalera atera diren "osasun-hondamendia eta askatasunen ezabapenak" salatzeko. Burgesiaren ofentsiba gelditu leloari beste behin eutsita, hurrengo hiru asteburuetarako manifestazioak antolatu dituzte; hain zuzen, urtarrilaren 30erako, otsailaren 6rako, otsailaren 12rako eta otsailaren 13rako.

"Mendebaldeko estatuek pandemiari aurre egiteko duten estrategiaren hutsuneak nabarmenak" direla diote GKSko kideek, "Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" COVID-19 pandemia "kontrolpean edukitzeko" gaitasun falta erakutsi dutela seinalatuz. "Osasun-arazo bati, osasun-baliabideen horniduraz baino ezin zaiola aurre egin" aldarrikatu dute; hala, kezkaz azaldu dute "osasun-hondamendi" bat bizi dugula egun.

Horri lotuta, gainera, azpimarratu dute "krisi ekonomikoak gogor kaltetu" dituela "langileria xumearen bizitzak", eta "gogortzen" ari dela "gizarteko geruza zabalen proletarizazioa". "Gizartearen zatiketa ekonomikoa are nabarmenagoa da", GKSko kideen esanetan.

BALIABIDEAK

Bestalde, bankari eta enpresaburuen jarrera jarri du jo-puntuan GKSk, osasun-arloan "negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela" salatuz, "txertoaren komertzializazioan" kasu.

"Gizartea epidemiologikoki babesteko eta osasun-baliabideak indartzeko beharrezkoa den gasturako", ordea, "interesik ez" dutela seinalatu dute GKSko kideek: "Irabazirik sortzen ez dien gasturik egitekotan, nahiago dute puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea". "Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetatik babestu nahi dutela", gaineratu dute.

ASKATASUNAK, DEUSEZTATUTA

Osasun-baliabide falta egonkortzeaz gain, politikari profesionalek "azken hilabeteetan askatasun zibil eta politikoak ezabatu dizkigutela" gaitzetsi du GKSk, eta ohartarazi du "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" ezar ditzakeela horrek.

Hala, "salbuespen egoera politikoak" indarrean jarraitzen duela salatu du: "Frantziako Gobernua, Espainiakoa eta EAJ EAEn, gainontzeko alderdien konplizitatearekin, oinarrizko giza eskubideak (biltzeko askatasuna, mugikortasun askerako eskubidea...) ezabatzen ari dira". "Kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari", ondorioztatu dute GKSko kideek.

MOBILIZAZIOAK TOKIAN TOKI

"Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean", beraz, protestarako deia egin du GKSk. "Osasuna lehentasun bezala ezarri eta oinarrizko eskubide zein askatasunak bermatuko dituen eszenatoki posible bakarra langileriaren kontrolpeko estatu sozialista" dela adierazi du, bai eta "antolakuntza komunista" aldarrikatu ere.

Hona hemen datozen asteburuetan izango diren mobilizazioak:

  • Urtarrilak 30, larunbata: Bergara (Gipuzkoa), Tolosa (Gipuzkoa), Ordizia (Gipuzkoa) eta Lekeitio (Bizkaia).
  • Otsailak 6, larunbata: Zarautz (Gipuzkoa), Gasteiz (Araba), Iruñea (Nafarroa), Durango (Bizkaia) eta Hernani (Gipuzkoa).
  • Otsailak 12, ostirala: Lizarra (Nafarroa).
  • Otsailak 13, larunbata: Azpeitia (Gipuzkoa), Bilbo (Bizkaia), Donostia (Gipuzkoa), Irun (Gipuzkoa), Baiona (Lapurdi) eta Gernika (Bizkaia).