Ir al contenido
ACTUALIDAD / Vivienda

Soleko kanpaldia desegin du Poliziak

Ekimena progresiboki utzi dute hainbat parte-hartzailek, baina 300 lagunetik gora zeuden bertan goizaldean, Polizia espazioa husten hasi denean. JUPOLek operazioa txalotu du sare sozialetan, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak esku-hartzea justifikatu du esanez manifestatzeko eta biltzeko eskubidea ez direla "mugagabeak".
2026eko azaroaren 3 - 07:34
Soleko kanpaldia desegin du Poliziak

ACTUALIDAD

Bart goizaldean, 04:00ak aldera, Madrilgo Sol plazako kanpaldia desegin dute udaltzainek eta Espainiako Poliziak. 300 pertsonatik gora zeuden bertan une horretan, eta acampada26s kontuak sare sozialetan salatu du "bortizki" bota dituela handik Poliziak, bakoitzak bere gauzak hartzeko astirik eman gabe. Gas negar-eragilea eta borrak erabili dituzte agenteek jendea botatzeko, eta hainbat zauritu daude. Aipatutako kontutik seinalatu dutenez, "istiluen aurkako unitateek gauzatu dute polizia-operazioa, gobernuaren ordezkaritzaren agindupean".

Kanpaldiari eusten zioten pertsonek ekimena azaroaren 11ko greba orokorrera arte luzatzeko asmoa zuten. Dena den, apurka-apurka Sol plaza utzi dute azken asteetan hainbat kolektibok eta mugimenduk, greba-deialdiari begira eta protesta "auzoetara" eramango zutela esanez besteak beste. Irailaren 26an ekin zioten etxebizitza-eskubidearen aldeko kanpaldiari ehunka pertsonak, Maricarmenen etxegabetze bortitzaren ondoren; bi hilabetez baino gehiagoz luzatu da protesta-ekimena azkenean.

Erakunde polizialen poza

Goizeko 06:19an, JUPOL erakunde polizialak desalojoa ospatu du X sare sozialean, operazioan parte hartu duten agenteen lana zorionduz. "Hustea beranduegi iritsi da, eta, honezkero, badirudi interes politikoei eta arreta mediatikoa desbideratzeko beharrari erantzuten diela, esku hartzeko benetako borondateari baino gehiago". RTVEren arabera, 180 udaltzainek eta Espainiako Poliziako 220 agentek parte hartu dute desalojoan.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren justifikazioa

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak desalojoa justifikatzeko nabarmendutakoa jaso du RTVEk. Izan ere, ordezkaritzatik azaldu dute "biltzeko oinarrizko eskubideak" babesten zuela hasieratik kanpaldia, eta horregatik eskatu ziotela Madrilgo Poliziaren Buruzagitza Nagusiari ekimena egin zedila uzteko, "kontzentrazioak aldi baterako izaerari eta aldarrikapen-helburu komunari eusten zion bitartean".

Hala ere, joan den urriaren 26an, kanpatuta zeuden pertsonei idatzi bat helarazi omen zieten gobernu-ordezkaritzatik, esanez biltzeko eta manifestatzeko eskubideak ez direla "mugagabeak" eta iradokiz kanpaldiaren aurka esku hartu zezaketela. Gaineratzen zuten denbora-tarte "arrazoizko" bat eman ziotela jada ekimenari, eta hainbat kolektibok Soletik alde egin zutela jada.

Hiru egun beranduago, urriaren 29an (Pilar Trinidad izendatu zuten jada gobernu-ordezkari, Francisco Martinen ordez), bigarren idatzi bat helarazi omen zieten kanpaldikoei, ahalik eta azkarren ekimena bukatutzat emateko aginduz. Horrekin batera, desalojoa justifikatzen jarraitzeko, kanpaldian "ordena publikoa asaldatu" dutela gaineratzen zuten gobernu-ordezkaritzatik, baita kanpaldian parte hartzen ari ziren pertsonak eta bertako "ondasunak" "arriskuan" omen zeudela ere.