Ir al contenido
ACTUALIDAD / Justizia anderrentzat

Ander Saenz erail zuten udaltzainak kautelaz eten ditzatela eskatu du familiak

Agenteen aurkako kautelazko neurriak hartzea ekiditen ari da Santurtziko Udala. Udalaren azken dekretuaren aurka agertu dira Anderren senideak, eta kautelazko neurriak har daitezela exijitzeko eskaera bat aurkeztu dute udaletxean, Justizia Anderrentzat plataformaren babesean.
2026eko azaroaren 4 - 09:45
Ander Saenz erail zuten udaltzainak kautelaz eten ditzatela eskatu du familiak

ACTUALIDAD

Ander Saenzen senideek haren hilketarekin zerikusia izan dezaketen udaltzainak kautelaz eteteko eskaera aurkeztu dute Santurtziko Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta udal-gobernuak neurri horren aurka hartutako erabakiari errekurtsoa jarri diote. Izan ere, lau hilabete igaro dira Ander udaltzainen interbentzio bortitz baten ondorioz hil zela, eta bere erantzukizuna baztertzen jarraitzen du udal-gobernuak: prozesu judizial bat zabalik dagoela argudiatuta, operazioan parte hartu zuten agenteen kontrako neurriak hartzea saihestu du, esku hartzeko eskumena izan arren.

Fernando Saenzek (Anderren aita) eta Irati Agirre abokatuak Herritarren Arreta Zerbitzuaren aurrean egin dute agerraldi bat gaur goizean, Justizia Anderrentzat plataformako kide ugarik lagunduta. Prentsaren aurrean adierazpenak egin ostean, Arreta Zerbitzura sartu eta helegite eta eskaera formalak aurkeztu dituzte bertan, "justizia Anderrentzat" oihuak entzuten ziren bitartean.

Anderren erailketan inplikatutako agenteak kautelaz etetearen inguruan Santurtziko gobernu-taldeak hartutako erabakia salatu dute familiak eta abokatuak, izan ere, dekretu batean jaso du bere jarrera instituzionala berriki. Dekretu horretan, ekainaren 22ko gertaeren larritasuna aitortu eta  diziplina-prozedura bat irekitzeko beharra aipatzen duen arren, aldi berean, prozedura bati ekiteko ardura baztertzen du udalak. Anderren familiaren arabera, gobernu-taldeak ez ditu bere erantzukizunak bere gain hartu nahi; eta abokatuak argitu duenez, zabalik dagoen prozesu judiziala ez da bateraezina udalak agenteen aurkako diziplinazko neurriak hartzearekin.

Izan ere, agerraldian gogorarazi dutenez, udalak kautelazko neurririk ez hartu izanaren ondorioetako bat da Anderren heriotzarekin zerikusia izan dezaketen agenteek lanean jarraitzeko aukera edukitzea, ekainean gazte santurtziarraren aurka erabili zituzten arma berak soinean daramatzatela, taser pistolak kasu. Are gehiago: Santurtziko udalbatzak aurreko astean hartu zuen pistola horiek ez baztertzeko erabakia.

[Albistea osatzen ari gara]