Gazte Topagune Sozialista amaierara heltzen ari da, eta horrekin batera egunotan Elizondon bildu diren milaka gazteren atseden falta pilatzen ari da. Halere, atzo, ekimen jendetsuaren hirugarren eguna bi zeregin nagusi gauzatzeko baliatu zuten: batetik, egungo testuingu politikoaren eta sozialaren azterketa sakon baten bidez Mugimendu Sozialistaren erronkez hausnartzeko; eta, bestetik, Elizondoko kaleetatik abiatuta sozialismoaren aldarria mundu osoan entzunarazteko.
Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien greba zela eta, larunbat gaueko musika doinuak Gune Nagusian entzun ziren soilik: Skabidean, Bengo eta 48280 taldeak izan ziren bertako giroa alaitzearen arduradun, eta gainezka egin zuen guneak. Hurrengo goizean, ordea, bestelako zeregin baten baitan bildu zen jendetza bertan: egungo egoeraren azterketa egiteko eta Mugimendu Sozialistaren hurrengo urteetako betebehar nagusiez mintzatzeko, hain zuzen.
Bestalde, Sutegian, hainbat antolakunde sozialistatako kideek mahai inguru bat osatu zuten, haien lurralde bakoitzeko jarduna azaltzeko eta esperientziak partekatzeko helburuarekin. Azken bi egunetan metatutako nekea zenbaiten aurpegietan nabaria bazen ere, hitzaldira eta mahai ingurura milaka gazte hurbildu ziren, Sutegia nahiz Gune Nagusia jendez lepo zeudela.
Bazkaltzeko tarteak ere irudi ikusgarriak utzi zituen: indar eta konpromiso militanteaz aurrera eramandako ekimen batean milaka gazte Lekarozko aparkalekuan otordua izaten. Bazkariaren ondoren iritsi zen eguneko nahiz asteburuko unerik garrantzitsuena: Elizondoko kaleak sozialismoaren aldeko aldarriekin betetzekoa. Hain zuzen, herriko plazatik abiatuta, Gazte Topagune Sozialistan parte hartzen ari diren milaka gazteek mobilizazioa egin zuten herriko eta inguruko kaleetatik barrena, gisa honetako leloak inoiz baino ozenago oihukatuz: Gora iraultza sozialista, Faxismoa suntsitu edo Antolakuntza komunista.
Gune Nagusira heltzean, manifestazio amaierako ekitaldi politikoan, sozialismoaren aldeko borrokara batzera dei egin zieten GKSko eta IASko kideek mundu osoko langileei. Azpimarratu zuten Gazte Topagune Sozialista urrats bat gehiago izaten ari dela sozialismora bidean, eta egungo testuinguru politikoa zeharkatzen duten gai eta auzi nagusien inguruan mintzatu ziren: etxebizitzaz, poliziaren bortizkeriaz, arrazakeriaz eta faxismoaren gorakadaz, besteak beste.
Gazte Topagune Sozialistaren azken egunaren bueltan, Elizondora bertaratutakoek musika eskaintza zabal batekin amaitu zuten eguna, lau gunetan sakabanatutako kontzertuekin. Aukera ongi baliatu zuten kontzertuetan izan zirenek musika doinuez alaitutako giroan, baina baita hurrengo egunean ekimenari behar bezalako amaiera emateko gogoarekin ere.