ACTUALIDAD / Gazte topagune sozialista

Inposaketaren aurka

Izaro Villarrealen kronika Elizondotik, Gazte Topagune Sozialistaren laugarren eta azken egunaren inguruan.
2026eko urriaren 13 - 07:12
Inposaketaren aurka

Amaitu da. Astelehenean eman zioten amaiera lau egunez Elizondon milaka gazte bildu dituen Gazte Topagune Sozialistari. Aurreko egun luzeek eragindako nekearekin zenbait, baina azken egunak aldarrikapenerako ere balio izan zuen: urriaren 12a izanik, Espainiako Estatuak inposatutako Hispanitatearen jai-egun arrotzaren inguruan.

Elizondoko plazan eta jende ugariren arretapean, GKS eta IAS antolakundeetako kideek argi adierazi zuten: "Hispanitatearen Egunak espainolismoa hedatzea du xede, Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidearen ukapenean sakonduz". Hain zuzen, autodeterminazio eskubidea Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzarekin lotu zuten, "alderdi autonomisten interklasismotik" aldenduta.

Autodeterminazioaren eta sozialismoaren alde lerratu ziren, beraz, gazte zein ikasle antolakunde sozialistak, Euskal Herriko langileriaren borondate nazionalak eta euskarak zapalduta jarraitzen dutela argudiatuta besteak beste. Horren harira, euskararen aldeko borrokarekiko konpromiso osoa adierazi zuten. Hitz hartzearen ondoren, Desgaraian taldeari egokitu zitzaion Gazte Topagune Sozialistari behar bezalako amaiera ematea, zenbait gonbidaturekin batera. 

Sozialismoaren aldeko hautuak elkartuta, Euskal Herritik 4.000 gaztetik gora joan dira egunotan Elizondora, Gazte Topagune Sozialistara. "Sozialismoaren aldarria inoiz baino indartsuago dagoela erakutsi dugu"; horixe izan da GKSk eta IASk ekimenaren inguruan eginiko balorazioa. Azpimarratu dute egungo testunguru nahasian "indarrak hartzeko hitzordu garrantzitsua" izan dela, eta Gazte Topagune Sozialista bukatu bada ere, auzi politiko eta sozial nagusien bueltan antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dutela.