AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/30 18:12

Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizatzera dei egin du aste honetan, "osasun-hondamendia eta askatasunen ezabapenak" salatzeko. Gaur izan dira mobilizazio ziklo berriko aurreneko elkarretaratzeak, hain zuzen, Ordizian (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa). Jende ugari batu da protestetara, eta "burgesiaren ofentsiba gelditzeko" aldarrikatu dute.

"Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" ez dutela gaitasunik "pandemia kontrolpean edukitzeko" salatu eta, gainera, bankariek eta enpresaburuek "negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela" adierazi dute aste honetan GKSko kideek.

Bestalde, "osasun-larrialdiari burgesiak aterabide poliziala eman" diola kritikatu dute: "Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetatik babestu nahi dutela". Ohartarazi dute politikari profesionalek "askatasun zibil eta politikoak ezabatzeak" "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" ezar ditzakeela.

"Antolakuntza komunista" galdegin eta "langileriaren kontrolpeko estatu sozialista" aldarrikatu dute "osasuna lehentasun bezala ezarri eta oinarrizko eskubide zein askatasunak bermatuko dituen eszenatoki posible bakar" gisa.

Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu izenpean GKSk egindako deialdi berriaren nondik norakoak irakurtzeko, sartu hemen

MOBILIZAZIOAK DATOZEN BI ASTEBURUETAN

Hurrengo bi asteburuetan ere izango dira mobilizazioak, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta. Datorren larunbatean, otsailaren 6an, Zarautzen (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa), Durangon (Bizkaia) eta Hernanin (Gipuzkoa) izango dira kontzentrazioak.