ACTUALIDAD / Gazte topagune sozialista

"Sozialismoaren aldeko hautua inoiz baino indartsuago dagoela erakutsi dugu"

"Euskal Herri osotik etorri gara ehunka milaka militante eta gazte iraultzaile, sozialismoaren hautuak elkartuta", azaldu dute GKSk eta IASk amaitu berri den Topaguneari buruz.
2026eko urriaren 13 - 08:03
"Sozialismoaren aldeko hautua inoiz baino indartsuago dagoela erakutsi dugu"

Elizondon izan da Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioa; Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) elkarrekin antolatzen duten ekimen nagusia. 4.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute ekimenean egun hauetan zehar (2024ko edizioan baino 1.000 gehiago), eta antolatzaileek plazaratutako balorazioan, nabarmendu dute Topagunearen arrakastak erakutsi duela "sozialismoaren aldeko hautua inoiz baino indartsuago dagoela".

"Euskal Herri osotik etorri gara ehunka militante eta gazte iraultzaile, sozialismoaren hautuak elkartuta, eta egun bizi dugun faxismoari eta estatuen autoritarismoari aurre egiteko beharrezkoa den borroka-komunitate sendo bat eraikitzeko garrantzitsua izan da", adierazi dute. Egun hauetan izan diren hitzaldi, mahai-inguru eta abarren bidez hainbat gai politiko atera dituzte mahaira, gogora ekarri dutenez, "eta aktualitate politikoan dauden auzien inguruan hausnartu eta ditugun erronkez hitz egin dugu; etxebizitzaren problematikaz, faxismoaren aurkako borrokaz eta nazio-auziaz besteak beste". Horrez gain, "ikuspegi internazionalistan sakondu eta hemendik aurrerako erronkak" ere landu dituzte Topagunean, GKSren eta IASren esanetan.

"Aurtengoa ere aldarrikapenerako eta mobilizaziorako Topagune bat izan da", azpimarratu dute, igandean faxismoaren eta autoritarismoaren kontra egindako mobilizazioari erreferentzia eginez batik bat. Gainera, atzo, Hispanitatearen Egunean, hitz-hartze politiko bat egin zuten Elizondoko plazan: "Euskal langileontzat inposatutako jai-egun arrotza den honetan, Euskal Herriak bizi duen nazio-zapalkuntza salatu eta autodeterminazioa aldarrikatu dugu euskal langileontzat". 

"Testuinguru nahasia bizi dugu, eta ezegonkortasunaren eta aldi berean borrokaz beteriko garai honetan, indarrak hartzeko hitzordu garrantzitsua izan da", diote antolakundeek: "Hemendik aurrera, matxismoaren, faxismoaren, arrazakeriaren, polizia-inpunitatearen, estatuen autoritarismoaren eta gazte langileok egunerokotasunean bizi ditugun arazoei aurre aurre egiteko, antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GKSozialista/status/2109696348992032790