Gazte Koordinadora Sozialistak hiru astez mobilizatzera dei egin zuen urtarrila amaieran, "osasun-hondamendia eta askatasunen ezabapenak" salatzeko. Aurreko asteburuan izan dira mobilizazio ziklo berriko azkeneko elkarretaratzeak, hain
zuzen, Azpeitian (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia),
Donostian (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia) eta Lizarran (Nafarroa). Jende
ugari batu da protestetara oraingoan ere, eta "burgesiaren ofentsiba
gelditzeko" aldarrikatu dute.
"Frantziako nahiz
Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" COVID-19aren pandemia "kontrolpean edukitzeko" gaitasunik ez dutela salatu
eta, gainera, bankariek eta enpresaburuek "negozioa egin
dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela" seinalatu dute berriz GKSko kideek.
Bestalde, "osasun-larrialdiari
burgesiak aterabide poliziala eman" diola kritikatu dute:
"Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi
enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko
erantzunetatik babestu nahi dutela". Ohartarazi dute, beste behin, politikari
profesionalek "askatasun zibil eta politikoak ezabatzeak"
"aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" ezar
ditzakeela.
"Antolakuntza komunista" galdegin
eta "langileriaren kontrolpeko estatu sozialista"
aldarrikatu dute "osasuna lehentasun bezala ezarri eta
oinarrizko eskubide zein askatasunak bermatuko dituen agertoki
posible bakar" gisa.
KALERA HAMASEI HERRITAN
Urtarrilaren 30ean ekin zion mobilizazio ziklo berriari GKSk eta, guztira, hamasei herritan irten dira kalera, Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu lema hartuta. Hain zuzen, iragan asteburuko mobilizazioez gain, ondoko puntuetan izan dira elkarretaratzeak aurreko asteetan: Bergaran (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa), Durangon (Bizkaia) eta Hernanin (Gipuzkoa).