"Araban dauden enpresetako langileek ikus dezatela zerbaitegatik borrokatu dezaketela; langileriaren borroka dela"

Ia bi hilabete daramatzazue greban. Nola hasi zen borrokaldi luze hau? Zer eskatzen duzue?

Hau guztia aurretik dator, 2017an hasi ziren Mercedeseko suhiltzaileen baldintzak okertzen. Falck izeneko enpresa batek hartu zuen suhiltzaileen ardura eta urtean 17.000 euroko soldata zehaztu zuen; oso baxua. 2018an greba bat egin zen eta igoera bat lortu zuten, baina ez zen KPIarekin lotu. Inflazioa dela eta, azkenengo lau urteetan %10 galdu dugu, jada soldata oso baxua geneukala kontuan hartuta, oraindik eta baxuago geratuz. Horri gehitzen zaizkio egiten ditugun lanordu guztiak: 1.770 finko eta 80 ordu gehigarri baino gehiago urtero. Horrez gain, 750 guardia-ordu dauzkagu, eta gure egun libreetan telefonoarekin prest egon behar gara, zerbait gertatzen bada joateko.

Arazoa da ez gaudela nahikoa langile dauden suhiltzaile postuetarako, orduan, langile bat gaixotzen bada, edo besterik gabe ez badago langilerik txanda hori betetzeko, guardia geneukanak joan behar izaten gara. Horrek eragin du grebara ateratzea, enpresak ez baitauka negoziatzeko intentziorik. Haien proposamenak ez dira errealak gu bizitzen ari garen egoerarekiko. %3ko igoera proposatzen digute, esanaz horrekin jada kriston galeretan sartzen direla. Baina nola liteke soldatak hain baxuak izanda galeretan egotea? Ikusita enpresaren negoziaketarako jarrera hori zela, grebara atera ginen. Langileen %100 batu gara, eta 50 egun baino gehiago daramatzagu greban.

"Ikusita enpresaren negoziaketarako jarrera [...], grebara atera ginen. Langileen %100 batu gara, eta 50 egun baino gehiago daramatzagu greban"

Mercedes lantegiko ikuspegi orokorra izan dezagun, zenbat azpikontrata daude zuen lantokian?

Fabrika oso handia da eta lanpostu asko ematen ditu. Baina Mercedesek kontratatutako langileek furgonetak ekoizten dituzte. Hortik kanpo, hainbat enpresa kontratatzaile daude, bloketan banatzen baditugu: logistika, mantentze-lanak, garbiketa eta hornitzaileak; Mercedes eserlekuz, aurreko panelez eta ardatzez hornitzen dutenak. Azpikontrata horiek ere fabrika barruan daude, baina Mercedeseko plantilla muntatzen duena soilik da.

Langileak hainbeste enpresa desberdinek kontratatuta egoteak esan nahi du lan-baldintza desberdinak dauzkazuela. Horrek langileek elkarrekin borrokatzea zailtzen al du?

Bai. Kontratatzaile bakoitzak bere lan-hitzarmena dauka. Eta zer gertatzen da? Bakoitza egon behar dela borrokan bere lan-baldintzengatik. Hori arazo bat da azken finean, beharbada badaudelako batzuk ekoizpenean eragin dezaketenak zuzenean, adibidez logistika. Logistikarik gabe ezin da ekoiztu. Baina ekoizpenari hainbeste eragiten ez diogunen kasuan, Mercedesek belarriak apur bat gor jartzen ditu, eta esaten du: "Ez dakit zer gertatzen ari den hemen", bere etxean izan arren.

Guri asko zailtzen digu kontua horrek, zeren hogei soilik baikara, eta hogeinaka ez duzu hainbeste indar egiten. Horregatik ari gara mugitzen eta jendea batzen, guztiok daukagulako helburu berdina, hau da, lan-hitzarmen on bat lortzea, indibiduala izan arren, batek ona lortzen badu besteari ondo datorkiolako. Hori da guk lortu nahi duguna, kontrata guztiak batzea, eta Mercedeseko langileek eta batzordeek laguntzea, esanez: "Aizue, jende hau oso garrantzitsua da fabrika barruan eta beraien lan-baldintzak egokiak izan behar dira".

"Ekoizpenari hainbeste eragiten ez diogunen kasuan, Mercedesek belarriak apur bat gor jartzen ditu, eta esaten du: 'Ez dakit zer gertatzen ari den hemen', bere etxean izan arren"

Zuek eskatzen duzuena, hain zuzen ere, soldata, lan-hitzarmena eta baldintzak gainontzeko azpikontratetako langileekin parekatzea da, ezta? Zergatik?

Bai, hori da gure eskaera hasieratik. Mercedesek gure hitzak eta zer eskatzen dugun manipulatzen du apur bat. Zuzenean "terroristak" deitu digute; hitz hori erabili dute. Esanez erokeria bat eskatzen genuela. Baina, egiatan, guk eskatzen duguna zenbakietara eramanda, beste azpikontratekin parekatzea da. Ez da besteen gainetik geratzea, ezta Mercedeseko langileen baldintzetara iristea ere. Soilik da beste kontratetako langileak dauden moduan geratzea.

Uste dugu gure arloko lana oso garrantzitsua dela, jendearen segurtasuna eta osasuna jokoan baitaude. Horrez gain, ardura handia daukagu. Lan-baimen batzuk izenpetzen ditugu gure izen-abizenekin; zuzenean zu zara arduraduna. Eta jendeak ez dakien zerbait da fabrika martxan ez dagoenean, asteburuetan, gauez edo oporraldietan, lantegia ez denean ekoizten ari eta ez dagoenean nagusirik ere, fabrika horretan gertatzen den guztia suhiltzaileen ardurapean geratzen dela. Hau da, suhiltzaileak dira arduradun nagusiak, fabrika osokoak. Nagusi bat heldu arte ardura osoa zeuk daukazu. Mercedesena bezalako tamaina duen enpresa baten ardura dauka urtean 20.000 euroko soldata irabazten duen pertsona batek.

Aipatu dugu 50 egun baino gehiago daramatzazuela greban. Nola ari zarete antolatzen borroka aurrera eramateko?

Bada, gu nahiko hasiberriak gara honetan. Gehienentzat, bizpahiru pertsonarentzat kenduta, lehenbiziko greba izan da. Ikasten ari gara, egunero, nola egin gauzak. Jendea gogotsu dago. Bai dagoela beharbada langile-bloke indartsuago bat, egunero lan gehiago egiten duena; baina talde osoaren lana da eta horrek dakarrena da ikastea eta ideia berriak sortzea. Horrela egin ditugu kotxeekin karabanak Mercedes inguruan, bizikletekin karabanak; kontzentrazioak; pankartak eskegi, margotu... Klasikoa.

"Gehienentzat, bizpahiru pertsonarentzat kenduta, lehenbiziko greba izan da. Ikasten ari gara, egunero, nola egin gauzak. Jendea gogotsu dago"

Eta orain pauso handiago bat eman dugu, makina berotzen joan, eta manifestaldi bat prestatu. Ez bakarrik guretzako, baizik eta Arabako langileria deituz gurekin etor dadin, beraien aldarriak ere entzunarazteko. Bai dela egia jendea sindikatuetan dagoela, baina laguntza GKSko jendea ematen ari da; ideiak, beraiekin hitz egin, "Hauxe horrela agian hobeto". Sindikatua hor dago, baina lana guk egiten dugu azkenean.

Ia bi hilabete daramatzazue greban eta borrokan, baina tamalez, zuen ahotsa ez da hainbeste entzuten ari. Prentsak ez dizue oihartzun askorik eman, ezta?

Ez. Greban hasi ginenean, sindikatuek beraien kontaktuen bidez bidali zuten informazioa; "Aizue hauek greban hasiko dira", eta prentsak momentu horretan artikulu bat atera zuen. Baina hortik aurrera ez digu inork deitu elkarrizketarik egiteko. Zentzu horretan, pixka bat abandonatuta egon gara. Andre Mari Zuriaren plazan prentsaurrekoa egin genuenean artikuluren bat atera zen, baina oso gutxi egia esanda.

Eta orain, manifestazioarekin, badirudi, agian, baten bat gehiago mugituko dela, ikusita hartuko duen garrantzia. Etorriko diren enpresek ere jada izen handia daukate, langile kopurua handiagoa izango da. Ez dira suhiltzaile industrialak, ez dituenak inork ezagutzen eta hogei pertsona direnak. Horrekin pixka bat jolastu dugu. Esan dugu: "Gu ez gara inor, baina jende garrantzitsua lortzen badugu...". Esaten den moduan: "Jende txiki askok, gauza txiki asko eginez, gauza handiak lortu ditzake".

Azal iezaguzu beraz, polikiago, martxoaren 12ko deialdia. Manifestaldia antolatzeko norekin egin duzue lan eta zergatik?

Gure kabuz hasi ginen dena prestatzen. Manifestaziorako baimena eskatu genuen. Eta esan genuen: "Beno, zenbat pertsona?"; "Lortu ahalko duguna"; "Hogei gara, bakoitzak bere gurasoak ekartzen baditu, agian hirukoitzera helduko gara"; "Prestatu dugun ibilbidea ibilbide garrantzitsua da Gasteiz barruan, eta ezin gara, adibidez, Frantzia bezalako kale batean hogei pertsona egon. Gehiago izatea lortu behar dugu". Eta hortik hasi ginen enpresetako batzordeekin harremanetan, gure kabuz kontaktu horiek lortzen, ezagunen bidez. Eman diegun diskurtsoa badirudi beraiei ere gustatu zaiela, eta manifestaldira atxiki dira. Atxikimendu-zerrenda garrantzitsua lortu dugu.

"Eta hori nahi dugu guztiek ikustea: gaur beraiek badatoz, gu aterako garela beraiekin ere. Batasun hori lortzea"

Eta horrekin ari gara, jende multzo gero eta handiagoa egiten. Azkenean, ez da bakarrik gure manifestazio bat. Gu deitzaileak izan arren ireki egin dugu, eta azkenean, bere egunean Araba Borrokan plataforma zenaren moduko zerbait egin ahal izatea izango da. Araban dauden enpresetako langileek ikus dezatela zerbaitegatik borrokatu dezaketela; langileriaren borroka dela, beti existitzen dela, beti existitu dela, eta ez baldin badago, baldintzak beherantz joango direla bakarrik. Hori da mezua. Eta hortik animatzen dugu langileria guztia ateratzera. Gaur gugatik izan daiteke, edo Tubos Reunidosekoengatik edo Maderas de Llodiokoengatik; etorriko direla. Baina hemendik urtebetera beste edozein enpresa izan daiteke, edozein langile. Eta hori nahi dugu guztiek ikustea: gaur beraiek badatoz, gu aterako garela beraiekin ere. Batasun hori lortzea.

Aipatzen ari zaren bezala, borrokan dauden hainbat kolektiborekin aterako zarete manifestaldira. Aipatu dituzu izen batzuk. Nor gehiago batuko da?

Garrantzitsuenak Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio dira, beraien borrokak martxan dauzkatenak. Sidenorrekoak edo Tubacexekoak ere etortzea gustatuko litzaiguke, uste dugulako oso enpresa garrantzitsuak direla. Baina Aiaraldeko enpresa gehiagorekin jarri gara harremanetan eta baita Gasteizko enpresa independenteekin ere. Gasteizko lorezainak ere etorriko dira, rokodromoetakoak; eta, horiez gain, Mercedes inguruko enpresa guztiak, barruko enpresa guztiak eta Mercedeseko batzordeak. Beraiek ere erakusteko azpikontrata batekoak diren langileak defendatzen dituztela eta aurrera aterako dutela.

Bukatzeko, zein aurreikuspen egiten duzue martxoaren 12koaz gain? Luzera borrokatzeko indarrez zaudete?

Egun asko dira, argi dago, baina guk nahi dugu manifestaldia inflexio-puntu bat izatea. Agian indarra galtzen joan gara, baina nahi dugu jendeak ikustea egun horretan ez garela bakarrik egongo, eta gure borroka izan arren, jendea etorriko dela eta lagunduko gaituela zentzu horretan. Ea indarra ematen digun, beste 50 egun behar badira, beste 50 egunez jarraitzeko. Gure helburua da lan egitea, baina lan egitea, baldintza duinengatik.