ACTUALIDAD / Sindicalismo
Tubos Reunidoseko greba eten dute oraingoz, ia 100 egunen ostean
09:00etan bildu dira Amurrioko langileak, eta greba geratzea proposatu du gehiengo sindikalak: enpresak borondatezko hartzekodunen konkurtsora jo izanak egoera aldatu duela dio antza.
2026eko maiatzaren 15 - 09:24
Tubos Reunidoseko greba eten dute oraingoz, ia 100 egunen ostean
— ARGAZKIA @TRBorrokan

96 egunez greba mugagabean egon ondoren, eten egingo dute lanuztea Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosen. Berri ugari izan dira azken asteetan bertako lan-gatazkan: hilabete honen hasieran enpresako zuzendaritzak borondatezko hartzekodunen konkurtsora jo zuen, handik pare bat egunera greba hausteari buruzko batzar bat egin zuen plantillaren %25 inguruk (zuzendaritzatik gertu dauden hainbatek deituta eta CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin), eta lanera itzuli nahi zuten beharginentzako autobus bat ipini zuen enpresak joan den asteartean. Bulegoko lanak egiten dituztenak dira gehienak. Gertakari nahasi horien ostean, bilera bat egin dute gaur goizean Amurrioko langileek, eta gehiengo sindikalak bertan proposatu du greba mugagabea gelditzea.

09:00etan hasi da gaurko bilera eta ordubetez luzatu da, zenbait komunikabideren arabera. Eskualdeko hedabide Aiaraldea.eus-ek nabarmendu duenez, grebari buruzko desadostasunak nagusitu dira sindikatuen artean, eta horren erakusle da, esaterako, aurreko astean 200 bat langilek (ia 900 dira denera) greba apurtzearen alde egindako batzarra. Gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta ESK) greba mantentzearen alde egin zuen orduan, baina greba etetea proposatu du gaurko bileran, zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanak egoera aldatu duela esanez. Oraingoz, gehiengo sindikalak ez du proposatu greba-deialdia behin betiko bertan behera uztea.

Bestalde, gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu hilabete honen amaierarako, maiatzaren 26rako eta 28rako hain justu. Gasteizen izango da lehenengo mobilizazioa, izan ere, egun horretan bilera garrantzitsu bat izango da bertan: langile-batzordeko ordezkari batzuk eta Arabako Auzitegiko merkataritza-arloko epaile bat bilduko dira, bera baita hartzekodunen konkurtsoaren ezarpenari buruzko autoaren arduraduna.