Portu inguruan bizi ez den jendearentat ez da hain lan ezaguna zuena, azalduko diguzue zertan datzan?
Ander Arrillaga: 70 bat langile gara. Gure lana itsasontziak amarratzea da, kaian.
500 tona baino gehiago dauzkaten itsasontzi guztiak guk amarratu eta desamarratzen ditugu. Bestalde, petrolio edo likido kutsagarri baten isurketa-arriskuak egonez gero, esku hartzen dugu, itsasontziei hornikuntza ematen diegu, langileen aldaketetan laguntzen dugu; hau da, hainbat zerbitzu osagarri ematen ditugu.
Peio de Vega: Gure lana herritik sortutakoa da, eta aitzinatik egiten zen. Ezkerraldean gure arbasoek egiten zituzten lan hauek. Pixkanaka, lana neurtzen hasi zen, eta urteekin, baldintzak duintzen joan gara.
Kanpoko lana denez, ez dituzue beti baldintza errazak; arriskuak ere badauzka zuen lanak, ezta?
A.A.: Bai, guk itsasontzi handiekin egiten dugu lan, horiek soka eta kable handiekin amarratzen dira. Tentsio handiko momentua izaten da, haizeagatik eta itsas-baldintzengatik apurtu egiten baitira batzuetan. Gorputzarekin eta itsasontziaren inertziarekin jolasten jakin behar da. Baina, esan behar da, orain arte izan ditugun lan-baldintzei esker, langile berriak esperientziadunek lagunduta formatu direla eta lan-taldeak modu orekatuan egin izan direla, arduratik, esperientziatik eta segurtasuna bermatuz.

Orain, hori arriskuan ikusten duzue. Konta iezaguzue zer aldaketa ekarri dituen enpresako zuzendaritzan egon den aldaketak.
P.D.V.: Orain arte arduradun orokor bat geneukan, eta Javier Peñarredonda Ordoyo zen bigarrena, lehengo arduradun orokorraren lekua hartu duena. Negoziazio guztietan egon izan da, baldintzak negoziatu ziren bilera guztietan, lehengo arduradun orokorrarekin. Baina azken hori iazko apirilean jubilatu zen, eta berez, arduradun berriak orain artekoaren jarraipena izan behar zuen. Baina irailean, kanpotik etorritako multinazional batekin, DP World, Dubaikoa, 41.artikulua aplikatzen hasi ziren. Esaten hasi zen gu oso ondo bizi garela, eta gauzak berak nahi duen moduan egingo direla. Guk honi "traizio baten historia" deitzen diogu. Gurekin lan egin duen pertsona bat da, herrikoa, ezagutzen gaituena.
Azal diezagukezue zer den 41. artikulua eta nola aplikatu duten?
A.A.: 41. artikulua aplika daiteke soilik arrazoi finantzario, produktibo edo antolaketazkoengatik. Suposatzen da enpresak egoera larrian daudela eta, orduan, zuzenean inposatzen da. Gero, denborarekin, ikusten da ea legala den ala ez. Guk uste dugu sistema bera ilegala litzatekeela. Salaketa ipini dugu epaitegietan, eta kautelazko neurria eman digute. Errekurtso bat da hori, normalean onartzen ez dutena. Baina, gure kasuan, epaitegiak aurreikusi du, jada, sententzia kautelarrean, ez gaudela 41. artikulua aplikatzeko egoera batean.
"Dagoena enpresa multinazional bat da, gure eskubideak murriztuz eta baldintzak okertuz, diru gehiago atera nahi duena"
P.D.V.: Garrantzitsua da esatea enpresa honek, azken 35 urteetan, etekina eduki duela. Oso enpresa errentagarria da. Hemen ez dago arazo ekonomikorik, dagoena enpresa multinazional bat da, gure eskubideak murriztuz eta baldintzak okertuz, diru gehiago atera nahi duena. Orain, gainera, portuarekin, tarifetan %8ko igoera lortu dute. Gu ibiltzen garen fakturazioarekin diru mordoa da hori.
Nola aldatu dira zuen lan-baldintzak 41. artikulu hori aplikatzearekin batera?
A.A.: Urtean 2.100 orduz baino gehiagoz lan egin dezagun nahi dute. Ibaiko hitzarmenean, gehienez, 1.772 ordu egitea aurreikusten da; beraz, aldaketa honekin, 400 ordu gehiago lan egin behar ditugu urtean. Izan ere, hamabi orduko lanaldia hamalau ordura luzatu daiteke, zerbitzuaren beharretara. Hamalau orduz lan egiten bada, ez da bermatzen gero dagokigun atsedenaldi-tartea. Gainera, ordu gehigarri horiek egitea beraiek erabakitzen dutenean inposatu dezaketen zerbait da, eta horiek ordaindu gabe.
"Urtean 2.100 orduz baino gehiagoz lan egin dezagun nahi dute. Ibaiko hitzarmenean, gehienez, 1.772 ordu egitea aurreikusten da"
P.D.V.: Horrez gain, soilik hamabost eguneko oporrak ezarri nahi dituzte, esanez beste hamabost egun atsedenaldi-egunetan sartuta daudela jada. Astelehenetik ostiralera lan egiten duen bati, oporrak asteburuetan sartuta daudela esatea bezala da! Beste zazpi egun ere bageneuzkan, norbere gauzetarako egunak, eta horiek ere kendu dizkigute. Gainera, lanegunak beste lankide batekin aldatzea, gure artean adostuta, paper batekin egiten genuen; bada, hori ere debekatuta daukagu orain. Bestalde, bulegoko arduraduna kendu nahi digute, koordinatzailea. Kaira bidali nahi dute. Gu kaian gaude askotan lanean, eta bera da dena dakiena, portuko beste sektoreekin harremanetan dagoena, guri aginduak transmititzeko. Oso figura garrantzitsua kendu nahi digute.
Lan-baldintzak okertzera zihoazela ikusita, borrokan hasi zineten. Nola hasi zineten eta nolako borroka-prozesua izan da?
P.D.V.: Gure borroka autodefentsa izan da; lehenengo egunetik debekatu ziguten asanbladak egitea. 41. artikulua aplikatuko zigutela esan zigutenetik hasi ginen antolatzen. Baina justu batzordearen garaia bukatu zen eta hauteskundeak egin behar genituen.
A.A.: Ordezkari batzuk jubilatu berriak ziren, beste bat bajan zegoen, eta momentu hori aukeratu zuten ofentsibari ekiteko. Baina gero horri buelta eman genion, oso batzorde indartsua antolatu genuen. Indar handiko sekzio sindikal bat eduki genuen inguruan. Gaur egun esan dezakegu, batzordeaz gain, asanblada daukagula, baita propaganda-taldeak ere. Gure lana beharrezko zerbitzua denez, %100eko zerbitzu minimoak ditugu, beraz, greba ez da guretzat borroka-tresna egokia. Dena den sei lan-geldialdi antolatu genituen sei astetan zehar, mobilizazio galantekin eta dinamika indartsuarekin.
Enpresaren erantzuna zein izan da? Bortizkeria patronala salatu duzue, gezurrak, zigorrak. Nola hasi zen hori guztia?
A.A.: Peio aurreko batzordeko presidentea izan zen, eta enparantzan antolatu genuen bilera informatibo batean hitz egiten ari zela, Javier Peñarredonda arduradun orokorra hurbildu zitzaion, haren aurpegitik hamar zentimetrora, oihuka eta mehatxuka. Konfrontazio-dinamika batean sartu ginen. Beste egun batean, lankide bat 40 minutuz eduki zuen ilegalki atxikita bere bulegoan. Ez zion ateratzen uzten, eta azkenean Poliziari deitu behar izan genion.
"Beste egun batean, lankide bat 40 minutuz eduki zuen ilegalki atxikita bere bulegoan. Ez zion ateratzen uzten"

Bortizkeria patronalaz ari garela, Ander, zure kasua aipatu beharra dago. Ordezkari sindikala zinen eta kaleratu egin zaituzte. Nola izan da hori?
P.D.V.: Ander lan sindikala egiteagatik bota dute. Duela 30 urte, gaztetan, hasi zen hemen lanean, eta lankideen artean oso pertsona miretsia da, eskarmentu handikoa lanean, oso errespetatua.
A.A.: Zuzendaritzak aitzakia bat baliatu zuen ni botatzeko. Baina, azkenean, ni kanporatzearekin esaten ari direna da: 30 urte daramatzan langile bat, ordezkari sindikala, lantegian pisua daukana, kaleratzen badugu, nor ez dugu kaleratuko? Ni kaleratzearekin bilatzen zutena beldurra sortzea zen.
"Ni kanporatzearekin esaten ari direna da: 30 urte daramatzan langile bat, ordezkari sindikala, lantegian pisua daukana, kaleratzen badugu, nor ez dugu kaleratuko?"
P.D.V.: Hain zuzen ere, hori da faxismoak egiten duena, eta hemen faxistak diren arduradun batzuk dauzkagu. Ander bota zutenean gezurrak erabili zituzten, lankideen artean beldurra eragiteko.
Horrez gain, zuei presioa egiteko, hemezortzi langile berri ekarri dituzte, baldintza kaskarretan ari direnak lanean.
A.A.: Ulertu behar da ibaiko hitzarmenean ezarrita dagoela, lehenengo, ibaiko edo inguruko langileak kontratatu behar direla. Langile hauek, ordea, kanpotik ekarri dituzte, gurekin urteak eta urteak daramatzaten langileak, behin-behineko kontratuak dauzkatenak, etxeratu dituzten bitartean. Ez dira hemezortzi lanpostu berri, eta langile kolektiboa presionatzeko ekarri dituzte, baldintzak prekarizatuz eta legearen mugan dauden lan-praktika batzuekin.
Lehen aipatu dugu nola zuen lana segurtasuna zainduz egin izan duzuen, eta horrekiko kezka eragin dizue langile berri horiek zein baldintzatan ari diren ikusiteak.
P.D.V.: Enpresak ez die kasurik egiten segurtasun-neurriei. Langile horiek badauzkate tituluak, baina ez daukate esperientziarik. Eta, segurtasunaren aldetik, egiten ari direna basakeria bat da. Gu oso kezkatuta gaude gai honekin, uste dugulako edozein momentutan istripu oso larri bat gertatu daitekeela. Hemezortzi langile berriak kontratatu dituen multinazionalak ez dauka sentimendurik. Haiek erabiltzen ari dira, beraien segurtasunarekin, beraien bizitzarekin jolastuz. Esan diete geratzeko etorri direla, baina finantzarioki ez da posible. Edo haiek joango dira kanpora, edo gu joango gara.
"Uste dugu edozein momentutan istripu oso larri bat gertatu daitekeela"
A.A.: Kanpotik ekarri zituzten eta Kantabriako hostal batean sartu. Furgoneta batzuekin eramaten dituzte base batera eta hortik bideratzen dituzte lanera. Guk hemen hitzarmen bat geneukan, abenduan bukatzen zena. Guztia eztabaida zitekeen, beti horrela egin dugu. Kontua da nola abiatu nahi duzun eztabaida, hitzarmenetik ala beldurretik, 41. artikuluko sistematik, kaleratzeekin, zigorrekin, hemezortzi langile horiekin. Pentsatzen dute hortik abiatuko garela negoziatzeko. Baina ez, gu hitzarmenetik abiatuko gara. Maila sindikalean eta borrokan aurre egingo diegu eta baita epaitegietan ere. Gure marra gorria hitzarmena eta legea betetzea da.
P.D.V.: Apurtu nahi dutena da dena: sistema, segurtasuna... Ekarri nahi dutena globalizazioa da. Egiten ari direnaren atzean dagoena baita hona baldintza txarrak ekartzea.

Horren aurrean portuari ardura eskatzen diozue.
A.A.: Bai. Gu portuko oinarrizko zerbitzu bat gara, beraiek bermatu behar dute segurtasuna, hitzarmena eta legeak betetzen direla. Portuko zuzendariak ardura daukala ikusten dugu, haiekin elkartuko gara eta ea zer erantzun ematen diguten. Baina, bestela, salatu egin beharko dugu beraien ardura, bai lehendakariarena eta baita bere atzean dagoen EAJrena ere.
Egoera gogor honetan langileek borrokan jarraitzeko asmoz segitzen duzue. Zein dira hurrengo pausoak?
A.A.: 41. artikuluaren sententziaren zain gaude. Epaiketa errepikatu egin behar da, eta maiatzean da. Egia da luzea egiten ari dela, emozionalki ere sostengatu behar baita. Behin-behineko langile batzuk kalean daude. Familiak zaintzeko antolatu gara, guztion artean jartzen dugu dirua behar gehien daukatenak laguntzeko.
"Familiak zaintzeko antolatu gara, guztion artean jartzen dugu dirua behar gehien daukatenak laguntzeko"
P.D.V.: Baina justizia oso motela da. Guk pentsatzen dugu arrazoia gure alde dagoela, epaiketa irabaziko dugula, eta 41. artikuluak dakarren sistema atzera botako dutela. Baina borroka hau ez da bukatu. Guk, momentuz, borroka eta erresistentzia bidean jarraituko dugu.
A.A.: Bermatu behar dugu etorkizunean ere amarreak lan duin bat izaten jarraituko duela. Aurrekoek lortutako baldintza onak hurrengoei emateko, eta portuko beste sektoreentzat eredu ona izateko. Hau ez baita soilik kontu ekonomiko bat, maila ideologikoan ere garrantzia handia dauka. Gure bizi-baldintzez eta guk hemen daukagun langile-asanbladaren indarraz ari gara, nola eraiki diren akordioak eta baldintzak, eta nola antolatu den hemen bizitza eta lan-bizitza.
P.D.V.: Goikoek beti esaten dute eredu txarra garela taldearen beste enpresentzako, guk asanbladetan erabakitzen baititugu gauzak; batzordea daukagu, baina ordezkariak beti izan dira asanbladaren iritzia transmititzeko pertsona batzuk. Ni oso ados nago Anderrekin, hemen azpian ikusten dena ideologia-borroka bat da. Eredu bat apurtzeko. Eta guk horri eutsi nahi diogu.
"Hemen azpian ikusten dena ideologia-borroka bat da. Eredu bat apurtzeko"
Elkartasuna sentitu duzue beste langile edo kolektiboen partetik?
P.D.V.: Hasi ginenetik portuko langileak gure ondoan egon dira. Horiek ere badauzkate beraien arazoak, eta jabe bera daukagu azkenean. Mobilizazio guztietan gurekin egon dira, eta ezkerraldeko jendea ere bai. Bi manifestazio egin ditugu eta jende asko egon zen.
A.A.: Kontuan hartu behar da herri mailan parte-hartzaileak izan garela. Hainbeste gauzatan parte hartu dugu; enpresak itsasontziak uzten zituen eta gu joaten ginen gure borondatez laguntzera. Kukaña adibide on bat da, edo estropadak. Enpresak lantxa bat uzten du eta langileok gure artean antolatzen gara. Herriko kolektiboekin, Ezkerraldea Antifaxistarekin, eragile sozial edo politikoekin, kirol-taldeekin, kuadrillekin; eskualdean oso sartuta egon da enpresa. Horrek bueltan elkartasuna ekarri du.