ACTUALIDAD / Régimen salarial
Kaleratze-gutuna jaso dute Mercedeseko suhiltzaileek, hilabete bateko negoziazioen ostean
Mercedesek grebalarien aurkako errepresaliei ekin ostean, Previnsak ez du akordio batera heltzeko borondaterik erakutsi, eta duela bi aste agortu ziren negoziazioak: suhiltzaile industrialen plantilla osorik kaleratu dute. Urtarrilean jo zuten greba mugagabera langileek, euren lan-baldintzen defentsan.
2026eko ekainaren 11 - 16:00
Kaleratze-gutuna jaso dute Mercedeseko suhiltzaileek, hilabete bateko negoziazioen ostean
Suhiltzaileen manifestazioa martxoan.

Apirilean jakinarazi zuten greban zeuden suhiltzaile industrialen kontrako neurriak hartu zituztela Gasteizko (Araba) Mercedesen: Previnsarekin zuen kontratua hautsi zuen multinazionalak, azpikontratatutako suhiltzaileen plantilla osoa, 27 lagun, kalean uzteko. Bada, berri txarra berretsi da orain, aurreko asteazkenean kaleratze-gutuna jaso baitzuten langileek, negoziazioak akordiorik gabe bukatu ondoren.

Mercedesen erabakiaren berri izatean hasi zen Previnsaren eta beharginen arteko azken negoziaketa. Kaleratzeak bertan behera geratu beharko luketela defendatu dute langileek hilabete osoan zehar, euren oinarrizko eskubideak, greba-eskubidea kasu, urratuak izan direla argudiatuta. Azpikontratak negoziazio-prozesuan izan duen asmoa, baina, kaleratzeak gauzatzea eta horren baldintzak zehaztea izan da, ahalik eta kosturik gutxiena izateko. 

Azkenerako, Previnsak ez die kaltetutako suhiltzaileei kalitatezko baldintzarik eskaini, ez kalte-ordainei ez birkokatzeei dagokienez. Negoziazioa hautsi du horrek, eta gutxieneko kalte-ordainak besterik ez dituzte jasoko langileek, 20 egunekoak urte bakoitzeko. 

Mercedeseko suhiltzaileek urtarrilaren 15ean ekin zioten greba mugagabeari, lan-baldintzak hobetzea eta segurtasun-neurriak bermatzea exijitzeko, batik bat. Martxoaren 12an, greban bi hilabete betetzear zeudenean, manifestazio jendetsu bat egin zuten Gasteizko kaleetan. Previnsaren bitartez, azpikontratatuta izan du suhiltzaileen zerbitzua Mercedesek, baina udaberrian kontratua apurtu eta suhiltzaileen kaleratzea eragin zuenetik, eskuak garbitu ditu. Previnsa izan da, azkenerako, Mercedesek abiatutako errepresalia-neurriak burutu dituena, suhiltzaileen kalterako: kalean utzi dituzte guztiak, eta kalte-ordain minimoekin.