Tokian tokiko udaletxe-plazetan elkarretaratu zen atzo eskuin muturra, Ceutako egoera probestuta, pertsona etorkinen deportazioa eskatzeko. Iruñean ere 20:00etan izan zen ultraeskuinaren protesta bat: bertaratzeko deia zabaldu zuten Vox eta UPN alderdiek, baina "Herriaren Mugimendu Zibikoak" (MCP, gaztelerazko sigletan) antolatu zuen mobilizazioa. Honela zioen zabaldu zuten pankarta nagusiak: Birmigrazio ordenatua, elkarbizitza bermatua.
Borgoñako gurutzea zeramaten kamiseta beltz batzuk jantzi zituzten atzokoan MCPko kideek. Protesta arrazistaren amaieran, hitz-hartze bat egin zuten udaletxearen aurrean, "espantsionismo marokoarrari" aurre egitera deituz eta Ceuta Espainia dela aldarrikatuz batik bat.
Baina zer da MCP? Espainiako Estatu osoan antolaturik dagoen talde bat da, eta bere burua "bizilagunen elkartetzat" jotzen duen ordezkaritza bat dauka Nafarroan. Kolektiboaren web-orri ofizialean irakur daiteke oinarritzat duten manifestua, laburra oso, eta bost puntu nagusi nabarmentzen dituzte: "subiranotasuna, askatasuna eta independentzia indibiduala eta kolektiboa"; "78ko erregimenaren gaitzespena"; "immigrazio-politikak eta Espainiako herriaren interesen defentsa"; "Munduko Ordena Berriaren gaitzespena eta subiranotasun nazionalaren defentsa"; eta "Kohesiorako, aukera-berdintasunerako eta guztien ongia defendatzeko hezkuntza eta prestakuntza integrala".
Immigrazio politikei buruzko atalean, "orain arte Espainian ezarritako politikak" kritikatzen ditu MCPk, "herriaren interesei kalte larria egiteagatik", "subiranotasun nazionalaren defentsa eragozteagatik", "gure mugen gaineko kontrola eragozteagatik", eta "integratu gabeko immigrazio masiboa sustatzeagatik". Are, baieztapen irmo bat egiten du jarraian mugimenduak: "Migrazioa ez da giza-eskubide bat, erabaki politiko bat baizik".
Horrekin batera, atal berdinean, "Mugimendu Zibikoak" babesten du pertsona etorkinei nazionalitatea kendu behar zaiela, "Espainiaren tradizioak eta kultura partekatzen" ez badituzte.