ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/14 09:05

Prozesu Sozialistaren aldeko Elkargunearen eskutik, urriaren amaieran eman zuten Mugimendu Sozialistak Madrilen eskuratu duen aurreneko gunearen berri: La Yuntera espazio sozialista. "Gure klasearen zerbitzura" egongo den espazio bat da La Yuntera, "prozesu politiko zabalago baten eta estrategia orokor baten barruan kokatutako tresna bat".

Aste luzez aritu dira, hainbat eta hainbat lagunen lan militanteari esker, espazioan lanean eta hura egokitzen. Azkenean, aurreko igandean, azaroaren 12an, espazio sozialista aurkeztu zuten jendaurrean. Hitzaldi baten bidez, espazioaren gaineko kontrol sozialistaz aritu ziren aurkezpen saioan; eta, zehazki, La Yunterak Mugimendu Sozialistaren lehen espazio modura izango duen zeregina azaldu zuten.

Espazioaren gaineko kontrol sozialista

Hitzaldian nabarmendu zutenez, "okupazioak, bere kabuz, ezin du izan espazioaren gaineko kontrolaren sinonimo, horretarako tresna bat baizik": "Espazioen okupazio hutsa ez da nahikoa, beharrezkoa da hura Proletalgoaren Alderdiaren beharretara bideratzea".

Argitu zuten "espazioaren kontrol errealak helburu argiak" izan behar dituela, eta helburu horiek bat etorri behar dutela "proletarioen antolaketa iraultzailearen helburuekin"; alegia, "bere ezaugarri espaziala" izan behar dutela. Espazioaren gaineko kontrol sozialistak, beraz, zuzeneko lotura izan behar du "estrategia integral" batekin eta "etengabe hazten ari diren antolakuntza-gaitasunen batasun" batekin.

"Une honetan, beharrezkoa da iniziatiba berreskuratzea eta hildako espazioen jabetzetik haratago joango den borroka kultural bati ekitea", aldarrikatu zuten igandean La Yunteran. Azpimarratu zuten, gainera, "epe luzera, espazioaren kontrol mugagaberantz aurrera egiteko berme bakarra antolakuntza sozialista" dela.

Beharrezkotzat jo zuten "gero eta espazio eta lurralde gehiago hartzea" eta, batuta, "irabazi kapitalistari eraso egitea eskala handiago batean". "Urrutikoa badirudi ere, ezin dugu zalantzan jarri harantz jo behar dugula, eta gaur egiten dugun guztiak norabide horretan ibili behar du", gehitu zuten Madrilgo kideek.

La Yunteraren eginkizuna

La Yuntera espazio sozialista, hain zuzen ere, aipatutako horren guztiaren "hasiera ukigarri bat" izango dela zehaztu zuten. Esan zuten ez dela "espazio autonomo edo isolatu bat" izango: gaur egungo "eskala hurbilenean, auzoan, esku hartu" ahalko duen tresna bat baizik. Xehatu zuten, dena den, ez dela inondik inora "proiektu lokalista bat" izango, eta ez dela "bere horretan agortuko".

Hortaz, "Mugimendu Sozialistaren estrategia osoaren barruan" kokatu zuten La Yuntera; mugimenduari "balio izateko" eta hura "indartzeko". "Hori dela eta, espazio zehatz gisa, inoiz ez da ezinbestekoa izango", hausnartu zuten: "Proiektua ez da bukatuko espazioa husten badute, askoz ere handiagoa den estrategia eta indar baten barruan kokatzen baita". Madrilgo espazio sozialista berriaren zeregina izango da, dena den, "gure independentzia politikoa eta antolakuntza-independentzia" lortzeko bidean "posizioak aurreratzea".

NO HAY COMENTARIOS