Arrisku bizian dago Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialista. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak maiatzean salatu zuen promotore batek erosi duela eraikina eta etxebizitzak egin nahi dituela gaur egun Etxape kokatzen den lekuan, eta badirudi bertan negozioa egiteko asmoz jarraitzen duela enpresak: bi asteko epea eman du Zentro Sozialista husteko. Horretarako, mehatxu bat egin du: Kontseilu Sozialistak bertatik alde egiten ez badu, egunean 300 euroko, hilean 9.000 euroko eta urtean 110.000 euroko isunak jasoko ditu.
Legez, promotoreek ezin dute bertan etxebizitzarik egin gaur-gaurkoz, ezta hurrengo bost urteetan ere. Eta Kontseilu Sozialistaren lorpen bat da hori: duela lau urtetatik Etxapen egiten den jarduna legez erregistratzea eta administratiboki aitortzea lortu du, hau da, aitorturik gelditzea espazioa "inoiz baino biziago dagoela, edozein bizilagun edo herritarrentzat bistakoa den moduan". Hala ere, Zentro Sozialista suntsitzeko asmoz jarraitzen du eraikina erosi duen enpresak, eta "isun itogarrien" mehatxuei ekin die horretarako.
"Ez zaie inporta horretarako herrian zein auzoan jardun sozial eta politiko aktiboa duen espazio bat desalojatu behar izatea eta bost urtez lokala hutsa edukiz horrekin espekulatzea, gerora etxebizitzak eraikitzeko itxaropenarekin. Hilabete ugari doaz gu bertatik bota nahian", azaldu dute berriki Zumaiako kideek.
Hainbat desalojo saiakera
Gogora ekarri dutenez, promotorea hainbatetan saiatu da Zentro Sozialista husten, lehenengo iazko abenduan eta gero joan den ekainean. "Tinko matendu ginen eta gaur arte bertan jarraitzea lortu dugu. Baina orain, Etxapeko ateak zabaldu genituenetik lau urte betetzear direnean, berriz dago arriskuan pixkanaka-pixkanaka lan militantean oinarrituta eta herritar ugariren laguntzari esker eraiki dugun espazioa", ohartarazi dute.
Elkartasun-bilketak (arropa eta eskola-materiala kasu), hainbat arlotako errefortzu-eskolak adin guztietako pertsonentzat, gimnasioa, etxebizitzari eta soldatapeko lanari lotutako aholkularitza eta abar daude martxan Zentro Sozialistan.
Manifestazioa urriaren 2an
Etxaperen defentsan, desalojoa gelditu dadila exijitzeko, mobilizazio bat antolatu dute urriaren 2rako, Zumaian bertan. Beheko Plazatik irtengo da manifestazioa, arratsaldeko 19:00etan. "Promotoreen desalojo-mehatxuaren aurka, higiezinarekin espekulatzeko duten asmoaren kontra eta Etxape Zentro Sozialistaren zein bertako proiektuen jarraikortasunaren alde", bertaratzeko deia egin diete "Zumaiako herritarrei nahiz eragileei".