Apirilaren 23tik 25era bitartean ospatu dute Donostiako Zentro Sozialistak hiru urte bete izana. Ostegun arratsaldean hasi ziren urteurreneko ekimenak: "barrepoteoa" izan zuten Maria Blanco, Iker Iribarren, Asier K eta Manex Astigarraga umoregileen eskutik; Aner bakarlaria aritu zen Blas de Otero plazan; eta jarraian Urrunetik gatoz kantaldia eskaini zuten Berun taldeak eta Ekida Arte Ekimen Sozialistak. Ostiral arratsaldean, berriz, Diario Socialista-k ekoitzitako Munstroak sortzen direnean dokumentala eman zuten Zentro Sozialistan, eta pintxo-potea egin zuten segidan, Jamaiketakok girotuta.
Larunbatean egun osoko egitaraua izan zuten. Kubara materiala eramateko elkartasun-bilketak egin zituzten goizean, eta arratsaldean jarraitu zuten urteurreneko ospakizun-ekimenekin: gazte-jolasak, kalejira Arranopola txarangarekin, afaria eta musika-emanaldiak. Mateo Zikuta, Treverb, ZKN Brothers eta DJ 3Haizra aritu ziren, hain zuzen ere. "Mila esker egun hauetan Zentro Sozialistara gerturatu zareten guztioi, Kubarako bilketan ekarpena egindakoei eta egitarauan parte hartu duzuen guztiei", zioen Donostiako Kontseilu Sozialistak atzo: "Hemendik aurrera lanean jarraituko dugu eta Zentro Sozialistara gerturatzeko deia egiten diogu nahi duen orori".
Urteurrenari lotutako egitaraua aurkeztean, Kontseilu Sozialistak gogorarazi zuen "urte hauetan guztietan hainbat eragile eta antolakunderen aterpe" izan dela espazioa; bai Mugimendu Sozialistako antolakundeek euren jardun politikoa gauzatzeko, bai "langile-klasearentzako kalitatezko eta doako zerbitzuak eskaintzeko", bai "Donostiako eragile sozialek antolatzeko aukera izateko". Donostiako Harrera Sareak, adibidez, beharrezko laguntza eskaintzen die bertatik kale-egoeran dauden pertsonei, janari eta arropa bilketen bidez kasu. "Pozgarria da geroz eta zabalagoa eta indartsuagoa den Mugimendu Sozialistak halako espazioak lortu eta mantentzeko daukan gaitasuna", gaineratu zuten bestalde Kontseilu Sozialistako kideek.
Gipuzkoako hiriburuko Kontseilu Sozialistak 2023ko apirilean jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Egian, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Eraikinaren jabe legalak, Sukia enpresak, desalojo-prozesuari ekin zion berehala, baina gogor egin zioten aurre Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Desalojoa bertan behera geratzea eta zentroa egonkortzea lortu zuten, eta hiru urte daramatza martxan.