ACTUALIDAD
FIVASCO elkarteak, Harrera Sareak, Loiola Zentroak eta Korapilatuz elkarteak ekitaldi bat egin zuten igandean Irungo (Gipuzkoa) Ficoban, migratzeko saiakeran Bidasoa ibaian hil diren pertsonak oroitzeko. Oroitarri bat dago bertan bizia galdu duten migratzaileak gogoratzeko, eta bertan izan zen omenaldia seigarren urtez jarraian. Biktimetako batzuen izenak irakurri eta kandelak piztu zituzten bertan.
Mugek hil egiten dute, herriek harrera egiten dute lelotzat hartuta bildu ziren hainbat eta hainbat lagun ekitaldian, eta azaldu zuten Bidasoa ibaian gertatutakoak ez direla heriotzak, hilketak baizik. Hala, salatu zuten "Espainiako Estatuak eta Europar Batasunak mugak kanporatzeak (edo kanpoko herrialdeetara lekualdatzeak) arriskutsuago bihurtu dituela migrazio-ibilbideak jatorrizko lekuetatik alde egitera behartuta daudenentzat".
Nazio Batuen Erakundeak jasotako hainbat datu ekarri ditu gogora Bidasoko Hitza-k: 2026an, 60.000 pertsona baino gehiago saiatu dira Europara itsasoz migratzen (2024an baino %40 gutxiago), eta gutxienez 2.292 lagunek galdu dute bizia saiakera horretan. Migratzen ahalegindu direnen kopurua jaitsi egin da, baina gora egin du hildakoen kopuruak.