ACTUALIDAD
Datorren larunbatean, azaroaren 28an, Canon Français eskuin muturreko enpresak ekitaldia egingo du Biarritzen (Lapurdin). Pierre-Edouard Sterin enpresari supremazista eta homofoboa da Canon Françaisen burua (akzioen %30 ditu hark), eta Pierre-Alexandre Mortemard de Boisse eta Géraud du Fayet de la Tour aristokratek sortu zuten enpresa hori. Hori dela eta, hainbat gizarte-eragilek adierazi dute ekitaldi horrekiko haserrea, eta mobilizatzera dei egin dute Biarritzeko Irati Gelan: 09:00etarako finkatu dute hitzordua sare antifaxista autonomoak eta Mugimendu Sozialistak, eta Herri Harresiaren dinamikak bi ordu beranduagorako, goizeko 11:00etarako.
Miarritzekoaren aurretik, beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Sterinek, eta horietan politikara salto egiteko borondatea erakutsi du. "Frantziako kultura eta ohiturak ospatzea" ardatz dituela adierazi arren, haren aurka egin dutenak mehatxatu ditu behin baino gehiagotan: "Presta itzazue zuen maletak, 2027an alde egingo baituzue"; "lurraren aurka burua txikitu diezazuetela merezi duzue" edo "jan ezazue merguez-a [Afrika iparraldeko jaki bat] eta utz iezaiozue potroak ukitzeari. Ikaragarri gustatuko litzaidake zuek Warren-SStako dibisio baten aurrean ikustea" bezalako adierazpenak egin zituen joan den irailaren 21ean, ezin izan zuenean Miarritzen aurreikusitako oturuntza egin.
Izan ere, ordu hartan, 200 pertsona inguru hurbildu ziren protesta egitera Herriko Etxera, eta ekitaldia bertan behera gelditzea lortu zuten. Hori gutxi ez, eta 2027ko apirilean Frantziako hauteskunde presidentzialetan Rassemblement National eskuin muturreko alderdiak irabazteko plana osatu dute Sterinek eta enparauek, Perikles izenekoa. Haren bidez, alderdia eta komunikazio plan egituratu bat diruz hornitu nahi dituzte. Hori dela eta, ohartarazi dute horrelako oturuntza-ekitaldietan diruz parte-hartzea eskuin muturra politikoki elikatzea ere badela.
Oturuntzaren aldeko pintaketa faxistak Nafarroa Beherean
Testuinguru horretan, bankete faxistaren aldeko pintaketak agertu dira berriki Irisarrin eta Ortzaitzen (Nafarroa Beherea). Larunbatetik iganderako gauean agertu ziren, eta horietan "Gora Frantzia eta Gora Canon Français" edo "independenteei ez!" bezalako mezuak zabaldu zituzten. Litekeena da azken hori abertzaleen aurkakoa izatea, terminologia aldetik zuzena izan ez arren.
Haatik, herritarrek berehala ekin diote erantzuna antolatzeari, eta atzo arratsaldeko 19:00etan elkartu ziren Ortzaizen bertan, frontoi zaharrean. Honako mezu hau zabaldu zuten sare sozialetan mobilizaziora deitzeko: "Pintaketa itsusien aitzinean bil gaitezen, hortzak erakutsi gure herriaren defendatzeko ergelkeriaren eta faxismoaren kontra. Hau ez da Frantzia. Canon Français pikutara. Ez dira pasako".