ACTUALIDAD / Centros socialistas

Etxape Zentro Sozialista defendatzera deitu dute ehunka lagunek Zumaian

Promotore batek eraikina erosi eta Zentro Sozialista husteko bi asteko epea eman ondoren, Etxaperen alde mobilizatu da herritar andana; espekulazioaren aurka, eskolaz kanpoko hezkuntzarako doako sarbidearen alde, doako kirol-eskaintzaren alde eta, orokorrean, langile-antolakuntzaren alde.
2026eko urriaren 4 - 17:36
Etxape Zentro Sozialista defendatzera deitu dute ehunka lagunek Zumaian

Ostiral arratsaldean ehunka pertsona mobilizatu ziren Zumaian (Gipuzkoa), arriskuan baitago bertako Etxape Zentro Sozialista. Eraikina promotore bati saldu zion Eroskik, eta bertan etxebizitzak eraiki eta aberasteko esperantzarekin, Zentro Sozialista hustu nahi du orain enpresak. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak irailaren amaieran jakinarazi zuen promotoreak bi asteko epea eman ziela Etxapetik alde egiteko, bestela, egunean 300 eurorainoko isunak ezartzeko mehatxuarekin. Horren aurka, Zentro Sozialista defendatzeko hautua egin du Kontseilu Sozialistak, eta mobilizazio bat antolatu zuen ostiralerako.

Beheko Plazatik abiatu zen manifestazioa arratsaldeko 19:00ak jota, eta desalojoaren aurkako oihuak ozen entzun ziren Zumaiako kaleetan. Hainbat aldarri izan ziren presente ibilbidean zehar, hala nola, eskolaz kanpoko doako hezkuntzarako sarbidearen aldeko aldarria (ikasle askok doako errefortzu eskolak jasotzen dituzte Etxapen), gazte langileentzako doako kirol-eskaintzaren aldekoa (besteak beste boxeoko klaseak doan eskaintzen dituzte Zentroan), espekulazioaren aurkakoa, eta, oro har, langile-antolakuntzaren aldekoa.

Etxape alboan amaitu zen manifestazioa, eta bertan hartu zuten hitza Kontseilu Sozialistako kideek. Gogorarazi zuten eraikinaren jabe berriak birritan saiatu direla Zentro Sozialista husten, baina bertan tinko segitzea lortu duela Mugimendu Sozialistak, lau urtez lan militanteari esker eraikitzea lortu duten espazioa defendatuz. Zentro Sozialistak aldarrikatuz, Etxape defendatzera eta bertan dauden hamaika ekimenetan parte hartzera deitu zuten, zumaiar andana eta Euskal Herriko beste zenbait espaziotako kideak ondoan zituztela.