Pertsona migratzaileak seinalatzeko deialdiak egiten jarraitzen du Lo que no te cuentan de Donosti talde erreakzionarioak. Egia auzoan Kaleko Afari Solidarioen kontra mobilizatu eta udala elkartasun-ekimena debekatzera bultzatu ostean, auzo gehiagotan zabaldu nahi dituzte gorroto-mezuak erreakzionarioek. Amara Berrin jarri dute hurrengo hitzordua, hurrengo astelehenerako, azaroaren 11rako.
Egian egin bezala, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren leku eta ordu berean bertaratu nahi dute erreakzionarioek, elkartasun-ekimena eta afaltzera joaten diren pertsonak kriminalizatzeko. Hain zuzen ere, 20:00etan Anoetako topoaren estazio ondora joateko deia zabaldu dute.
Aste honetan, Easo plazan berdina egiten saiatu da Lo que no te cuentan de Donosti. Horren aurrean, kontramanifestazio batera deitu zuten hiriko hainbat kolektibok, lelo argi bat hartuta: Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez. Azkenean, deialdia atzera bota behar izan zuen Lo que no te cuentan de Donosti-k. Esan zuen "Valentziari errespetuagatik" utzi zuela bertan behera protesta.
Oraingoan ere, erreakzionarioen gorroto-deiari aurre egin diote Donostiako hainbat kolektibok, eta berriz antolatu dute kontramobilizazio bat, arrazakeriaren, klasismoaren eta faxismoaren aurka. Hortaz, parez pare izango dituzte berriro ere.
Hurrengo astelehenekoa ez da izan Lo que no te cuentan de Donosti-k jarri duen hitzordu bakarra. Azaroaren 18an ere egin nahi du protesta bat, Alde Zaharrean kasu horretan. Berriz jarriko ditu jopuntuan Kaleko Afari Solidarioak, banaketa egiten den toki eta ordu berean mobilizatu nahi baitu.