ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Joan den asteazkenean, familia batek Iruñeko Etxebizitza Bloke Sozialistatik alde egin behar izan zuen unea.
2023/11/17 15:00

Geroz eta gehiago dira Espainiako Estatuan alokairua partekatu behar duten pertsonak: %40 hazi zen logelen eskaria 2015 eta 2022 artean, Spotahome plataformaren hitzetan. Idealista-k kaleratutako datuen arabera, partekatzeko pisuen iragarkien erantzunak bikoiztu egin ziren 2021 eta 2022 artean bakarrik. Eskaintza murrizten den aldi berean eskaria horrenbeste handitzeak prezio-igoerak ekarri ohi dituenez, 2023 amaierarako kostua %5 eta %10 artean garestitzea espero da.

Gaur egun, logela bakoitzeko batez besteko prezioa 445 eurokoa da Espainiako Estatuan. 2022an %20,8 handitu zen logela bat alokatzearen kostua, eta 2015etik %66,2 igo da guztira, Fotocasa-ren azken datuen arabera. Izatez, gaur egun logela bat alokatzeak balio duenarekin, ia etxebizitza oso bat aloka zitekeen duela zortzi urte: 2015ean, etxebizitza oso bat alokatzearen prezioa hileko 560 euroan kokatzen zen, eta logelarena 265 euroan, batez beste.

Gaur egun logela bat alokatzeak balio duenarekin, ia etxebizitza oso bat aloka zitekeen duela zortzi urte: 2015ean, etxebizitza oso bat alokatzearen prezioa hileko 560 euroan kokatzen zen, eta logelarena 265 euroan, batez beste

Fotocasa-k eta Infojobs-ek egindako azken azterketen arabera, batez beste, soldataren %43 bideratzen da Espainiako Estatuan etxebizitza ordaintzera. Dena den, azken hamarkadan alokairuen prezioa %51,4 handitu bada ere, soldatak %3,4 baino ez dira hazi. Ikerketaren arabera, 16 eta 29 urte arteko gazteek euren soldataren %85,1 bideratu beharko lukete etxebizitza oso bat alokatzeko.

Adinari dagokionez, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE, gaztelerazko sigletan) datuen arabera, estatu mailan, euren artean familia-harremanik ez duten eta 45 urte baino gehiago dituzten 123.000 lagunek alokairuko pisuren bat partekatzen dute. Horrez gain, Fotocasa-ren Etxebizitza partekatzen dutenen profila txostenak honako ondorioa plazaratzen du: Espainiako Estatuan, alokairuko etxebizitza partekatzen dutenen batez besteko adina bost urte igo da urtebetean. 2021ean, batez besteko adina 29 urtekoa zen, eta 2022an, berriz, 34 urtekoa. Datu orokorrei dagokienez, etxebizitza partekatzen dutenen %54 dira 25 eta 44 urte artekoak, %25 dira 18 eta 24 urte artekoak, eta %18 dira 45 eta 75 urte artekoak.

Espainiako Estatuan, alokairuko etxebizitza partekatzen dutenen batez besteko adina bost urte igo da urtebetean. [...] Etxebizitza partekatzen dutenen %54 dira 25 eta 44 urte artekoak

Hego Euskal Herrian

Idealista-ren azken txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko hiriburuetako logelen alokairuaren prezioa estatuko handienen artean kokatzen da. Datuei erreparatuta, pisua partekatzeko beharra dutenen batez besteko adina 32 urtekoa da Donostian (Gipuzkoa), 42 urtekoa Gasteizen (Araba) eta 34 urtekoa Iruñean (Nafarroa) zein Bilbon (Bizkaia).

Eskaintzari dagokionez, Idealista-ren datuek diotenez, Bilbon 350 iragarki inguru daude, Iruñean 285 inguru, eta Donostian zein Gasteizen 100 inguru. Donostia da hiribururik garestiena, logela bakoitzeko, 250-1.200 euro arteko prezioekin. Bilbo eta Iruñea leudeke gero, logelako, 200-1.000 euroko alokairuekin. Gasteizen, berriz, 250-500 euroan dago kostua.

Pisua partekatzeko beharra dutenen batez besteko adina 32 urtekoa da Donostian, 42 urtekoa Gasteizen eta 34 urtekoa Iruñean zein Bilbon

NO HAY COMENTARIOS