ACTUALIDAD
Etxebizitza bilatzea gero eta lehia handiagoa bihurtu da gazteentzat. Plentzian bizi den Malen Agirrezabalak lau urtean hiru aldiz aldatu behar izan du etxebizitza. Lehenengo pisuan kontraturik gabe bizi ziren, eta etxejabeak oso denbora gutxirekin jakinarazi zien etxea saldu nahi zuela. Bigarrenean, neguko denboraldirako kontratua baino ez zuten lortu, ekainean beste maizter batzuei alokatzeko asmoa baitzuten jabeek. Ondoren, hamaika bisita egin zituzten eta egindako guztietan baldintza bezala udan bikoitza ordaintzea eskatzen zieten, bi hilabeteko fidantza batekin. "Etxejabeek badute horren bermea; badakite beti egongo dela eskatzen duten diru kopuru neurrigabea ordaintzeko prest dagoen norbait", azaldu du. Azkenik, dauden pisura sartzeko hainbat galdera erantzun behar izan zituzten eta azkenengo hiru nominak bidali behar izan zizkioten jabeari. Udan gelditzeagatik 200 euroko plus bat ordaindu behar dute, gainera.
Iruñean ere antzeko egoera bizi izan du Lara Verdugok. Ikasleentzako etxebizitzen kontratuak ikasturteari lotuta egoten dira askotan, eta udan bizilekurik gabe geratu zen, hirian lanean jarraitu behar bazuen ere. Etxejabeak udan haien gauzak pisuan gordetzen utzi zien, alokairuaren prezio erdia orainduta, baina ez zien uzten bertan bizitzen. Azkenean, garestiagoa zen pisu batera joan behar izan zuen, ezezagun batzuekin bizitzera. Higiezin-enpresari 200 euro ordaindu behar izan zizkion kontratua sinatzeagatik. Logela bakoitzak prezio desberdin bat zeukan: "Nire logela merkeena zen, okerrena zen, zulo bat, baina ezin nuen handiago bat ordaindu", kontatu du Larak. Jabea goian bizi zen, eta maizterren bizilekutik pasatu behar zuen berera joateko. Sanferminetan, turistei alokatu nahi zizkien logelak.
Gaur egun, kalitate txarreko pisuetan bizitzea ez da salbuespena. Malen Ubiriak Deustun beste hiru lagunekin partekatzen zuen pisua oso zaharra zen, argia askotan joaten zen eta komunetako bat ezin zen erabili: "Elektrikariak eta iturginak behin baino gehiagotan etorri behar izan ziren, eta etxejabeak mehatxu egiten zigun, konponketak fidantzatik ordainduko zituela esanez; ardura gurea zela esaten zigun oihuka". Ondoren, hezetasunek eta ur-iragazketek etxebizitza hartu zuten: sukaldea urez bete zen eta logela bateko sabaia erori zen. "Pisukideok kudeatu genituen aseguruarekin harremana eta konponketa-lan guztiak", dio. Perituak etxea egoera osasungaitzean zegoela eta bertan bizitzea ez zela gomendagarria adierazi zuen. Hala ere, bertan bizi behar izan zuten, ez zutelako beste bizilekurik aurkitu. "Lau-bost hilabete eman genituen guri ez zegokigun arazo bat kudeatzen, urez betetako pisu batean, lasai bizi ezinik eta etxejabearekin eztabaidatzen", azaldu du.
Amaiur Ruizek eta Mikel Ruedasek kontraturik gabe bizitzearen ondorioak pairatu dituzte, Gasteizen. Etxejabeak kontratua egingo ziela agindu zien, baina hilabeteak igaro ondoren etxebizitza berea ere ez zela jakinarazi zien. Amaiurrek beka jaso ahal izateko kontratua behar zuela azaldu zionean, kontratu faltsu bat egitea proposatu zion emakumeak. Azkenean, handik alde egitea erabaki zuten. Etxejabeari abisua eman eta bi egunera, ordea, etxean zituzten gauza guztiak kalean utzi zizkien jabeak: "Gure gauza guztiak kalean, inor ez Gasteizen horiek jasotzeko...".

Lara Verdugo.
Alokairuak baldintzatutako bizitzak
Etxebizitzaren prezioek ez dute soilik non bizi erabakitzen; gazteen eguneroko erabakiak eta sakrifizioak ere baldintzatzen dituzte. Larak, esaterako, osasun mentalean hainbeste eragiten ez dion pisu batera joatea lortu du, baina horrek hilabete bukaerara estu iristea ekarri dio. "Excel bat daukat nire gastu guztiak apuntatzeko, eta beti etxebizitza da nire gastu handiena", adierazi du. Alokairuari aurre egiteko, bi lan batera egin, asteburuetan lan egin eta aisialdia zein janari gastuak murriztu behar izan ditu.
Amaiurrek ere ikasketak eta lana uztartzeko beharra aipatu du: "Etxebizitzak eta ikasketek eragindako gastuak ordaindu ahal izateko lan egin behar izatea sozialki meritu gisa aurkezten bada ere, inork ez luke bere burua lan egitera behartuta ikusi behar ikasten jarraitu ahal izateko". Horri beken eskasia gehitu behar zaio, gaineratu duenez: "Jasotzea ez da erraza, eta jasotzen direnean ere ez dira nahikoak alokairuari aurre egiteko".
Malen Ubiriak gurasoen laguntzari esker ordaindu ahal izan du Bilboko alokairua. Klase partikularretatik edo udalekuetatik lortutako diru-sarrera puntualekin ezinezkoa litzaioke gastu horiei modu autonomoan aurre egitea. Mikelen kasuan ere, gurasoen laguntza ezinbestekoa da beretzat, nahiz eta horrek familiarentzat dakarren zama nabarmentzen duen.
Etxebizitza eskuratzeko ezintasunak gazteen bizitza-proiektuak ere baldintzatzen ditu. Larak, esaterako, karrera amaitzean gurasoen etxera itzuli beharko duela uste du. "Kotxea, adibidez, ezin dut izan; edo alokairua edo kotxea da", esan du. Malen Agirrezabalak ere argi dauka ziurrenik ezin izango duela etorkizunean Plentzian bizi, eta Ubiriak Donostian bere auzoan etorkizun bat irudikatzea "fantasia-ariketa" dela dio: "Etorkizunarekiko ziurgabetasuna sentitzea egunerokoaren parte da". Mikelen hitzetan, "ez dugu gure burua irudikatzen bizitza-proiektu bat eraikitzen, etxebizitza betirako partekatu behar izatea suposatzen ez duena". Honela laburbildu du egoera Amaiurrek: "Bizitza osoa ematen duzu lanean beste baten sakelak betetzeko, ematen du ez dagoela besterik".

Malen Agirrezabala.
Belaunaldi oso baten arazoa
Gazteek beren inguruan ere antzeko egoerak ikusten dituzte. Amaiurren hitzetan, "zailena ez da zerrendatzea zenbat lagun ditugun egoera kaskarretan bizitzen, espaziorik gabe, 400 euro baino gehiago ordainduz edo etxejabeekin arazoak izanda; zaila da kontrakoa zerrendatzea". Agirrezabalak 30 urte ditu, eta adierazi du bere kuadrillan gazte gutxi batzuk baino ez direla gurasoen etxetik emantzipatu. Gehienek ez dute alokairua ordaintzeko eta, aldi berean, etxebizitza bat erosteko aurrezteko gaitasun ekonomikorik: "Bizpahiruk besterik ez dute etxebizitza bat erosi eta, kasu hauetan, bikotearekin batera erosi dute ez dutelako ahalmenik norberak berea erosteko". Beste batzuek, berriz, dagoeneko barneratu dute ez dutela inoiz etxebizitza propioa erosteko adina diru izango.
Errealitate berdina azpimarratzen du Larak: "Bikoterik gabeko pertsonek edo inguruan lagundu dezaketen inor ez dutenek etorkizun beltza dute etxebizitzari begira". Ubiriak, Donostian, hazi diren auzoetan etxebizitza lortu duten gazte gutxi ezagutzen ditu: "Emantzipatu diren gehienek senitarteko edo lagunen etxeetara jo dute, merkatutik kanpoko prezioetan".
Agirrezabalaren arabera, Uribe Kostan metro koadroaren prezioa %33,2 igo da azken bost urteetan: "Duela hamar urte 200.000 euroan saltzen ziren etxebizitzak bikoitzarengatik ari dira saltzen eskualdeko hainbat herritan". Plentzia eta Gorlizko etxebizitzen erdia baino gehiago udan soilik erabiltzen direla kalkulatzen da, urteko gainerako hilabeteetan hutsik egonda. Hala ere, etxebizitza-eskaintza nahikorik ez dagoela esaten zaie herritarrei. "Ez dugu herrian bertan etxe bat erosteko erosahalmenik", dio Agirrezabalak.

Greba eta antolakuntza
Egoera horren aurrean, bost gazteek beharrezkotzat jotzen dute azaroaren 11ko etxebizitzaren inguruko greba orokorra. Haien ustez, etxebizitzarena aspaldiko arazoa da, baina azken mobilizazioek etsipen-sentsazio orokortuari aurre egiteko aukera ireki dute. Ubiriaren hitzetan, belaunaldi oso batek ikusi du lehenengo aldiz bere azalean bizi duen arazo baten aurrean erantzun bat eman daitekeela.
Lararentzat greba "borrokarako beste erreminta bat" da. Etxebizitzaren arazoa negozio gisa ulertzen duen sistemari aurre egiteko eta langile-klasea antolatzeko aukera ikusten du bertan. Aldi berean, instituzioek arazo estruktural bati partxeak jartzen dizkiotela salatu du, eta grebaren mugak ere aipatu ditu: "Arriskua da lan hau guztia hor geratzea". Horregatik, grebaren ondoren ere antolaketak jarraitu behar duela azpimarratzen du.
Agirrezabalak ere mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du: "Etxebizitza duin batean bizitzea pertsona ororen eskubidea izan beharko litzateke, eta ez banako batzuen poltsikoak betetzera bideratutako negozioa". Mikelen iritziz, gainera, grebak etxebizitzaren negozioaren atzean dagoen makineria agerian uzteko balio du, baina ezinbestekoa da borroka horren emaitzak langile-klasearentzat benetako aldaketetan islatzea, alderdi politikoek beren interesetarako erabil ez dezaten.

Amaiur Ruiz eta Mikel Ruedas.
Etxebizitza eskubide bermatua, ez merkantzia
Gazteek argi dute etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak ezin direla laguntza ekonomikoetara edo aldi baterako konponbideetara mugatu. Etxebizitzak merkantzia izateari utzi behar diola aldarrikatzen dute. "Honen errudunak espekulatzaileak eta errentistak dira", dio Larak, eta azpimarratzen du foku mediatikoa errudunak ez direnengan jartzen dela, boteredunei egiazkoak seinalatzea ez zaielako interesatzen. Bestalde, seinalatzen du ez dela posible errentistak langile-klaseak ordaintzen dituen alokairuetatik bizitzea: "Bizi naizen pisua bost pisuko bloke bat da eta denak jabe berarenak dira. Jabe hori jende prekarizatuaren diruari esker bizi da".
Espekulatzaileenak, funts putreenak, bankuenak eta abarrenak diren etxeak publiko bihurtzea aldarrikatzen du, eta dio hutsik dauden etxebizitzak erabiltzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitzen kalitatea bermatzea direla bidea. Horrekin batera, sarrera-gastuak ere salatu ditu: fidantzak, aseguruak eta etxebizitza bat alokatzeko ordaindu beharreko bestelako gastuak desagertzea. Ordea, seinalatu du grebako aldarri nagusiak ez direla agenda instituzionalean daudenak.
Agirrezabalak, espekulatzaileak desjabetu eta espekulazioa debekatzeaz gain, etxebizitza eskubide gisa sozializatzea eta dauden baliabideak modu ekitatiboan antolatzeko beharra aipatu du, pertsona orori bizitzeko beharrezkoa duen etxebizitza duina bermatzeko. Horixe azaltzen du Ubiriak ere: "Ezin du merkatu kapitalistaren logikak arautu oinarrizko eskubide izan beharko lukeen etxebizitzarako sarbidea; modu arrazionalean planifikatu beharko litzateke". Azkenik, honela laburbildu du Agirrezabalak: "Pertsona orok modu duin batean bizitzeko beharrezkoa duen etxebizitza bermatu behar da".