Ir al contenido
ACTUALIDAD / Azaroak 11: greba orokorra

Esku-hartze sozialeko 1.000 langilek baino gehiagok bat egin dute azaroaren 11ko greba orokorrarekin

Adierazpen bat atera dute 'Etxebizitza eskubide bermatuaren alde, espekulazioa eten' lelopean, eta salatu dute baliabide faltak lan-karga handitzen duela eta euren lanari kontrol-funtzioak esleitzen zaizkiola. Laguntzak jasotzen dituzten pertsonen kriminalizazioa ere gaitzetsi dute.
2026eko azaroaren 9 - 12:29
Esku-hartze sozialeko 1.000 langilek baino gehiagok bat egin dute azaroaren 11ko greba orokorrarekin
Sei adingabeko familia baten etxegabetzea Gasteizen, urriaren amaieran.

ACTUALIDAD

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, esku-hartze sozialeko hainbat enpresatako langile-batzordeekin eta langile-asanbladekin batera, adierazpen bat sinatu du berriki, eta dei egin die sektoreko langileei asteazken honetako greba orokorrera batu daitezen. 1.000 beharginek baino gehiagok babestu dute komunikatua, espekulazioaren aurkako borrokari babesa adieraziz eta esku-hartze sozialean bizitzen ari diren egoera salatuz.

Sinatzaileek gogorarazi dute egunero lan egiten dutela "etxebizitzaren espekulazioaren ondorio gordinenak" zuzenean pairatzen dituzten pertsonekin, eta gero eta jende gehiagok jotzen duela gizarte-zerbitzuetara edo hirugarren sektore sozialeko baliabideetara. Salatu dute, hala, "etxebizitzaren prezioaren etengabeko igoerak langile-klasea pobretzen eta errentisten eta enpresarien etekinak handitzen" dituela. "Ondorioak agerikoak dira: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, emantzipatzeko ezintasuna, etxegabetzeak eta indarkeriazko edo tratu txarreko egoeretatik irteteko oztopoak...".

Baliabide publikoen gabezia

Idatziak instituzio publikoak seinalatzen ditu, behar adina baliabide eskaintzen ez dituztelako. Larrialdiko etxebizitzen eskasia, adingabeentzako zentroen itxiera eta gizarte-bazterketaren aurkako laguntzen eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak aipatzen dituzte horren adierazle gisa, hain zuzen ere. "Bazterketa-egoeran dauden pertsonen kopurua handitzen ari den bitartean, haien beharrei erantzuteko baliabideak murrizten dira, eta aldi berean higiezinen espekulatzaileei alfonbra gorria jartzen zaie", salatu dute.

Lan-baldintzetan eta esku-hartzearen kalitatean eragina

Egoera horrek zuzenean eragiten die esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzei eta esku-hartzearen kalitateari, idatzian zehazten denez, azaldu baitute baliabide faltak lan-karga handitzen duela eta arreta egokia eskaintzeko aukerak murrizten dituela. Esku-hartze sozialeko lanaren izaera bera ere aldatzen ari dela ohartarazi dute, sinatzaileen esanetan, "gero eta gehiago zabaltzen ari baita gizartean gizarte-zerbitzuen eginkizuna laguntzak merezi dituztenak eta merezi ez dituztenak bereiztea dela dioen ideia". Eta gaineratu dute: "Ondorioz, gure lanari gero eta kontrol- eta diziplina-funtzio gehiago esleitzen zaizkio, laguntza, akonpainamendua eta pertsonen autonomia sustatzea ardatz izan beharko lituzkeen esku-hartzearen kaltetan".

Komunikatua sinatu duten langile-eragileek, bestalde, ez dute onartzen "pobrezia edo bazterketa-egoeran dauden pertsonak errudun gisa aurkeztea". Beren ustez, akatsa da errua egoera horiek pairatzen ari direnei leporatzea, "etxebizitzaren negozioaren eta baliabide publikoen gabeziaren erantzukizuna ezkutatuz". Gogoan izan dute, gainera, ez direla "arazo isolatuak" etxegabetzeak, emantzipatzeko ezintasuna eta etxebizitza ezagatik tratu txarreko egoeretatik atera ezin izatea; "etxebizitza espekulazio-iturri bihurtzen duen eredu sozialaren ondorio zuzenak dira".

Hiru aldarrikapen

Azaroaren 11ko grebarekin bat eginez, sinatzaileek etxebizitzaren espekulazioaren aurkako borroka "langile-klase osoaren borrokaren parte" dela aldarrikatzen dute, eta hiru aldarrikapen nagusi babesten dituzte: "Espekulatzaileen desjabetzea, etxebizitzaren bidez aberasten direnen interesen gainetik langile-klasearen beharrak lehenesteko; espekulazioaren debekua, etxebizitzak negozio eta etekin pribaturako tresna izateari utz diezaion; eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea, pertsona guztien eskubide izan dadin, eta ez errentisten eta enpresarien etekinak handitzeko bitartekoa".

Atxikimenduak

Arrats Elkarteko, Bizgarri Elkarteko, Bideberriako eta Bizkaiko Gurutze Gorriko langile-batzordeek, Accem Nafarroako langile-asanbladak, Iruñeko Aldezar elkarteko asanbladak eta Iruñeko Batean federazioko asanbladak sinatu dute adierazpena. Guztira, Euskal Herriko esku-hartze sozialeko sektorean diharduten 1.000 langile inguru ordezkatzen dituzte.