Ir al contenido
ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda

Etxebizitza emakumeen aurkako indarkeria-espazio bat dela salatu dute Itaiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Etxebizitzaren arazoak emakumeen bizitzetan dituen ondorioak azaltzeko ikerketa-txosten bat egin dute, sindikatuarengana jo duten emakumeen testigantzak bilduz besteak beste. Azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat eginez, bi antolakundeek nabarmendu dute etxebizitzaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak ezinbesteko zutabe direla sozialismoaren eraikuntzan.
2026eko azaroaren 9 - 09:25
Etxebizitza emakumeen aurkako indarkeria-espazio bat dela salatu dute Itaiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

ACTUALIDAD

Emakume langileek etxebizitzaren alorrean jasaten dituzten indarkeria matxista eta zaurgarritasuna salatu dituzte Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, Bilbon egindako agerraldi batean. Izan ere, etxebizitzaren arazoak emakumeen bizitzetan dituen ondorioak azaltzen dituen ikerketa-txosten bat egin dute berriki bi antolakundeek (Etxebizitza, emakume langileon indarkeria-espazio. Hego Euskal Herriko erradiografia), eta prentsaurrekoan aurkeztu zuten lana.

Besteak beste sindikatuarengana jo duten emakume langileen testigantzak jasoz, etxebizitza batera sarbidea izateko dituzten zailtasunak aztertu dituzte lan horretan, baita kalitatezko etxebizitza bermatua ez izateak emakume horiengan dituzten ondorioak ere. Dena den, antolakundeek azaldu dute "estatistika hutsetatik haragoko ondorioak" atera dituztela mahaira, azpimarratu baitute "emakume langileok zailtasun handiagoak ditugula etxebizitzarako sarbidea izateko, baldintza ekonomiko kaskarrak direla-eta: soldata baxuagoak, zaintza-zama eta abar". Horrekin batera, seinalatu dute "etxebizitza ez dela babeslekua emakume askorentzat; aitzitik, emakume langile askorentzat kontrolerako, zaurgarritasun ekonomikoa areagotzeko eta indarkeria matxista gauzatzeko espazioa da".

Hamaika babesgabetasun egoera: erasotzaileekin bizi behar izatea, indarkeria sexualean oinarritutako kontratuak eta etxeko langileen errealitate larria

Emakume langileek jasan beharreko hamaika babesgabetasun-egoera atzeman dituzte sindikatuak eta Itaiak, eta horietako batzuk nabarmendu dituzte. Batetik, azaldu dute emakume askok etxean duten biolentzia egoeratik "askatu nahi izanda ere", ez daukatela nora joan, eta horregatik, beren senar erasotzailearekin bizitzea beste aukerarik ez dutela; edo euren etxea gizonaren izenean dagoenez, hark alde egin ostean, etxegabetu egiten dituztela emakume horiek.

Bestetik, salatu dute emakume langile askok onartu behar izaten dituztela "etxejabeen partetik indarkeria sexualean oinarritutako bortxazko kontratuak". "Gainera, etxebizitzarako sarbide egonkorrik gabe aterpetxeetan edo pisu partekatuetan bizi behar izateak indarkeria handiagoko egoeren aurrean jartzen ditu emakumeak", azaldu dute.

Eta, horrekin batera, etxeko langileen egoera larriaz ohartarazi dute: "Beren nagusiaren etxean igarotzen dituzte 24 orduak, esplotazio-baldintzetan isolatuta eta beste inora joateko baliabiderik gabe". Horiek horrela, laburbilduz, Itaiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dute emakume langile askok eta askok "bi aukeraren artean erabaki" behar izaten dutela: "Erasotzaileekin bizi ala kale gorrian gelditu".

Instituzioen baliabide falta eta erasotuen birbiktimizazioa

Antolakundeek kritikatu dute indarkeria matxista pairatu duten emakumeei bideratutako baliabideak "gero eta urriagoak" direla eta "muga nabarmenak" dituztela; hain zuzen, indarkeria matxista kasuak gora egiten ari diren eta etxebizitza-arazoa areagotzen ari den momentu batean.

Besteak beste, azpimarratu dute "traba burokratikoz beteriko prozesuak" izaten direla eta emakumea "birbiktimatzen" dutela horietan, "erasotzaileen mende egotetik instituzioen tutoretzapean egotera igaroz". "Prozesu horietan emakumeak izaten dira seinalatuak eta zelatatuak, inondik inora ez erasotzaileak beraiek", gaineratu dute.

Era berean, kritika egin diote instituzioek indarkeria matxistaren aurkako borroka albo batera utzi izanari, "irabazi ekonomikoaren mesederako". "Indarkeria matxistak emakumeon bizitzetan ondorio lazgarriak uzten dituen arren, argi dago alderdi politiko instituzionalentzat ez dela lehentasuna hori amaitzea, gutxi batzuen errentagarritasun ekonomikoa lehenetsi baitute", xehatu dute: "Gure auzoak eta herriak pisu turistikoz betetzen ari diren bitartean, indarkeria jasan duten emakumeak etxegabetzen ari dira". 

Etxebizitza-eskubidearen alde eta indarkeria matxistaren aurka mobilizatzeko deia

Indarkeria matxista jasan duten emakumeen babesa eta ongizatea bermatzeko, hiru aldarrikapen nagusi mahaigaineratu dituzte Itaiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "indarkeria matxista jasan duten emakume guztiei babesgunea izango den kalitatezko etxebizitza bermatzea, hasiera-hasieratik eta inolako baldintzarik gabe"; "emakume horien eta, seme-alabarik izatekotan, haien ongizaterako beharrezkoak zaizkien laguntza profesionalak, psikologia-zerbitzua, esaterako, bermatua izatea"; eta "babes soziala antolatzea, guztion ardura baita erasotzailearen aurka posizionatzea eta erasoen aurrean kalera ateratzea". 

Aldarrikatu dute, bestalde, etxebizitzaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak ezinbesteko zutabe direla sozialismoaren eraikuntzan; izan ere, "emakume langileen zapalkuntza amaitzeko askatasun ekonomikoa eta etxebizitza-eskubidea behar-beharrezkoak dira". Horregatik guztiagatik, azaroaren 11n espekulazioaren aurka eta etxebizitza-eskubidearen alde antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko dei egin dute, baita azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko ere.