ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/11 12:42

Gerra-krimenak egin zituzten 900 nazi Kanadara tokialdatu ziren Bigarren Mundu Gerra bukatzean. Hori frogatzen duten hainbat agiri aurkitu zituen Kanadako Liburutegi eta Artxiboak (LAC); Ottawan kokatuta dago gaur egun. Ekainean eta uztailean, "norbanako eta antolakunde jakin batzuekin" bildu ziren LACeko arduradunak, dokumentu horiek argitaratu edo ezkutuan mantendu erabakitzeko.

Antza denez, erabakia hartu ahal izateko kontsulta-prozesura hainbat talde eta pertsona gonbidatu zituen LACek; tartean, Kanadako ukrainarren komunitatearen ordezko bezala hautatutako pertsona jakin batzuk. Faxistei buruzko informazioa argitara emateko eskatzen duten norbanakoak eta kolektiboak, berriz, kanpo utzi zituen. Besteak beste, Holokaustoko biziraule batzuk edota Holokaustoa ikertu izan duten hainbat aditu geratu ziren iritzia emateko prozesutik kanpo.

Izan ere, badirudi agiriek Gobernu Federalarentzat "lotsagarria" den informazioa erakusten dutela, dokumentuak ikustera gonbidatutako pertsona batzuen arabera. Hala, agiriak argitaratzearen aurka egin dute, horietan agertzen diren pertsonen aurkako "demanda berriak" irekitzeko aukeraren beldur dira-eta. Esaterako, Ukrainako Waffen-SS dibisio faxistako kide ohiei buruz ari dira, asko Kanadara joan baitziren gerra amaitutzat ematean.

LACek, ustez, irailaren 16tik 20ra bitartean argitaratuko ditu hainbat datu, baina gerra-kriminal nazien izenak jakinaraziko dituen edo ez kolokan dago. Antza denez, Holokaustoaren biktimek zein ikertzaileek faxisten izen-abizenen zerrenda eskatu dute, bai eta agiri horiek ikusteko gonbidapenik jaso ez izana kritikatu ere.

Kirzner-Robertsek, Wiesenthal Center for Holocaust Studies ikertzaile-taldeko kide batek, zerrenda plazara dadila exijitu du. "Genozidioan parte hartu zuten norbanakoak hainbat hamarkadaz Kanadan modu baketsuan bizi izan direla badakigu" nabarmendu duenez, eta "egia ezagutzera emateko garaia" dela aldarrikatu du.

Ukrainako Waffen-SS dibisioko soldadu bat omendu zuen Kanadako Parlamentuak

Iaz, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Kanadako Komunen Ganberan parte hartzen ari zela, Jaroslav Hunka gonbidatu zuen bertara Anthony Rotak, Kanadako Komunen Ganberako presidenteak. Txalo-zaparrada jaso zuen hark, heroi bezala aurkeztua izan ondoren.

Hunka, ordea, Ukrainako Waffen-SSko soldadu izan zen. 1943an sartu zen bere borondatez talde militar nazian, eta gerra amaitzean, beste soldadu faxista asko bezala, Kanadara joan zen.

NO HAY COMENTARIOS