Ir al contenido
ACTUALIDAD / Azaroak 29: hauteskundeak

PPren aurkako erantzun herrikoia kriminalizatu dute EAJk eta EH Bilduk

Asteburuan Hernanin PPren kontra izandako protesta gaitzetsi dute Imanol Pradalesek eta EH Bilduko Oihana Etxebarrietak. Hernaniko erantzunaren ondoren, dena den, hauteskunde-bira aldatu behar izan du PPk.
2026eko azaroaren 17 - 08:45
PPren aurkako erantzun herrikoia kriminalizatu dute EAJk eta EH Bilduk

ACTUALIDAD

Alderdi Popularrak (PP), gaur-gaurkoz, ez dauka inolako ordezkaririk Gipuzkoatik Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta inkestek diote oraingoan ere ez duela eserlekurik lortuko bertan. Horiek horrela, badirudi Gipuzkoa dela PPk azaroaren 29ko bozei begira mapan nabarmendutako lurraldeetako bat, eta aurreko larunbatean ekin zioten hauteskunde-kanpainaren barruko birari, Hernanin: larunbatean, alderdiko hainbat hautagai eta kide bertaratu ziren Ezkiaga pasealeku ingurura.

Eskuineko alderdiaren presentziaren aurka, baina, herritar ugari mobilizatu ziren goizetik. Ertzaintzak kordoi polizial baten bidez PPko kideak babestu zituen arren, euren kontrako erantzun herrikoi handiak galarazi egin zuen alderdiak ekitaldi politikoa normaltasunez egitea, eta alde egitea erabaki zuten. Jendeak jaurtitako arrautzen artean PPkoak kotxeetan sartzen ziren bitartean, "Alde hemendik, utzi bakean" bezalako oihuak entzun zitezkeen mobilizatutako jendearen partetik.

Hernanin gertatutakoa bere burua biktimizatzeko eta jarraipen mediatikoa handitzen saiatzeko baliatu du PPk, Alberto Nuñez Feijook berak hitza hartzeraino: "Geldialdia egingo dut Gipuzkoan", esan zuen agerraldi batean. Gainera, beste alderdi politiko batzuen artean ere aurkitu du babesa PPk, hala nola, Hernaniko bizilagunen larunbateko protesta gaitzetsi eta kriminalizatu dute bai EAJk bai EH Bilduk.

Oihana Etxebarrietak, EH Bilduk Gipuzkoatik Kongresurako aurkeztutako hautagaiak, hedabideen aurrean esan du bere alderdiak gaitzetsi egiten duela Hernaniko herritarrek PPri emandako erantzuna, eta ez dutela bat egiten "ekintza horiekin". Horrekin batera, nabarmendu du EH Bilduk larunbatean erakutsi zuela Bilboko kaleetan zein modutan "ulertzen" duen eta "gauzatu nahi" duen "borroka antifaxista"; modu "demokratikoan, baketsuan eta gehiengoak metatuz", alegia.

Lehendakari jeltzaleak, Imanol Pradalesek, Hernaniko gertakariak izan eta berehala argitaratu zuen bere gaitzespen-mezua sare sozialetan, pare bat ordura hain zuzen ere:

PPren Gipuzkoako hautagai Jon Etxeberriak sare sozial berean adierazi badu ere ez diola "ezeri eta inori beldurrik", badirudi, Hernaniko protesten ostean, hauteskunde-bira aldatu behar izan duela. Etxeberriak berak ostiralean argitaratu zuen egitarauak zioen larunbatean (azaroak 14) Hernanin, igandean (azaroak 15) Zumarragan eta astelehenean (azaroak 16) Beasainen egongo zela; hala ere, igandean, ez zuen Zumarragan egin behar omen zuen agerraldiko irudirik zabaldu.

Atzo, astelehenez, Etxeberriak argitu behar izan zuen bere kanpaina ez dela "bertan behera geratu", baina ematen du igandean ez zela publikoki iragarritako tokira joan, Donostiara, Zumaiara eta Getariara baizik. Atzo Beasainen egin behar omen zuen ekitaldiaren inguruko ezer ez du argitara eman momentuz.