Guardia Zibilak eta Foruzaingoak operazio polizial bati ekin diote lehen orduan Iruñerrian, eta gutxienez bost pertsona atxilotu dituzte. Antsoainen, Berriozarren eta Txantrean izan dira atxiloketak, eta azken informazioen arabera, poliziek behera bota dituzte hainbat etxetako ateak, atxiloketak gauzatzeko eta miaketak hasteko. Sumarioa "modu zorrotzean" dago sekretupean, hainbat komunikabideren arabera.
Oraingoz ez dago operazioaren arrazoiaren inguruko baieztapen ofizialik, baina zenbait informaziok iradoki dute atxiloketak lotuta egon daitezkeela uztailaren 19an Berriozarren izandako gertakariekin. Bi adingabe daude atxilotuen artean, eta aske utzi dituzte eguerdirako. Gainerako sei gazteek atxilo jarraitzen dute arratsaldeko lehen orduan.
Munduko Kopako finala jokatu zen joan den uztailaren 19an, eta, Berriozarren, Núcleo Nacional talde faxistaren kamiseta jantzita zeramala atera zen partida ikustera gizonezko bat. Horretaz ohartzean, faxistari aurre egin zioten hainbat pertsonak, eta badirudi gertakari horien harira izan dela gaurko operazio poliziala.
Atxilotuak aske utz ditzatela exijitzeko eta "faxismoaren normalizazioari ezetz" esateko, mobilizazioak egingo dituzte gaur arratsaldean, atxilotuen auzoetan. Antsoainen 18:00etan izango da protesta, Lapurbiden; Txantrean 19:00etan, Kaskalluetan, eta Berriozarren, berriz, 20:00etan elkarretaratuko dira, Euskal Herria plazan.
